Select Page

Prestakuntza

30 urte mihigintzan

Euskara elkarteek beren ibilbidean egin duten ekarpena aztertu du Txerra Rodriguez derioztarrak bere doktoretza tesian. 2021eko ekainaren 3an, bi saiotan (goizean eta arratsaldean) aurkeztu ditu tesian landutakoak. Euskara elkarteen ibilbideaz hausnartzeko parada izan dugu formazio saio hauetan parte hartu dugun ia 60 lagunek. 

30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017” liburuan (UEU, 2020) argitaratu du Txerrak tesia. Dokumentazio lan handia egin du egileak eta euskara elkarteetako hainbat kiderekin izandako elkarrizketak baliatu ditu ondorioak ateratzeko. Gutxi ikertu da orain arte gure mugimenduari buruz eta oso lan interesgarria da esku artean duguna eta formazio saioan egileak berak aurkeztu diguna. 

Martxoan eskaini zigun Txerrak egindako tesiaren gaineko elkarrizketa sakona

30 urteko ibilbidea egin dute euskara elkarte askok eta hori guztia aztertzeko parada hartu nuen doktore-tesirako. Oso gutxi ikertu da euskara elkarteen fenomenoa, eta are gutxiago osotasun eta orokortasunean. Jaso ditut elkarteek egindakoak, elkarteen inguruko historia zirriborratu, euren funts teoriko eta praktikoak azalerazi. Eta, jakina, hori guztia ondorioekin borobildu dut. Horretaz, hitz egingo dut ekainaren 3ko saioetan, baina ez horretaz bakarrik. Tesian bertan elkarteek aurrera begira landu beharko lituzketen proposamen apal batzuk jaso nituen eta horietan zentratuko naiz, batez ere. Proposamen horiek hiru atal nagusitan banatu nituen (norberari dagozkionak, taldeari dagozkionak eta proiektuari dagozkionak) eta horiek zuekin batera aletu nahi nituzke. Baina, kasu, zuen parte hartzea ere nahiko nuke, zuek ere baduzuelako zuenetik zer esana eta zer eztabaidatua nik esandako horien gainean.

Txerra Rodriguez

Txerra Rodriguez

Txerra Rodriguez (Derio, 1977) ez da hasiberria euskara elkarteen mugimenduan. Herriko Tximintx elkartearen sorrerarekin murgildu zen euskaltzaleen mugimenduan eta geroztik bide oparoa egin du euskalgintzan militante modura, profesionalki eta soziolinguistika arloko dibulgatzaile modura ere. Euskaltzaleen Topagunean teknikari aritu zen eta azken urteotan Emun aholkularitzan dihardu euskara teknikari lanetan, besteak beste. 

Soziolinguistika arloan ikerketan aritzeaz gain dibulgazioan ere lan ugari egin du. Garaigoikoa blogean zabaltzen ditu soziolinguistikari buruzko bere hausnarketak eta horietako asko Sutondoko kontuak liburuan jaso zituen. Gainera zenbait itzulpen lan ere egin ditu. Galiziako hizkuntza aktibistekin harremana du Txerrak eta Sechu Senderen Made in Galiza liburua euskarara ekarri zuen.