Eragiteko JANZTEN

Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta  guneak

Euskararen normalizazioa nahi dugun gasteiztarrok zenbait urte daramagu geure amets komunei buruz hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko elkartzen. Elkarketa horiek (in)formazio edota iritzi trukerako saioak izaten dira. Horrelako saioen segidari ziklo deitzen diogu, eta zikloari Eragiteko janzten.
Jakintza eta esperientzia handia dago gure artean, baina, zorionez, horrek ez du jakin mina apaldu, eta ziklo honen moduko aukerek ongi etorriak izaten segitzen dute.
Zikloaren hirugarren edizioak orain arte jorratu ez diren lau arretagune proposatzen ditu: helduen euskalduntzea eta motibazioak, haur eta gazteen aisialdia, guraso elkarteen eragina eta ingurune digitala. Helburua, ordea, aurreko edizioetako bera da: gasteiztar euskaltzaleon informaziorako, hausnarketarako eta elkar aberasteko uneak eta guneak eskaintzea..

Otsailaren 14an, asteartea, 18:30ean, Montehermoso kulturunean.

HELDUEN EUSKALDUNTZEA GASTEIZEN: motibazio iturrien bilakaera.

Gaiaren kokapena: Ruben Sanchez Bakaikoa.

Zerk bultzatzen du pertsona heldu bat asteko edo eguneko hainbat orduz euskara ikastera edo dakiena hobetzera? Berdinak al dira motibazio iturriak gaur egun eta duela 40 urte? Erantzun posibleak hainbat dira, eta bakar bat ere ezin orokortzat hartu. Izan ere, egitekotan, motibazio anitzez hitz egin behar da, baina antza denez, aldatuz joan dira urteak joan urteak etorri. Motibazio afektibo eta pragmatikoez hitz egiten da, baina, zer da horietako bakoitza? zer dakarte, berez? Uztargarriak al dira? Hitz egin dezagun honetaz ere. Parteka ditzagun ikuspegiak eta esperientziak.

Otsailaren 28an, asteartea, 18:30ean, Montehermoso kulturunean.

HAUR ETA GAZTEEN AISIALDI EUSKALDUNA: nola eraiki?

Urkabustaizko Lan eta jolas elkartea, Gasteizko Euskharan elkartea, Alaiki zerbitzu soziokulturalak eta Kukulaisi federazioa. Bideratzailea: GEU elkartea

Eskolak bakarrik ezin du, eta familia askok mugak dauzkate. Askok, gero eta gehiagok, barneratu dugun errealitatea da hori, nahiz eta, oraindik  ez den uste guztiz orokortua. Baina, zer beste behar dute haur eta gazteek euskara hobeto ikasteaz gain, erabilerarako jauzia emateko? Sozializazioa omen da gakoetako bat, eta hori eraginkorra izango bada, eremu askean eta jarduera gustagarrien inguruan gertatu behar da, bizipen positiboak izan behar dituzte euskaraz. Haur eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza ugaria da Gasteizen,  askotan ordainpekoa eta gutxitan euskarazkoa, nahiz eta hartzaile gehienak euskaldunak izan. Zer eragile eta ikuspegi mota dago eskaintza bakoitzaren atzean? Zer helburu, balore eta antolakuntza darabilte? Zer urrats eman daiteke aisialdi, besteak beste, euskaldunerantz?

Urkabustaizeko LAN ETA JOLAS, Gasteizko EUSKHARAN elkarteak, ALAIKI zerbitzu soziokulturalak eta KUKULAISI federazioko kideekin partekatuko ditugu galderak eta erantzunak GEU elkarteko kideek dinamizatutako saioan

 

Martxoaren 14an, asteartea, 18:30ean, Montehermoso kulturunean.

GURASO ELKARTEAK: auzoak euskaraz saretzen

Auzoetako euskaltzaleak, sarri, ikastetxeetako Guraso Elkarteetan ezagutzen dute elkar, eta bertatik eragin nahi izaten dute auzo euskaldunagoak lortu ahal izateko.
Zer nolako taldeak topatzen dituzte? Zeintzuk izaten dira ekimenak? Nola antolatzen dira?

Bestalde, auzoan izaten dira antzeko helburuen inguruan ari diren bestelako elkarte, talde edo erakundeak. Zer harreman izaten dute haien artean? Sortzen al dira lankidetzarako aukerak? Zer ematen die elkarlanean jarduteak?

Saio honetan Gasteizen aurrera eramandako zenbait esperientzia eredugarri ezagutuko ditugu.

 

Martxoaren 28an, asteartea, 18:30ean, Montehermoso kulturunean.

EUSKARA EREMU DIGITALEAN: erabilera eta tendentziak

Josu Amezaga, Joxe Rojas eta Aritz Martinez de Luna.

Azken urteotan ohiko eszenatoki bilakatu zaigu ingurune digitala. Euskarri, plataforma, kanal eta teknologia berri guzti horiek dagoeneko ez dira horren berri eta gure artean duten tokia egunez-egun zabalagoa da gainera. Zein da gurpil zoro horren eragina?

Lan-eremu, informazio iturri eta aisialdi gune berrien kokalekua izanik, halabeharrez, gizartean eta norbanakoen kontsumo ohituretan eragina dute eta, euskarari dagokionez, lehiarako fronte berri bat du parez-pare euskalgintzak.

Nola erabiltzen ditugu teknologia hauek? Zein da gure hizkuntzaren presentzia sarean? eta non pairatzen ditugu gabeziak? Posible izango du euskalgintzak komunitate propioak eraikitzea eta, teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, merkatuko munstroen jarraibideetatik ihes egitea?”

 

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    20 − 10 =