“Euskara aniztasunean jardunaldiaren” kronika

Urtarrilaren 25ean Durangoko Elkartegian antolaturiko jardunaldia erronka polita izan da Topaguneako kideontzat. Izan ere, hizkuntza anitzeko testuinguruan euskarak izan duen eta izan beharko lukeen tokiari buruz hausnarketa elkartrukatzeak garrantzi handia izan du guretzat.

Jardunaldian parte hartu duten 80 lagunentzat ere jorratu beharreko gaia dela argi geratu da. Euskaldunon Elkarteotako kide, euskara teknikari, immigrazio teknikari, erakundeetako kide eta unibertsitateetako adituek parte hartze aktiboa izan dute jardunaldian. Etorkizunean, elkar topatuko garelakoan gaude, dabilen harriari goroldiorik ez baitzaio irteten.

Jardunaldiaren egiturari dagokionez, inbutu forma izan du. Teoria orokorretik hasi, Euskal Herriko testuingurua aintzat hartu, esperientzia praktikoak ezagutu eta aurrera begirako hausnarketak plazaratu dira. Hona ba, eguneko kronika:

Jardunaldiei hasiera emateko, Jasone Mendizabal Topaguneako Zuzendariak bertaratuei ongi etorria eman die eta topaketok babestu duten erakundeetako ordezkarien hitzekin batera eman zaio irekiera jardunaldiari. Lurdes Auzmendik eta Miren Dobaranek (EJko HPSko Sailburuordeak eta BFAko Euskararen Sustapenerako Zuzendariak hurrenez hurren), eskerrak emateaz gain, gaiaren garrantzia azpimarratu dute besteak beste.

Lehenengo hitzaldia, Carme Junyent linguista katalanak eman du. Jakin min eta irrika handia zegoen entzuleen artean Carme entzuteko. Esan daiteke gainera, “Hizkuntza gutxituak aniztasun testuinguruetan” jardunaldia irekitzeko oinarrizko saioa eman badu ere, entzuleak asebete dituela. Bi ideia nabarmendu daitezke bere hitzalditik; biztanle guztiei hizkuntza gutxituak (euskara kasu) eskura jartzeko beharra bazterketa saihesteko, eta norbanako ororen hizkuntza eta kultura onartzeko beharra bestetik. Hitzaldi aberatsa eskaini du, teoria adibide praktikoekin lotuz eta giltzarri batzuk eskainiz.

Bigarren hitzaldiak Euskal Herriko testuingurura gerturatzeko balio izan digu. Julen Zabalo eta Iker Iraola EHUko irakasleek “1950-1980 aldiko migrazioa eta euskara” hitzaldia eman dute, berriki burutu duten ikerketa zabalago baten baitan. Migrazio mugimenduen gerturapen bat egin ondoren, kontuan hartu beharreko aldagaiak azaldu dituzte (nazionalismoan erdiratuz). Bukatzeko, garai hartan etorri eta abertzaleak ez diren pertsonen euskarekiko jarrerak azaldu dituzte. Ondorio argi bat plazaratu dute ikerketa horretatik: testuinguru soziopolitikoaren eraginaz gain, erabakigarria izan da harrerako herritar euskaldunek migratzaileekin euskara albo batera utzi izana eta euskarara hurbiltzeko presiorik egin ez izana.

Hirugarren hitzaldiak, “Bizilagun berriak eta euskara Gipuzkoan” goiburukoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Joxean Amundarain eta EMUNeko Idoia Illarramedik aurkeztu dute. Bertan, estatu espainiarretik kanpoko etorkinen hizkuntza integrazioaren inguruan Gipuzkoan egindako ikerketa aurkeztu dute. Bizitza historien baitako ikerketa honetatik, kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsuenak azaldu dizkigute.

Oinarri teoriko orokorra eta Euskal Herriko testuingurua kontuan hartu eta gero, alor honetako esperientziak aurkezteari ekin zaio. Lehenengo esperientzia, Hizkuntza Harrerarako Gidaliburu praktikoa izan da eta EMUNeko Olatz Irizarrek aurkeztu digu. Plataforma per la Llenguak sortutako gidaliburua Euskal Herriko testuingurura egokitu eta itzuli dute. Berau aurkeztu eta gero, dinamika praktiko bat proposatu eta bertaratu guztiak taldeka ipini eta eztabaida sustatu da.

Bigarren esperientzia, Topaguneak UEMArekin batera martxan jarri duen Auzoko Egitasmoa aurkeztea izan da. Horretarako, Topaguneako Mikel Ozaitak Auzokoren baitako aurrekariak, helburuak eta oinarriak azaldu ditu eta Arantxa Arrillagak berriz Orioko esperientzia zehatza. Euskara sustatzeko egitasmo hau 6 herritan jarri da martxan, proiektu pilotu moduan. Hizkuntza aniztasuna kontuan hartu eta euskaratik urrun bizi direnak euskarara hurbiltzea du helburu. Sentsibilizazio lana egiteaz gain, lagun taldeen dinamikak ditu ardatz auzokok. Auzoko lagun taldeetan auzokideak (euskaratik urrun bizi diren herritarrak) eta auzotarrak (euskaraz bizi direnak) asteroko edo hamabosteroko maiztasunez euskaraz jarduten dute modu ludikoan. Era berean, beste kulturen ezagutza ahalbidetzen dute topaleku hauek, parte hartzaile guztiek zer irakatsi baitute. Beraz, gaitzat izan dugun teoria praktikara nola ekarri erakutsi digu egitasmo honek.

Arratsaldeko tartea berriz, gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkei eusteko, mahai inguru interesgarria izan dugu. Goiburua, “Zer egin beharko litzateke euskaratik urrun bizi diren herritarrak (beren aniztasun osoa kontuan hartuz) euskarara hurbiltzeko?” izan da eta mahaiaren bueltan hizlari entzutetsuak bildu dira. Petra Elser BANAIZBAGARA elkartetik, Mario Zapata soziologoa eta Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkartekoa. Moderatzaile moduan, Xabier Aierdi EHUko immigrazioan aditua dena izan da.

Eskubide ezberdintasunek ezberdintasun sozialak eragiten dituztela adierazi da. Era berean, herritar guztiei euskara eskura jarri gabe ezberdintasuna bultzatzen dela ere adierazi da. Beraz, beste hizkuntzetako herritarrengana hurbildu eta beren hizkuntza onartzeaz gain, euskara eskaini behar dela aldarrikatu da. Desberdintasunen eragile gisa, hezkuntza sisteman ditugun 3 ereduak aipatu dira eta berdintasuna bultzatzeko eredu bakar bat eta euskalduna (D eredua) aldarrikatu da.

Kontzeptuen inguruan ere zalantzak agertu dira, integrazioa (zer da integratzea?) eta etorkin hitzarekin esaterako (Zer adierazi nahi da etorkin hitzarekin? Etorkinen seme alabak ez dira etorkinak).

Aurrera begira, tokiko egitasmoak sortu eta bultzatzearen beharra adierazteaz gain, eremu makroan (erakunde publikoek batik bat) ere oraindik asko dagoela egiteko aldarrikatu da.

Honenbestez, jardunaldiari amaiera eman zaio. Aurrera begira, gai honetan sakontzea beharrezkotzat jo da eta sortzen ari diren esperientziak partekatzea.

Jardunaldiaren inguruko artikulua Argian.