Auzoko jaia Soraluzen egingo da maiatzaren 5ean

Bosgarrenez antolatuko dugu Auzoko jaia, aurtengoa Soraluzen. Auzoko egitasmoa martxan dugun herri guztietako parte-hartzaileok urte osoan egindako lanaren erakusleiho gisara baliatzen dugu jaia, topaketarako eta elkar-ezagutzarako gune modura. Aurtengo hitzordua maiatzaren 5ean izango da, larunbatarekin, goizeko 11:00etan hasita.

Gaur egun hamar herritan dago martxan Auzoko egitasmoa, eta jatorri eta hizkuntza komunitate ezberdinetako ehunka lagun ari dira berauetan parte hartzen. Herriz herri Auzoko egitasmotako partaide guztiei egin zaie Soraluzeko hitzordura hurbiltzeko deia. Jaia, baina, herritar guztiei zabalik egongo da, urtero bezala eta, horretarako, adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu dugu. Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdintetako hizkuntza eta kulturak ezagutzeko aukera emango digu jaiak. 

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere lehenik ekitaldi txiki bat egingo dugu Plaza Barrixan. Ondoren, Auzokoko saioetan burutzen ditugun dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Haurrek ere izango dute beren txokoa, munduko jolas eta eskulan tailerrekin. Horrez gain, janaria probatzeko aukera egongo da eguerdi partean eta plaza dantza saio batekin emango diogu amaiera festari. 

Bosgarren edizioa

Auzoko jaiak bosgarren edizioa izango du aurtengoa. Orain arteko lau edizioak Gipuzkoako Debagoiena eskualdean egin ondoren, aurtengoan Debabarreneko herri batetara egin du salto.

Lehen jaia Bergaran egin zen 2014 urtean. Proposamen berria zen, urte batzuk martxan zeramatzaten Auzoko egitasmoetako partaideak biltzearena eta izan zuen harrera ikusita, urtero errepikatu izan da formula: partaideak bildu, pertsonen eta kulturen arteko elkar-ezagutza bultzatu eta aniztasuna ospatu, beti ere euskara kohesio hizkuntza modura erabiliz. 2015eko Auzoko jaia Eskoriatzan egin zen, hurrengoa Oñatin, eta azkenik, iazkoa Antzuolan. Ez da kasualitatea urtero inguru berdinean egin izana, Auzoko egitasmoa martxan duten herri gehienak eskualde hauetan kokatuta daude eta. Hortaz gain, Donostian eta Gasteizen ere martxan dira Auzoko taldeak. 

 

 

Auzoko egitasmoa

2008 urtean du Auzoko egitasmoak abiapuntua. UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak eta Euskaltzaleen Topaguneak konpartitzen zuten kezkari erantzunez, herri eta komunitate euskaldunetara heldutako etorri berrientzat hizkuntza harrera egiteko proposamena landu zen. Hurrengo urtean lau egitasmo piloto jarri ziren martxan eta gerora, hainbat herritara hedatu da egitasmoa. 

Gure herriko kultur eta hizkuntza aniztasuna ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko programa da Auzoko, partaideen arteko harremana euskaratik proposatzen duena, harreman aktibo eta horizontal baten bidez. Herritar guztiei parte hartzeko proposamena egiten zaie, batzuk auzotar modura (euskaraz aritzeko gaitasuna dutenak) eta besteak auzokide modura (euskarara hurbiltzen ari diren herritarrak).

Gaur egun 10 herritan dago martxan egitasmoa, eta guztira 70 auzotarrek eta 275 auzokidek parte hartzen dute 16 Auzoko taldeetan.

Partaideak eta egitasmoa bera ezagutzeko aukera bikaina izango du maiatzaren 5ean Soraluzera hurbiltzen den orok.