Euskaraldiaren bizipenak herriz herri konpartitzeko dokumentala

Apirilaren 15ean estreinatu zen, Golem Baionan “Biziprest. Gehiago gara” dokumentala eta Nafarroan zabaltzen hasiko da orain, herriz-herri. Iñaki Alforja Sagonek zuzendu du, Euskaltzaleen Topaguneak ekoiztuta eta Nafarroako Gobernuak babesturik.

2020ko Euskaraldia berezia izan zen, zentzu askotan, Nafarroan. Elkarren arteko distantzian bizi behar izan genuen. Orduan kalean konpartitu ahal izan ez genituen sentimenduak biziarazten ditu dokumentalak Miren, Yasmine, Iñaki eta Iñigoren bizipenak haien ahotan kontatuz.

Adin eta motibazio ezberdinak dituzten pertsonak dira lau protagonistak eta bakoitzak bere ikuspegitik kontatu du nola bizi izan duten Euskaraldia, zein eragin izan duen beraien egunerokotasunean, zergatik parte hartzen duten… Lau esperientzia hauen haritik, argi ikusten da nola ariketa egiterakoan bakoitzak helburu desberdinak jartzen dizkiogun gure buruari eta, hortaz, zein ezberdina den bizi eta sentitzen duguna. Nahi eta behar ezberdinei erantzuten diela Euskaraldiak.

 

Hurbileko harremanetan ohiturak aldatzen

2020ko Euskaraldiak zerbait erakutsi bazigun, hauxe izan zen: pandemiak pandemia, Euskaraldia egin daitekeela eta, gainera, beharrezkoa dela egitea. Izan ere, hizkuntza ohiturak hurbilean aldatzeak garrantzia handia du eta horretarako oso eraginkorra da ariketa sozial hau.

Erronka handiak ditugu hurrengo urteotarako, baina Nafarroan euskara bizi dagoela eta euskaltzaleak erronka horietarako prest direla ere esan dezakegu: 2020ko Euskaraldian, Nafarroan, 19.646 norbanakok parte hartu zuten; 1962 arigune izan ziren, 122 herritan. Eta hau guztia posible egin zuten Nafarroan gogotsu aritu ziren 68 batzordeei esker.

Euskal Herri mailan 179.749 pertsonak eta 421 herrik parte hatu zuten ariketa sozialean; 25.448 arigune izan ziren eta 350 batzorde martxan.

2020ko Euskaraldiko datu zehatzak hemen.

 

Dokumentala herriz herri

Apirilaren 25ean estreinaturik, Nafarroan zabalduko da herriz-herri Iñaki Alforjak zuzendutako dokumentala. Interesa duen pertsona/erakunde orok izango du “Biziprest. Gehiago gara” dokumentala bere herrian eskaintzeko aukera. Hona gurekin kontaktuan jartzeko bidea: jzapata@topagunea.eus 656 70 26 51