Select Page

FOLK MUSIKA EUSKAL HERRIAN

Musika tradizionalak egundoko arrakasta izan du betidanik Euskal Herrian. 60ko hamarkadaren hasieran Mixel Labéguerie lapurtarrak hasitako bideari Lurdes Iriondo, Mikel Laboa edo Benito Lertxundi bezalako kantautoreak batu zitzaizkion eta, 1965ean, EZ DOK AMAIRU kolektiboa sortu zenerako, Euskal Kantagintza berria izeneko mugimendua pizten ari zen jada. Loraldi kultural horrek sekulako eragina izan zuen euskal musikagintzan. Xabier Lete, Pantxoa eta Pello, Gontzal Mendibil, Imanol eta beste hainbat eta hainbat kantautorekin batera, OSKORRI, IZUKAITZ, HAIZEA edo ENBOR folk taldeak sortu ziren 70ko hamarkadan. Ondoren etorriko ziren GANBARA, AZALA, ALBOKA, HIRU TRUKU, KEPA JUNKERA, ZALDIBOBO edo aurtengo Udagoieneko Ostera kontzertu-zikloaren parte-hartzaileak: KORRONTZI. Iturri horietatik edandakoak dira gerora ernatu diren talde asko: OrekaTx, Bizardunak, Esne Beltza, McOnak, Amak edota Kalakan.

EZ DOK AMAIRU

OSKORRI

KORRONTZI

KORRONTZI ETA KALAKAN

KORRONTZI 

Korrontzi taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen 2004an, Mungian. Harrez gero, arrakastaz betetako bidea egin du taldeak. Orotara, 11 diska kaleratu ditu Korrontzik eta mundu osoko kritikarien onespen jasotzeaz gain, hainbat sari ere irabazi ditu Europa osoko jaialditan. Besteak beste, Etxepare musika saria jaso zuen Korrontzik 2021ean.

KALAKAN

KALAKAN Ipar Euskal Herriko musika taldea da. Vincent Etchegarai, Xan Errotabehere eta Jean mitxel Bereau hirukoteak osatzen dute taldea eta kantu tradizionalean oinarritakoa da beraien musika. 2009an sortu zen taldea Baxe Nafarroan eta 2010ean grabatu zuten beraien lehen diska. Ordutik, 7 lan kaleratu dituzte dagoeneko. KALAKAN-ek sekulako harrera izan du urte guztiotan Euskal Herri osoan eta gaur egungo talde ezagun eta arrakastatsuenetakoa da.