Errepikatzeko modukoa!

Pasa den asteburuan, apirilaren 4tik 6ra, Euskal Herriko hainbat txokotako 20 mintzalagun elkartu ziren Etxalarren. Ostiral arratsaldean heldu eta igande bazkalosterarte, tertulian aritzeko zein hainbat ekintza egiteko astia izan dute Mokorreko Borda baserrian, eta esan digutenez, “izugarrizko esperientzia izan da, errepikatzeko modukoa!

Mintzalagunak Etxalarren

20 mintzalagun elkartu dira

Mintzalagunak Etxalarren

Inguru zoragarrian dago Mokorreko Borda

Bertako arduradunekin batera, Etxalarko baso eta erreka inguruetatik ibilaldiak egin dituzte (bide batez landareak ezagutuz), ogia egiten ikasi dute, elikadura orekatuari buruzko hitzaldia izan dute, lotsa kentzeko bio-dantza praktikatu dute… eta isildu gabe aritu dira tertulian!

Paraje zoragarrian dago Mokorreko Borda baserria, naturak inguraturik, eta eguraldi bikaina izan dute bertan gozatzeko. Besteak beste, Gasteiz, Hondarribia, Arrasate, Derio, Gorliz eta Lasarteko mintzalagun eta berbalagunak elkartu dira Etxalarren, eta aitortu digutenez, familia giroan egon dira.

Mintzalagunek bidalitako argazkiak hemen ikus daitezke.

 

UDAN MINTZALAGUNENTZAKO BI EGONALDI ANTOLATU DITUZTE

Etxalarrera joateko gogoa al daukazue? Esperientzia errepikatu nahi al duzue? Ez duzue udan zer egin erabaki? Mokorreko Borda baserriko lagunek mintzalagunentzako bi egonaldi antolatu dituzte! Hauek dira datak:

  • Uztailaren 25etik 31ra arte (280€)
  • Abuztuaren 1etik 10era (380€)

Mintzapraktika taldeetan ari diren edo euskaraz gozatu nahi duten lagunak bildu nahi dituzte Etxalarren, ekintza eta esperientzia berriz osatutako txandetan. Animatu, plan zoragarria izango da! Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi arrate@topagunea.org helbidera.