Dena prest Mintza Egunerako

     Aurkezpena, Algortako Kultur EtxeanMintza Egunaren hirugarren ediziorako egun batzuk baino falta ez direla,  Getxon bertan egin dugu ekitaldiaren aurkezpen ofiziala. Bertan, honako lagun hauek hartu dute parte:

     Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kultura zinegotzia: Iturbek garrantzia handia eman dio Mintza Eguna Getxon ospatzeari. Azaldu duenez «azken urteotan aurrerapausu handiak egin ditugu euskararen ezagutzan, eta orain ekin beharreko erronka erabilerarena da. Halaxe islatzen du Getxoko Udalaren Euskara Biziberritzeko bigarren planak eta, ildo horretan, Mintza Eguna bezalako ekimenek gure laguntza dute orain, eta aurrerantzean ere izango dute».

     Jose Antonio Rodriguez Ranz, EUsko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko zuzendaria: Mintza egunaren «metodoa eta edukia» azpimarratu ditu. «Batetik, herri erakundeen eta euskalgintzako eragileen arteko elkarlana sustatzen da honelako ekimenen bidez, eta ez dago zalantzarik horixe dela jarraitu beharreko bidea. Bestetik, honelakoek laguntza handia ematen diete euskara ikastetik erabiltzera pasatu nahi dutenei, lotsa eta beldurra kentzeko aukera emanez. Euskalduna izateko ez da euskaltzain osoa izan behar, eta, hasieran akatsekin bada ere, garrantzitsua da hizkuntza ikasten dutenek komunikatzeko erabiltzea, hasieran kostata bada ere. Euskararik onena hitz egiten dena da, ez txoko batean gordeta uzten duguna, eta ekimen hauek horixe bultzatazen dute, euskara kalera ateratzea, bakoitzak ahal duen neurrian, azken finean, badakizue, honetan ere pixka bat es mucho…»

     Oskar Zapatak, Topagunearen mintzapraktika saileko arduradunak Mintza Egunaren eta mintzapraktika egitasmoen ibilbidea ekarri du gogora. Azpimarratu duenez, «gaur egun 48 gunetan daude mintzapraktika egitasmoak, eta 2.500 lagunetik gora haietan era aktiboan parte hartzen». Egitasmook hizkuntza paisaian duten eragina ere azpimarratu du Zapatak: «kontuan izan behar da taldeak leku publikoetan biltzen direla: kalean, plazan, tabernatan… eta horrek euskarari ikusgarritasuna ematen dio, presentzia».

     Azkenik, Rozio Luzesek, EGIZU taldeko kideak, eguneko egitarauaren berri eman eta bereziki eskertu du «jaia antolatzen lagundu duten guztien ekarpena». Era berean, azpimarratu du «inplikazio handia egon da Getxoko berbalagun guztien partetik, eta antolaketa lanek berbalagun taldea trinkotzeko ere balio izan du. Ilusio handiz prestatu dugu dena, eta ziur gaude jai handia izango dela zapatukoa».

     Informazio gehiago nahi? Eskuratu, bada, prentsa txostena!