Lagun artean ospatu dugu Euskaltzaleen Topagunearen 25. urteurrena

Publikoki aurreko urteko ekainean aurkeztu zen arren, 1997ko otsailaren 1ean eratu zen legez Euskara Elkarteen Topagunea federazioa. Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko 29 elkartek eratu zuten federazioa. Mende laurdena beteta, 2022ko urriaren 7an ospatu dugu Euskaltzaleen Topagunearen 25. urteurrena berriz. Aspaldiko lagunak bildu eta federazioko kide, kolaboratzaile, lagun eta konplizeak batzeko aitzakia bikaina izan da Donostiako Aquariumean egin den ekitaldia. Euskara elkarteen mugimenduko kideez gain euskalgintza, erakunde, gizarte eragile, alderdi politiko eta eragile sindikaletako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Ekitaldi goxoa antolatu nahi izan dugu eta Topagunearen 25 urtetako historian erakundearen ordezkari izan diren lagunak, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako euskara elkarteetako ordezkariak, mugimenduko jardueratan boluntario zein parte hartzaile diren kideak eta gaur egun federazioaren ordezkari diren kideak izan dira ekitaldian hitza hartu dutenak. Guztiak Idoia Torregarairen gidaritzapean, berak aurkeztu baitu urteurreneko ekitaldia.

 

25 urtetako ibilbide oparoa

Momentu bereziak bizi dira ekitaldian, tartean Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari izandako Joxemari Muxika, Karmen Irizar, Elena Laka eta Mikel Irizarrek hitza hartu duteneko tartea. Urteotan guztiotan Zuzendaritza Batzordetik pasatako ia 90 kideen ordezkari modura agertu dira laurak eta izandako bizipenak kontatuz eta etorkizunerako mugimenduarentzat ipar izan daitezkeenak aletuz egin dute hitzartzea. Ekitaldian federazioko lehen lehendakari izan zen Fernando Muniozguren ere izan da gogoan eta Kike Amonarriz egungo presidenteak aurkeztuta Pili eta Ainhize, Fernandoren emazte eta alaba, agertu dira oholtzan.

Lehendakarien hitzartzearen aurretik, era berean, Euskaltzaleen Topagunea sortu zen garaian euskara elkarteetan ari ziren lau kidek bideo batean gogoratu dute duela 25 urteko giroa. Bagera elkarteko Marije Manterolak, Berbaro elkarteko Gorka Barruetabeñak, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko Imanol Larrañagak eta Karrikiri-ko sortzaile izandako Rosa Ramosek etorkizunera ere begiratu diote bideoan, euskara elkarteen mugimenduarentzako hurrengo urteotarako erronkak proposatuz.

Euskara elkarteak etorkizunera begira

Euskal Herriko lurralde ezberdinetan du presentzia egun Euskaltzaleen Topaguneak eta horren testigantza ere jaso dugu ekitaldian. Izan ere, azken urtean lortu du federazioak Ipar Euskal Herriko hainbat elkarterekin sarea osatzea eta jadanik Euskal Herri osoko kideak dituela azpimarratu da. Hendaiako Mintzaian, Gasteizko GEU, Iruñeko Txantrea auzoko Euskaldunon Biltoki, Arrasateko AED eta Bilboko Zenbat Gara euskara elkarteetako kideek beraien amets eta helburuen berri eman dute ekitaldian. Horrekin batera, euskara elkarteen jarduera ezberdinetan parte hartzen duten kide eta boluntarioen hitzak ere entzun ahal izan dira ekitaldian erakutsitako zenbait bideotan.

Paul Bilbao Euskalgitzaren Kontseiluko idazkari nagusiak ere hartu du hitza ekitaldian. Euskara elkarteen mugimenduak egiten duen ekarpena azpimarratuz eragiten jarraitzeko deia egin die herriz herri antolatutako euskaltzaleei.

Gizartean eragiteko mugimenduan eraldaketa

Euskararen biziberritze prozesuan beste fase batera pasa beharra dagoela azpimarratu dute gaur egun Euskaltzaleen Topagunean, hurrenez hurren, lehendakari eta zuzendari diren Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabalek. Erabileran jauzi bat ematea helburu modura jarrita, Euskaltzaleen Topagunea osatzen duen euskara elkarteen mugimenduak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela aipatu dute bi eledunek. Horretarako prestatzeko eta mugimenduak egin beharreko ekarpen nahiz eraldaketaz gogoeta egiteko 2023an Kongresua egingo duela iragartzeko baliatu dute eledun biek urteurren ekitaldia. Horrela, egindako ibilbidearen aitorpenak ekitaldian lekua izan duen arren, aurrera begira jarri da Topagunea urteurren ekitaldiarekin. Datorren urtean egingo den gogoetaren hainbat elementu aipatu dituzte hitza hartu duten ordezkariek, mugimenduaren oinarri izan diren ezaugarriak ahaztu gabe.

Ekitaldia Beñat Gaztelumendiren bertsoekin abiatu eta Andoni Oilokiegiren emanaldiarekin amaitu da, kantuz, giro onean eta lagun artean. Etorkizunera begira ospatutako urteurren ekitaldia, hurrengo urtean egingo den Kongresuan parte hartzeko gonbitea eginez amaitu da Aquariumeko hitzordua.

25. urteurrena