Ekainaren 5ean etorri Hendaiara, probatu ez duenak ez daki zer den hau!

Euskaltzale asko biltzea espero da Hendaian,  Euskal Herri osoko mintzalagunen urteko hitzordua izaten baita.

Mintzapraktika zer den ezagutu nahi baduzu, euskaraz praktikatzeko aukera bila bazabiltza, zure herrian euskaraz gehiago egin dadin eraginnahi baduzu… hauxe da aukera bikaina!  Mintza Eguna Hendaian izango da, ekainaren 5ean.

Festa honen helburua beti izaten da txoko guztietako Mintzalagunak beraien artean elkartzea, kurtsoari amaiera borobila emanez eta harreman berriak  sortzea Euskal Herriko Mintzalagunen artean, beraien euskarazko harreman sarea handituz jarraitu dezaten.

Honez gero lotua dugu mingainak dantzan jartzeko moduko egitaraua: maiatzaren 10ean zehaztuko dugu egitarauaren gaineko informazioa eta salgai jarriko ditugu Mintza Egunerako  txartelak (bazkari eta autobusak). 

 

Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi dugu MintzaPoza praktikatzeko deia, aurtengoan bereziki badugulako zer ospatu:

Jadanik lortu dugu Mintzalagunon sarea Lapurdira ere zabaltzea, Mintzaian elkartearen eskutik. Hain zuzen beraiek ari dira Euskaltzaleen Topagunearekin batera Mintza Egunaren antolaketan. Horrez gain, Mintzanet edo Jalgi hadi munduraren eskutik sarean mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere izango ditugu gurekin Mintza Egunean, denok elkartzeko aukera eskainiz.