Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aukeratu dituzte Benito Ansola V. Sariko hiru finalistak

Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak Benito Ansola V. Sarietan finalista izango diren hiru lan aukeratu dituzte atzo ospatutako bileran. Epaimahaikide hauekin batera Johana Olabarria, Euskaltzaleen Topaguneko ikus-entzunezkoen arduraduna eta Aitor Gametxo Euskal Zine Bilerako koordinatzailea izan dira antolatzaileen ordezkari gisa.

Aukeratutako hiru proiektu hauek azaroaren 30ean Lekeition ospatzen den 42. Euskal Zinema Bileraren barruan defendatu behar dituzte. Ekitaldi horren itxieran irabazlearen eta lanaren izena jakinaraziko da, 3.000 euroko saria jasoz proiektua hamar hilabeteren barruan gauzatzeko helburuarekin.

Benito Ansola sariak profesionalizaziorako bidean dauden euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei laguntzeko eta euskarazko zinemagintzan harrobia sortzeko helburua du.

Aurkeztutako lanetan aniztasuna nagusi

Urte honetan proiektuen aniztasuna nabarmendu dute Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak, bai formatu aldetik eta bai gaiaren aldetik, ikus-entzunezkoek urrezko aro honetan bizi duten gorakadaren ondorio gisa.

Eskarmentu handiko bi emakume hauek adierazi duten moduan, aukeraketa saila izan arren oreka bat lortzen saiatu dira, lan profesionalen eta amateurren artean, hasiberriei aukera emanaz eta maila profesionalagoa duten lanak bultzatzeko asmoarekin. Horretaz gain, proiektuen sendotasuna eta bideragarritasuna ere aintzat izan dute. Beste irizpideetako bat genero berdintasuna izan da, gaian eta produkzioan aukera berdintasuna bermatzeko.

Antolatzaileek bi emakume hauek aukeratu dituzte epaimahaikide modura berain jakintza, esperientzia eta ikuspuntu anitzagatik. Amancay Gaztañagak antzerki lanetan mundu osoan biran ibili da eta aspaldian zuzendari lanak ere egin izan ditu. Lara Izagirre aldiz, Gariza Films ekoiztetxeko sortzailea eta zinemagileak, ikus-entzunezko lan asko daramatza lepoan, tartean Nazioarteko sariak jaso dituelarik

42. Euskal Zine Bileran ezagutuko da irabazlea

 Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Benito Ansola edizio berri honek hobekuntzak ekarri ditu aurreko edizioekin alderatuta.

Urte honetan Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aurre-aukeraketa bat egin dute jasotako lan guztien artean baina hiru lan hauen egileak azaroaren 30ean ospatzen den 42. Euskal Zine Bileran ezagutuko dituzte aurrez-aurre. Izan ere, goizean finalista bakoitzak 45 minutu izango ditu Amancay eta Lara-ren aurrean lanak aurkezteko bilera pribatu batean. Arratsaldean berriz, hamabost minutuko defentsa izango dute 42. Euskal Zine Bileraren barruan ospatzen den ekitaldiko publikoaren aurrean.

Aurkezpen guztien ostean, epaimahaikideek iragarriko dute zein izan den Benito Ansola V. Sariaren irabazlea, 3.000 euroko saria emanaz. Egileak hamar hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko eta Euskal Zine Bilerako hurrengo urteko edizioan estreinatuko da.