Diskurtsoak aztergai izango dira Topaldian, urtarrilaren 25ean

Euskalgintzatik darabiltzagun diskurtsoak aztertuko dira Topaldia jardunaldian, euskaltzaleen mugimenduak urtero antolatzen duen gogoeta-saioan. 2018ko urtarrilaren 25ean egingo da Topaldia, Durangoko Landako Elkartegian, azken urteotan egin izan den modura.

Herritarrak euskaltzaletzeko diskurtsoek ardaztuko dute, esan bezala, Topaldiaren 15. edizioko edukia. «Diskurtsoak: nola euskaltzaletu herritarrak?» izenburupean, euskalgintzan erabiltzen ditugun diskurtsoak aztertu eta diskurtso berriak eraikitzeko oinarriak zeintzuk izango diren aztertu nahi da.

Izan ere, euskararen berreskurapen prozesuan, gero eta herritar gehiago euskaltzaletzea ezinbestekoa izango da etorkizunean. Horretarako, Euskalgintzatik bultzatzen diren ekimenez gain, plazaratzen ditugun diskurtsoak giltzarri izango dira. Jendartea aldatzen ari den gisara, zabaltzen ditugun mezuak ere eraldatu beharrean gaude, benetan eragin nahi badugu. Gai hori lantzeko, alor ezberdinetako maila handiko adituak eta arituak batuko dira edizio honetako Topaldian.

Aztergaia hiru ataletan banatu da; hasteko, soziolinguistikan eta komunikazio esparruan oinarri bat jarriko dute Belen Uranga eta Joxerra Gartziak. Bigarren atalean berriz, hiztun tipologien baitan zein diskurtso diren eraginkor plazaratuko dituzte Idurre Eskisabel, Jone Goirigolzarri eta Eneko Gorrik, teoria, bizipenak eta praktikak elkar gurutzatuz. Arratsaldeko atalean, Mugimendu Euskaltzaletik bultzaturiko ekimenak izango dira ardatz. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Donostiako Protokoloa, Euskaraldia eta Korrika maila diskurtsiboan aletuko dira, ekimen horietako koordinatzaileak elkarrizketan jarriko baititu Leire Palaciosek.

Topaldia, hausnarketarako gune

Euskaltzaleen Mugimendurako interesekoak diren gaien inguruan hausnarketa egiteko helburua du TOPALDIAk, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen jardunaldiak. Barne gogoeta eta elikadura tresna izateaz gain, bestelako eragile zein norbanakoekin elkartrukea bideratzeko espazioa ere eskaintzen du. Hamazazpi urteko ibilbidean, mugimenduko kideen elkargune, formazio eta gogoetarako ezinbesteko hitzordu bihurtu da Topaldia. 

Diskurtsoen gaiak izan du presentzia azken urteotako edizioetan ere. Iñaki Martinez de Lunak motibazioa ardatz izan zuten jardunaldian (2014) eta aktibazioari buruzko Topaldian (2016) diskurtsoen gaia aztertu zuen. Ez da berria gaia, beraz. Topalabe taldeak sortutako Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan euskararen biziberritzerako aztertutako zazpi lan-ildoen artean «diskurtso multzo koherente» baten beharra azpimarratzen zuen.

Euskarak 365 egun dinamikan ere, 2018rako proposatutako Euskaraldian, gai zentrala izango da mezu eta diskurtsoena. Horregatik, gaia lantzeko momentu egokia dela ikusi da Topagunean.

 

Izena ematea zabalik

Urtarrilaren 19rarte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik Topaldiaren izen-ematea (Topaldiaren webgunean egin daiteke).

Topaldiaren egitaraua.