Topagunea

Erabileraren arora jauzi egiteko lan ardatzak onartu ditu Euskaltzaleen Topaguneak bere III. Kongresuan.

  • Elkarteko bazkideez gain, hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkariak bildu dira Arrasateko Juan Arzamendi Musika Eskolako auditorioan egin duten Kongresuan.

  • Aho batez onartu dute bazkideek euskararen erabileran jauzi bat emateko Topaguneak martxan jarriko duen estrategia berria.

  • Aro berri baten hastapena iragarri du Topaguneak bere III.Kongresuan.

  • Aro berriak, euskaltzale mugimendu berritu baten bidez, hurrengo hamarkadan euskararen erabilpena handitzea du helburu.

Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, euskararen biziberritze prozesuak gizarte osoaren inplikazioa eta bultzada behar duela adierazi du Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneako zuzendariak:

“Gizarteko aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko”. Etorkizunean euskaraz erosotasunez bizitzea ahalbidetuko duen jauzia eman dadin, euskal hiztun komunitatearen iruditeria eguneratzea proposatzen du Topaguneak “Euskal hiztun komunitatea asko aldatu da azken urteotan, bada, askotariko hiztunentzat baliagarria izango den iruditeria eta diskurtso inklusiboak eta dinamikoak sustatuko ditugu Euskaltzaleen Topagunetik».

Euskal Herri osoko 100 elkartek osatzen dute Euskaltzaleen Topagunea. Lurralde osoan barreiatutako 70 euskara elkarte daude batetik, 15.000 bazkidetik gora biltzen dituztenak.

Bestetik, hainbat Kulturgune, Tokikom-en sarean integratutako toki komunikabideak eta aisialdian jarduten duen Kukulaisi elkartean bildutako taldeak, biltzen dira Euskaltzaleen Topagunean.

Egungo gizarteak planteatzean dituen erronkei aurre egin asmoz, 5 ardatzetan zentratutako estrategia berritzailea landu du Euskaltzaleen Topaguneak hurrengo urteetarako.

Euskaltzaleen Topaguneko elkarte bazkideekin eta hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkarien aurrean larunbat honetan Arrasaten egindako bere III. Kongresuan, aro berri bati ekitea ebatzi du Euskaltzaleen Topaguneak.

Aro berri horrek euskararen erabileran goranzko jauzi bat ematea du helburu eta hori lortzeko hurrengo hamarkadarako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzak proposatuko helburu eta estrategia berriak aho batez onartu dira Kongresuan.

Jarraian zerrendatzen dira lehenetsitako lan ardatzak:

  1. Mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta herritarrak ahalduntzea: nazio mailan zein tokian toki.
  2. Harreman sare sendoak izatea, askotariko eragile eta mugimenduekin.
  3. Euskal identitate askotariko ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi eta gizarteratu.
  4. Euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko, ekimenak plazaratu eta eragin.
  5. Erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko-instituzional berriak bultzatu.

 

 

 

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneako lehendakaria, pozik eta harro azaldu da Kongresuaren emaitzekin:

“Euskal hiztun komunitateak unean uneko desafio berriei aurre egin eta berritzeko sekulako indarra duela erakutsi du aldiro eta bide horretan sakondu nahi dugu hurrengo hamarraldian: egungo oinarri soziala sendotuz eta zabalduz eta euskalgintzan ez-ohikoak diren beste eragile batzuekin batera, biziberritze prozesuaren aldekotasuna gizartean indartuz. Garai aldapatsuak bizi ditu euskarak, ezinbestekoa da beraz, euskaltzaleon oinarri soziala gehiago zabaldu, aktibatu, ahaldundu eta saretzea”.

Salir de la versión móvil