Irudienea: 2020ko Euskal Herriko ikus-entzunezkoen katalogoa ikusgai

 

Abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokaren baitan, Irudienearen webgunean, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen plazak, 2020ko ikus-entzunezkoen katalogoa egongo da eskuragarri, urte berezi honetan plazaratu diren film laburrak eta luzeak erakutsiz eta baita 2021ean argia ikusiko duten proiektuak aurkeztuz.

Ikus-entzunezkoentzat urte oso gogorra izan den arren, guztira 20 ikus-entzunezko batu ditugu katalogo honetan. Egoera oso latza den arren euskarazko ikus-entzunezkoen kalitatea ez da jaitsi eta horrek oso mezu positiboa ematen digu” azpimarratzen du Johana Olabarria, Irudieneako arduradunak. “Badakigu euskal sortzaileen esfortzua ikaragarri handia izan dela eta horregatik gure plaza bizirik mantentzen saiatu gara antolakuntzatik. Nolabait, Irudienea itsasargi baten modukoa izatea nahi dugu zuzendarientzat eta gure lana hauei oihartzuna ematea da eta ahalik eta jende gehiagora heltzeko. Gu bidaide bat baino ez gara ikus-entzunezkoen bizi ziklo horren barruan eta hala izaten jarraitu nahi dugu urte askotan”.

Irudienako webgunean aurki daitekeen katalogo honetako filmen artean Zinebi eta Donostiako Zinemaldian estreinatutako filmen trailerrak aurki ditzakegu besteak beste: “Hil Kanpaiak” (Imanol Rayo), “Maite” (Xabier Larrazabal), “Haizearen Egia” (Ekain Albite), “Harria Herria” (Janire Etxabe), eta “Urtzen” (Telmo Esnal).

Film hauetaz gain, beste zuzendari batzuen lanak ere ikusteko aukera izango dugu: “Anderearen sua” (Yolanda Mazkiaran), “Bi urte lau hilabete eta egun bat” (Lander Garro), “Bizimiña” (Migueltxo Molina, Pablo Iruburu eta Jon Maya), “Erlauntza” (Mireia Gabilondo), “Irten Barrura” (Ibon Goiko, Aitor Mendilibar), “Jantzari” (Jone Guenetxea – Carlos Iglesias), “Lanbroa” (Ana Serna, Paula Iglesias, Maialen Oleaga), “Lur eta Amets” (Imanol Zinkunegi, Joseba Ponce), “Non dago Mikel?” (Amaia Merino, Miguel Angel Llamas), “Profeta bat” (Xabier Larrazabal eta Hannot Mintegia) eta “Sisifo” (Markel Goikoetxea).

Datorren urtean estreinatuko diren filmen aurrerapenak ere ikus daitezke: Lara Izagirre zuzendariaren “Nora” filma, Berri Txarrak taldearen “Dardara”.

Streaming bidezko emanaldiak

Durangoko Azokaren 55. edizio honetan, haurrentzako film emanaldia eta katalogoan dauden 20 film labur eta luzeen trailerren emanaldiak streaming bidez emango dira Durangoko Azokaren webgunetik.

  • Abenduaren 5 eta 8an eguerdiko 14.30etan 2020ko Euskal Herriko ikus-entzunezkoen trailerrak jarriko dira. Hala ere, trailer hauek ikusgai egongo dira baita ere Irudieneako webgunean.
  • Abenduaren 6an, eguerdiko 14:30etan, Pirata Arratoia, haurrentzako filma eskainiko da.

Aurrez-aurreko solasaldi eta aurkezpenak Durangon

Trailerrak ikusteko aukera izateaz gain, proiektu hauetako zuzendari batzuekin solasaldi ezberdinak antolatuko dira Durangoko Landako gunean egun desberdinetan. Solasaldi eta aurkezpen honetara joateko online bidez eserlekua erreserbatu behar da aurretiaz.

  •  Abenduaren 6an arratsaldeko 19etan, aurtengo Kimuak programaren barruan aurkeztu diren euskarazko 3 film laburren aurkezpena eta hauen emanaldia egingo da.
    • Dar Dar (Paul Urkijo)
    • Quebrantos (Maria Elorza – Koldo Almandoz)
    • Ehiza (Hauazkena Taldea)
  • Abenduaren 8an, arratsaldeko 19etan, 2021ean emitituko den «Bidegurutzean» programaren aurkezpena egingo da. Euskal Herriko hainbat musikariren elkargune izatea du helburu nagusi formatu berritzaile batekin: kabina bat.

 

Info gehiago HEMEN