Select Page

Zubideiak: Hitz egin dezagun euskaraz, aniztasunaz eta bizikidetzaz

Maiatzaren 7an Zubideiak gune irekia antolatzen ari gara hainbat gizarte eragileren artean. Euskara ezberdin bizi, erabili eta sentitzen dutenen arteko ariketa dela aipatzen da egitasmoaren aurkezpenean. Horixe da helburua: euskaraz bizi garenon eta euskara urrunago bizi dutenen arteko elkarrizketa bultzatzea.

Euskaraz bizi nahi dugu. Ez dago zalantzarik, ezta? Jende askok egin dugu hautu hori, eta gure jarrerekin, gure bizitzeko moduarekin eta ahalik eta koherentzia handienarekin jokatuz, euskaraz bizitzeko gure ahalegina egiten dugu.

Euskaraz biziko den gizartea nahi dugu eta gizarteak baldintzak eskaini behar dizkigu euskaraz bizi ahal izateko. Epeak ez dakizkigu oso argi, baina epe laburrean nahi genukeela ere argi dugu. Guk, dugu, gure. Euskaldunok, euskaltzaleok, euskalgintzak.

Sarri ibiltzen gara, euskaltzaleon artean, nahi dugun gizartearen bueltako matizetaz eztabaidan. Baina gure artean. Bakarrizketan edo, gutxienez, oso hurbilekoen arteko elkarrizketa txikian.

Eta ingurukoek zer diote? Zer nolako gizartearekin amesten dute gure herrikideek? Zer iritzi dutezubideiak LOGO euskararekiko eta euskaltzaleok ditugun helburuekiko? Nola bizi dute euskararekiko harremana? Ez dugu aukera askorik izaten horrelakoen gainean aritzeko.

Egin kontu, ikerketek diotenez ehun hizkuntzatik gora hitz egiten dira egun Euskal Herrian. Daukagun hizkuntza eta kultura aniztasun horrek euskararentzako erronka eta aukera berrituak dakartza. Horren jakitun gara euskalgintzan, azken urteotan ez baitira gutxi izan aniztasunaren inguruan sortutako egitasmoak. Aniztasuna ardatz, bizikidetza lantzea helburu.

Horregatik nahi dugu Zubideiak Gune irekian euskaraz, aniztasunaz eta bizikidetzaz aritzea. Eta bertan batu nahi ditugu euskaltzaleak; euskaraz jakin arren erdaratan bizi diren lagunak; euskara urrunetik bizi duten herritarrak; gure artean bizi diren etorri berri eta etorkinak. Euskara, aniztasuna eta bizikidetzaren inguruan zer esana, kezka eta partekatzeko gogoetak dituen edozein pertsona izango da ongi etorria.

Elkarrizketa aberatsa nahi dugu, ezberdinen arteko gogoeta berdintasunean, berdinen arteko eztabaida ezberdintasunean. Elkarri entzun; gure iritziak jaso ohi ez dituzten lagunei gure arrazoiak, ezinak eta ametsak azaldu.

zubideiak.kartela.sare

Gune irekia antolaketatik bertatik izaten ari da gizarte-ariketa interesgarria. Bertan bildu gara normalean elkarrekin batzen ez garen eragile ezberdinak: euskalgintzako eragileak, unibertsitatea, erakunde publikoak, etorkinen elkarteak, enpresak, gizarte mugimenduak, gazte kolektiboak, fundazioak eta beste. Aniztasun handia helburu baten bueltan

Zubideiak. Zubiak, bideak eta ideiak. Gizarte honetan elkarren arteko zubiak sendotzeko; hizkuntza eta hiztunen arteko bideak gehitzeko; euskaraz bizitzeko ideiak denon artean lantzeko.

Ez duzula oraindik izena eman? Hementxe duzu aukera!

Gogoratu, maiatzaren 7an, larunbata, Leioan, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen unibertsitate eskolan, egun osoz. Bertan ikusiko dugu elkar.

(Info 7 irratiko Gureaz Blai saiorako Iker Martinez de Lagosek prestatutako testua)