Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzuen hizkuntza kalitatea neurtzeko ebaluazioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen hizkuntz kalitatea neurtzeko ebaluazio soziala abiatu du Aldundiak. Aldundiaren egoitza atarietan egiten ari diren inkestez gain, webgune bat prestatu da Gipuzkoako herritarren iritziak biltzeko.

Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak 2015 urterako euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartua du erakundeak, herritarren hizkuntz hautuaren berme gisa, eta, baita ere, zerbitzuen hizkuntz kudeaketaren kalitatearen adierazle moduan. Helburu horretara iristeko, berebiziko garrantzia dute, gizarte eragileen eta herritarren iritzien kontrasteak. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen kanpo ebaluazioak ahalbidetu nahi du herritarrek parte hartzea Aldundiaren hizkuntz politikan, erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuen hizkuntz kudeaketaren ebaluatzaile bilakatzea, parte hartze prozesu baten bitartez.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntz kudeaketaren ebaluazio soziala antolatzeko, 2014ko maiatzean zehar inkestak egiten ari zaizkie erabiltzaileei Aldundiaren egoitzen atarian. Gainera, ahalik eta herritar gehienengana iristeko, internet bidez ere eman daiteke iritzia, webgune honetan.

Laguntza eskertzearren, produktu kulturalak erosteko 50na euroko 3 bono zozkatuko dira parte hartzaile guztien artean. Udazkenean, gizarte eragileekin egingo da prozesu bera, talde fokalen bidez. Azkenik, ebaluazio sozialaren informazioa osatzeko, beste iturri batzuk ere baliatuko dira, hala nola Elebide eta Behatokia erakundeen txostenak, Aldundiaren Zilarrezko Bikain agiria, Aldundiaren kalitate sistema, baita hedabideetatik jasotako berriak ere.

Ahize hizkuntz aholkularitza zerbitzuak egiten ari da lan teknikoa.

Gipuzkoako herritar eta elkarteek, beraz, aukera duzue iritzia emateko.