Europako hizkuntza-aniztasunaren Foroa Donostian

Donostiako Kursaal jauregian ospatuko da abenduaren 15 eta 16an Europako hizkuntza-aniztasunaren foroa, Donostia 2016 eta Unesco Etxeak elkarrekin antolatu duten jardunaldia. Honela diote antolatzaileek foroaren aurkezpenean:

hizk-aniz-foroaEuropan 24 hizkuntza ofizial daude, eta, horiez gain, Europar Batasunean 90 «eskualde-hizkuntza» edo «hizkuntza gutxitu» daude. UNESCOren datuen arabera, 30 hizkuntza inguru galtzeko arriskuan daude (Report on Endangered European languages and Linguistic Diversity in the European Union 2013), eta Europar Batasuneko 50 milioi pertsona inguruk, bertako biztanleen % 10ek, eskualdeko hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzte. Gaur egun, hizkuntza-komunitate eta pertsona horiek ez dituzte hizkuntza-eskubideak bermatuak.

Abenduaren 15 eta 16ko egitarauak hizkuntza gutxietuen garapenean eragiten duten faktoreak aztertzea eta hauei buruz eztabaidatzea izango du xede; horretarako hainbat erakunde, gizarte eragile eta aditu bilduko ditu. Goi mailako hizlariak bilduko ditu foroak, lau atal nagusitan banatu diren gaiak aztertzeko:

  • Batetik, abenduaren 17an aurkeztuko den Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren (Donostiako protokoloaren) gainean arituko dira protokoloa garatzen aritu diren hainbat eragile. PEN International, ECMI – Gutxiengo Aferetarako Europako Zentroa eta Galiziako AMESA Pola Normalización Lingüísticako ordezkariak izango dira atal honetan protagonista besteak beste, Kontseiluko eta Behatokiko arduradunekin batera.
  • Bestetik, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta eta Europako hizkuntza politika izango dira aztergai. Atal honetan Vesna Crnic-Grotic (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordearen presidentea) eta François Alfonsi (Europako Aliantza Askea – EFA alderdiren presidentea. Europarlamentario ohia) izango dira hizlari, besteak beste.
  • Hezkuntza eleaniztuna ere izango da aztergai beste ataletako batean.Hainbat unibertsitatetako adituren ekarpenak izango dira Joaquim Dolz eta Miquel Strubell-enak, besteak beste.
  • Azkenik, UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlas berria aurkeztuko dute, erakundeko arduradunek.

Suzanne Romaine Oxford unibertsitateko irakasleak hizkuntza-aniztasunaren gainean egingo du irekiera hitzaldia.

Egitarau osoa lotura hontan duzue ikusgai.

Izen-emate epea zabalik dago jadanik. Matrikula 55 eurokoa da, bi egunetako bazkariak barne.

Foroa Donostia 2016 eta Unesco Etxeak antolatu dute. Batzorde zientifikoan Euskaltzaindia, NPDL, Kontseilua, Euskal Herriko Unibertsitatea, Unesco Katedra eta Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek parte hartu dute.