Galeseko sortzaile egonaldirako lanak aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatuko da

camera-514992_1920Donostia 2016rekin eta Europako bestelako hizkuntza komunitate txikiekin lantzen ari garen TOSTA proiektuaren barruan, sortzaile batentzako sei asteko egonaldia antolatu dugu Galesen. 2016ko martxoaren 14tik apirilaren 24ra bitartean izango da, eta aukeratutako sortzailea bertako hizkuntza komunitatean murgilduta egongo da.

Deialdia, irudia eta hitzarekin lotura duten arte diziplinetako sortzaileei zuzendua dago; hala nola, ikus-entzunezkoak (bideoa, animazioa, film laburrak eta abar), komikiak edo bestelako ikus arteak (ilustrazioa zein argazkigintza, esate baterako). Lana egiteko gaia Europako hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak izango da.

Proiektuak aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatuko da. Horretarako, deialdia irakurri, eranskina bete eta kultura@topagunea.org helbidera bidali behar da.

Deialdia eta eranskina: http://dss2016.eu/eu/diru-laguntzak/contra/96

Tosta proiektuak Europa Atlantikoko hainbat hizkuntza komunitate biltzen ditu. Egitasmoaren helburuak, Europako hizkuntza eta kultura txikien inguruan kontzientziatzea, eta artistak nazioartean lankidetzan aritu daitezen aukerak sortzea dira. Egiteko horretan, komunitate bakoitzak artista bat bidali eta beste bat hartuko du udaberrian. Eta uda garaian, herrialde bakoitzean bizpahiru eguneko jaialdiak izango dira.