Eratu da euskal hedabideen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko mahaia

Herri Ekimeneko Euskal Hedabideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek gaur goizean eratu dute euskal hedabideen azterketaz arduratuko den mahaia. Hedabideek maiatzean aurkeztu zien sektoreak bere esparruaz egindako diagnostikoa eta orain bien arteko azterketa lanari ekin zaio. Hedabideen aldetik, Iban Arregi (Berria Taldea), Inazio Arregi (Tokikom), Maria Gil (Elhuyar) eta Xabier Letona (Argia) izan dira; Diputazioaren aldetik, Zigor Etxeburua euskara zuzendaria eta Haritz Salaberria diputatu nagusiaren kabinetekoa.

Diru-laguntzak eta hitzarmen politikak, euskarazko hedabideetara bideratutako publizitatea, euskal hedabideen elkartea eta hedabideen behatokia izan dira mintzagai nagusiak. Hedabideetako ordezkariek adierazi dute, beren lana eta proiektuak aurrera ateratzeko baliabide gehiago behar dituztela, eta nahiko luketela Diputazioaren aldetik diru-laguntza politiketatik hitzarmen politiketara iragateko egon daitezkeen aukerak aztertzea. Agintarien esanetan, Diputazioak badu sostengu ekonomikoa handitzeko borondatea, baina aitortzen dute aurrekontuaren aurreikuspenak estuak direla eta borondate hori gauza litekeen aurrerago ikusi behar dela.

Aurrera begira, udazken hasieran berriz biltzekotan geratu dira, gaur mahaian hitz egindakoen jarraipena egiteko. Ordurako, gainera, herri ekimeneko euskal hedabideen elkartea osatuta egongo dela adierazi dute hedabideetako ordezkariek eta horrek mintzakide lanak erraztuko dituela azpimarratu dute. Alde biek nabarmendu dute bilera honen garrantzia, argi adieraziz hau epe luzera egin beharreko elkarlanaren hasiera dela.