Baztanen mediku eskualduna nahi dut

Mediku eta pediatra euskalduna eskatzeko kanpaina abiatu dute Baztango euskalgintzak eta udalak. Osasun zerbitzuak euskalduntzeko kanpaina otsaila bukatu arte luzatuko da.

baztan_kartelaKanpaina honen babesle eta sustatzaile izan dira UEMA, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Kontseilua, Behatokia, EHE eta Euskaltzaleen Topagunea. Azken hilabeteetan erakunde hauek osasungoa euskalduntzearen alde lantzen ari diren dinamikaren barruan kokatzen da kanpaina, beste eskualde eta herri batzuetan ere jarraipena izango duen kanpaina.

Dinamika honen bidez, herritarren parte hartzea eta inplikazioa bilatu nahi da, administrazioan eraginez euskarazko osasun zerbitzuak lortzeko. Etxez etxe banatuko diren eskuorriak baliatuz mediku eta pediatra euskaldunak eskatu ahalko dituzte baztandarrek. Herritarrek osasun etxera hurbildu beharko dute eskaera betetzera eta behin eskaera beteta, kopia orria  Iruritako kontsultategian eta Elizondoko Udaletxean egongo den kutxan utzi beharko dute.

Pixkanaka, osasun-etxeetan herritarren eskaerak pilatu nahi dituzte kanpainaren bultzatzaileek. Osasunbideak eskaera guztiak erantzun beharko ditu, eta horretan, bi aukera aurreikusten dituzte antolatzaileek. Eskatzaileari medikua aldatu eta euskarazko zerbitzu bermatzea edota, hainbat arrazoirengatik euskarazko zerbitzurik ezin dutela eman argudiatzea.

Eskaera egin eta gero euskarazko zerbitzua eskaintzen ez zaien kasuen jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute antolatzaileek. Osasun zerbitzuetako agintariei eta Arartekoari jakinaraziko dizkiete, beharrezko diren neurriak hartzeko eskatuz. Modu horretan hasitako bidea amaiera arte eramateko ahalegina egingo dute.

Kanpainako eskuorria: «mediku eskualduna nahi dut»

Baztanen mediku eskualduna nahi dut from Euskararen Kontseilua on Vimeo.