Euskarak 365 egun herrietan mintegia Donostian urriaren 7an

Euskarak 365 egun mintegia Donostian egingo da urriaren 7an. Duela bi aste iragarritako mintegia Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola zentroan egingo da, Donostian. Euskaltzale elkarte, euskalgintzako eragile eta udal ordezkariei (ordezkari politiko eta teknikariei) luzatu zaie mintegian parte hartzeko gonbidapena. Izena emateko aukera zabalik dago.

Lasarte-Orian egindako Irten Armairutik ekimena (iturria: Txintxarri.eus)

Euskarak 365 egun ekimena aurreko urteetan antolatu izan bada ere, aurten proposamen berri bat aurkeztu da datozen urteetan lantzeko. Herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskaltzaleak aktibatzeko xedez sortutako dinamika maiatzean aurkeztu zen lehenengoz, Udaltop topaketan. Ekimena Euskaltzaleen Topaguneak aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakin batera eta bestelako eragileei parte hartzeko gonbitea egin.

Maiatzetik hainbat ekarpen jaso dira euskalgintzako eragileen aldetik. Guztien azterketa egin eta behin betiko proposamena aurkeztuko da urriaren 7ko mintegian. Era berean, partaideen kezkak argitu eta antzeko tipologiako herrien arteko elkarlana bideratzeko aukera izango da Donostian egingo den lansaioan. Herrietako kideak elkarrekin aritzeko gunea izango da, ekimena bideratzeko izan ditzaketen zalantzak eta beharrak elkarrekin konpartitu eta argitzeko; ez da, beraz, informazioa ematea soilik izango.

Mintegiaren egitaraua

Goizeko 9,00etan hasi eta eguerdiko 14,00etan amaituko den mintegia hiru bloketan banatuko da. Lehenengoan, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra antolatuko den aktibazio proiektuaren aurkezpena egingo da, ekarpenak jaso eta aztertu ondoren zehaztu den egitasmoa. Bigarren eta hirugarren ataletan berriz, lantaldeak antolatuko dira, herriz-herriko egitasmoak antolatzen hasteko. Tartean izango dira zenbait herritako esperientziak ere.

Ondokoa izango da urriaren 7ko egitaraua:

  • 09:00-09:30     Harrera
  • 09:30-10:30     Ongi etorria eta Euskarak 365 egun ekimenaren aurkezpena
  • 10:30-10:45     «Nola egin dute?» (Bagera elkartea)
  • 10:45-12:15     1. lan mintegia: herrietako talde dinamika
  • 12:15-12:45     Atsedena
  • 12:45-13:15     «Nola ari gara elkarlanean?» herri eta eskualdeetako esperientziak
  • 13:15-13:45     2. lan-mintegia: eskualdeetako talde dinamika
  • 13:45-14:00     Amaiera

Mintegian izena emateko aukera

Mintegian parte hartzea irekia izango da, hau da, interesa duen edozeinek parte hartu dezake. Hala ere, mintegiaren antolakuntza egokia izan dadin, aurrez izena ematea eskatu da antolakuntzatik. Horretarako, ondoko izen-emate fitxa bete beharko da. 

 

Mintegiaren edo egitasmoaren inguruan zalantzarik izanez gero, ondoko helbide elektronikora bidali daitezke galderak: 365@topagunea.eus.

Elkarlana da dinamikaren oinarria

Hainbat elkarlan motarako gune izan nahi du dinamikak: Euskalgintzako gizarte eragileen eta erakunde publikoen artean, tokian tokiko kolektiboen eta nazio mailakoen artean, eta euskalgintzako zein bestelako esparruetan ari diren euskaltzaleen artean. Horregatik, larunbatez izango da mintegia, borondatezkoak zein euskalgintzan lanean ari diren kideak batera aritu daitezen.