Durangoko Azokak finantziazio publiko handiagoa eta egonkorragoa eskatu du

Durangoko Azokako ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean

Durangoko Azokako ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean

Durangoko Azokak babes ekonomiko handiagoa eskatu die herri administrazioei Gasteizen, Legebiltzarrean. Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Kirol batzordearen aurrean agerraldia egin dute Azoka antolatzen duen taldeak: Gerediaga Elkartea, Berbaro Elkartea, Ahotsenea sortzaileen gunea, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, San Agustin kultur gunea, Azoka TB, Plateruena eta Kabi@k.

Iaz bezela, estu eta larri dabiltzala azpimarratu dute Azokaren antolatzaileek. Azoka egunetarako sei hilabete falta direla Gerediaga elkarteak oraindik ez daki zenbateko diru kopurua izango den Azoka antolatzeko. Aurtengo azokari begirako egoera jasangaitza da horrela.

Durangoko Azokak izaera estrategikoa du kultur eragileek: Euskal kulturaren plaza nagusia izateaz gain, sortzaileen eta kultur industriaren egituratzailea da eta euskal kulturgintzaren erreferente nagusiena Euskal Herrian eta Euskal Herriko mugetatik kanpo. Urtero 100 mila bisitari ditu Durangoko Azokak eta horrek eragin zuzena du gizartean, sozialki, kulturalki eta ekonomikoki.

Eragileek Azokaren izaera estrategikoa aldarrikatu dute eta ondorioz herri administrazioari neurriko babesa eskatu diote. Finantziazio handiagoa eta egonkorragoa. 2013an aurrekontuaren %43 izan zen laguntza publikoa. Gizartearen babesarekin estrategikoa dela erakutsi duen euskal kulturgintzako ekitaldi nagusienak behar du eta merezi du gehiago, Azokako antolatzaileen iritziz.

Konpromiso finkoa eskatu diete legebiltzarkideei aurtengo eta datozen urteko azokek finantziazio publiko handiagoa eta egonkorragoa izan dezaten.