Euskaraldia «gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko urtebete falta den egunean aurkeztu da 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa soziala. Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldian bigarren Euskaraldiak izango dituen ezaugarri nagusiak aurkeztu dira, izango diren berrikuntzak azpimarratuz. Hurrengo Euskaraldia gehiago, sakonago, zabalago eta anitzagoa izango dela azaldu da.

Hainbat gizarte eragile, erakunde publiko eta enpresatako ordezkarien aurrean egindako aurkezpenean 2018an Euskaraldiak izandako lorpenak azpimarratu dira: milaka lagun hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan aritu ziren, lankidetza eredu berriak martxan jarri ziren eta euskararen erabilera errazten duten arau sozial berriak ere gizarteratu ziren ariketa sozialean zehar. Bigarren edizioan ahobizi eta belarripresten ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dela azaldu da, horretarako era guztietako entitateen babesa sustatuko delarik. Horretarako Euskaraldian elementu berri bat sortu dela azaldu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

Donostian egindako aurkezpenean azaldu da gaurtik aurrera entitateek Euskaraldian inskribatu eta ariketarako martxan jarriko dituzten ariguneen berri eman dezaketela. Izen-emate honekin irekitzen da mota guztietako entitateek Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia.

Euskaraldia: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Rita Aldebaldetreku eta Edurne Otamendi

Ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkezteko baliatu da Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldia. “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango ditu. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea izango da helburua.

Irailean plazaratu zen Euskaraldiaren ikerketak azaleratu zuen moduan, abiapuntu ona izan zuen ariketa sozial berritzaile honek, Euskaraldiak emaitza onak eman baitzituen; hala ere, eragina handitzeko gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar dugula argi erakutsi zuen.

Garapen horri erantzunez Euskaraldiak egun gehiago izango ditu hurrengo edizioan: 15 egun izango ditu ariketak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek.

2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen aintzat eta edizio berriak, aurrekoez gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu. Banakako harreman pertsonaletan ezezik, talde eremuetan ere ariketa egiteko aukera izango dute 2020ko udazkenean herritarrek. Entitateetan Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, beraz: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko.

Edizio berriak, halaber, iazko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia. Hori horrela, ahobizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean.

Herri batzordeak martxan

Maddi Juanikorena, Eneritz Rekarte eta Maier Arrieta

Lehen Euskaraldian herri batzordeek garrantzi zentrala izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, herriz herri eraiki baitzen ekimena. Oraintsu hasi berri den edizio honetan ere herri batzordeek garrantzia bera izango dute. Irailean ireki zen herrietako batzordeek izena emateko epea, eta egunez egun gehiago dira antolatzen hasi eta izena eman duten herriak; martxa onean doa izen-ematea.

Garrantzia handiko da herriz herriko batzordeetan herritarrek parte hartzea, eta mota askotako taldeak eta pertsonak biltzea Euskaraldiaren antolakuntza lanetan.

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak azpimarratu duen modura, lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotzeko helburua du Topaguneak eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko da euskaltzaleen mugimendua.

Aurkezpen ekitaldia

Kike Amonarriz, Bingen Zupiria, Ana Ollo, Beñat Arrabit eta Aitor Abaroa

Hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute hitza gaurko ekitaldian. Eneko Goia Donostiako alkateak harrera egin die bertaratutakoei. Ondoren, Euskaraldiaren koordinazio mahai osatzen duten erakundeetako ordezkariek bigarren edizioaren helburu eta ezaugarri nagusiak aipatu dituzte. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Kike Amonarriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria,  Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Beñat Arrabit izan dira ordezkariak.

Ekitaldian Maier Arrieta, Maddi Juanikorena eta Eneritz Rekartek (Getxo, Donostia eta Berako herri batzordeetako ordezkariek) azaldu dute herriz-herri Euskaraldia nola antolatzen ari diren. Azkenik, Euskaraldiko koordinazio lanetan ari den Rita Aldabaldetreku eta Donostiako Euskara Patronatuko zuzendari Edurne Otamendik entitateekin ariguneak bultzatzeko egiten ari den lanaren berri eman dute.