Ez dakigu krisiaren bukaeraren kopla hori egia ala gezurra zen, baina azken asteotan mugimendu asko ikusten ari gara tokiko hedabideen munduan. Albiste pozgarriak denak ere. Topagunetik, bihotzez espero dugu denek ere ibilbide ezin oparoagoa izatea:
- Araban ARABAKO ALEA astekari berriari eman berri diote ongi etorria. Arabako euskarazko astekaria Gasteizko GEU Elkarteak, Goienak eta Berria taldeak sortu dute elkarlanean, Aiaraldea.eus-en laguntzaz.
- Goienak, bere aldetik, agur esan dio ordainpeko harpidedunek orain arte jasotzen zuten Asteleheneko Goienari, eta aurrerantzean PUNTUA astekaria jasoko dute, aldizkari formatukoa, aisialdiko gaietan zentratutakoa.
- Zumaiako BALEIKE hilabetekariak bere webgunea berritu eta TOKIKOM Plataformara igaro du, dagoeneko Uriola, Anboto, Goiena, Karkara eta Guaixek osatzen duten sarearekin bat eginez. Datozen asteotan halako gehiago ikusiko ditugu, Nafarroako mendialdean eta Iruñerrian.
- Bizkaian ere bada berririk: UK aldizkariak, UKberri agerkariak eta Justuri Irratiak bat egin eta HIRUKA.EUS sortu dute, Uribe-Kostako komunikazio egitasmo multimedia.
- 50.000 euro lortzeko kanpaina arrakastaz bukatuta, Xaloa Telebistak Iruñerrian emititzeari ekingo dio otsailaren 2an. Urtarrilaren 30ean aurkeztuko dute egitasmoa Berriozarren.
Mugimendurik ez da falta, bistan denez, toki komunikabideen alorrean, eta datozen asteotan ere ez da faltako. Adi bili, oso albiste onak espero baititugu Nafarroa eta Gipuzkoa aldetik!