KONTZERTUA

EÑAUT ELORRIETA

“Irteera berriak bilatzera kondenatuta gaude”

Leire Palacios kazetariak Eñaut Elorrieta elkarrizketatu du La Encartada Fabrika-Museoko makinak lekuko zituztelarik. Elkarrizketa honetan musikariak urte honetako bilakaera eta lanak azaltzeaz gain, etorkizunaren pintzelada batzuk ere eman dizkigu.

 

LA ENCARTADA FABRIKA MUSEOA

BALMASEDA

 La Encartada SA fabrika 1892an sortu zen Balmasedatik hurbil eta 100 urtez egon zen martxan. Kapital soziala 5 indianok –Mexikon aberastu ziren bizkaitar emigranteak– jarri zuten; haietako 3 Balmasedakoak ziren. Fabrikan, artilea lantzen zen eta hainbat artikulu egiten ziren, besteak beste txapelak –produktu nagusia–, mantak eta oihalak, eskularruak, bufandak, biserak, buru-berokiak eta, nola ez, matazak eta harilak.

2007tik, La Encartada Fabrika Museoa industria-museo bat da. Eraikinek, makinek eta langile-koloniak garai haien adierazle nabarmena dira, eta bisitak penintsulako iraultza industrialaren hasierako garaietara eramaten gaitu. La Encartadaren balio nagusietako bat da bere makina-bilduma paregabea; ingelesak dira gehienak, XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak.

Balmaseda, Bizkaiko lehen hiribildua

Erdi Aroko eta trenbideetako oroitzapenekin, Balmasedak kultura-ondare zabala eta askotarikoa du. Bizkaiko mendebaldeko Enkarterri eskualdean kokatuta, erromesen eta merkatarien joan-etorriaren lekuko izan zen mendeetan zehar. Horregatik Balmaseda Bizkaiko lehen hiribildua izendatu zuten 1.199an.  Kultura ezberdinen topagune izan zen, gaur egun herriak ospatzen dituen tradizio eta jai ugarietan islatzen dena.

Balmaseda, batez ere, ondare kultural zabal eta aberatsagatik nabarmentzen da. Bi eliza eder, San Severino, XV. mendean eraikia, eta San Joan, Kadaguako ezkerraldean dagoen tenplu gotikoa, bisitariaren arreta erakarriko dute. Merezi du, halaber, Santa Klara komentu bitxia eta Urrutia eta Horcasitas jauregiak bisitatzea, baita Zubi Zaharra edo Muza ere, bere dorretxoarekin. Erdi Aroko eraikuntza hau benetako aduana bat izan zen, non portalea ordaintzen zen salgaiak eta pertsonak igarotzeagatik.

*Argazkien egilea  Miguel Cortes.