
Atal honetan, aisialdi hezitzaile, euskaldun eta berritzailearen garatzeko sotu dugun proiektuen berri izango duzue. Eskuragarri daude material guztiak, nork bere ingurunean erabiltzeko aukera izan dezan. Horrez gain, proiektuen dinamizazio, aholkularitza zein koordinaziorako zerbitzua ere badugu.
Hemen dituzue sortutako proiektuak:

DEUSTUN ETA SAN INAZION KIROLA ETA EUSKARA UZTARTZEKO PILOTAJEA.
Deustun eta San Inazion kirola eta euskara uztartzen dituen proiektua aurkeztu du Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak Kirol(h)ariak lan-lerroaren baitan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestutako proiektu pilotu berritzailea da, eta eskola kirolean eta kirol klubetan jarriko da martxan.
Helburu nagusia, euskarazko ahozkotasuna modu ludiko eta natural batean lantzea da. Horretarako, 4 ikastetxe publikorekin eta 5 kirol klubekin egingo da lan.

GAZTEEKIN AISIALDIA LANTZEKO PROZESU PARTE-HARTZAILEA
Herrietako gazteen euskarazko aisialdia garatzeko eta hobetzeko parte-hartze prozesu bat da Ahozgora. Izan ere, egun, gero eta egituratuago dagoen aisialdi eredu bat dugu: ikastaroak, kirol-talde federatuak, eskolaz kanpoko ekintza gidatuak… aisialdia zukutzen dugu, eta hamaika aukera daude aisialdiaz gozatzeko. Alabaina, haur eta gazteen kasuan, maiz, nork erabakitzen du nolakoa izango den eskaintza hori? Nork daki zer den benetan gazteek eskatzen dutena?
Gazteen gozamena erdigunean jarri nahi badugu, gazteak erabakitzeko ahalmena duten subjektu aktibo bezala onartu behar ditugu. Gainera, haiek aintzat hartzeak eta beren bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko ahalmena emateak hamaika onura dakartza: autonomia garatzea, parte-hartzen ikastea, autoestimua hobetzea, etab.
· Aisialdia eta hizkuntza biziberritzeko prozesuak ·
Kukulaisin argi dugu euskalduntze prozesuan aisialdia gakoa dela; hiztunak hizkuntza esperientzia positiboekin, momentu gozagarriekin eta emozio positiboekin lotu behar dute gero erabil dezaten. Filosofia horrekin, HIBIL kurtsoan hartu genuen parte iaz. Hizkuntza Biziberritzeko kurtsoa da HIBIL, Aretxabaletako Garabide Elkarteak munduan zehar beraien hizkuntza biziberritzeko ahaleginetan dauden komunitateei eskaintzen diena.
2021eko abenduan online formazioa eman genien Hego Ameriketako haien ikasleei, eta aisialdiak hizkuntza biziberritzeko estrategiekin duen harremana, haren erabilgarritasuna eta ikuspegi hezitzailea txertatu genituen gure formazioan.
KUKULAISI
Euskal Herrian haur eta gazteen aisialdian diharduten elkarteak bateratzen ditu.
