Select Page

Zarata vs. musika: bide eman euskarari!

Zarata, batzuetan arrabotsa. Gezurrak. Mespretxuak. Probokazioak. Tresnak, horiek, baina helburua, bakarra eta argia: euskararen berreskuratzea oztopatu, lehen bezelaxe, baita orain ere. Geldiezina dena, geldiarazi. Erregimenaren indarrek lehendik ere diskurtso hori bera erabili izan dute, baina Gobernua utzi behar izan zutenetik, nabarmenagoa izan da jokamoldea: euskara = gatazka, inposaketa, segregazioa. Gorrota ditzagun, eta horrela, irabaziko dugu! Elkarbizitza eta desberdinen arteko errespetuaren alde ari direnentzat, eredu kaxkarra da hori!

nafarroa_ek4_manifaZarata horren aurrean gorrarena egitea ez da nahiko. Zarata horri, musikaren bidez egin behar diogu aurre. Musika, aldarrikapena eta bizipoza, horiek bait dira gure tresnak. Modu horretara, isilaraziko ez baditugu ere, zarata hori estali behintzat estaliko dugu. Eta gozatu egingo dugu, gure txaranga, batukada, fanfarre eta abarrekin. Euskaldun izateaz harro gaudela aldarrikatu ez ezik, ospatu ere ospatuko dugu. Esan diezaiegun argi: euskara jakitea balio erantsia da edonorentzat, eta euskara bera aberastasuna da Nafarroako gizarte osoarentzat, bai hizkuntza mailan, baina baita kultura, gizarte eta ekonomia mailan ere. Are gehiago: aniztasuna, errespetu, heldutasun eta askatasun adierazle ere bada.

Sexualitate, jatorri, edo bestelako nortasunetik haratago, pertsonen eta herrien arteko berdintasunaren alde dihardutenengandik gertuago sentiarazi gaitu euskaltzale bezela bizitzeko egin behar izaten dugun eginahalak. Norberak berean, baina batzuk zein besteok, guztiok dakigu eskubide eta aukera berdintasunak gorrotatzen dituzten horiek zer nolako tresnak erabiltzen dituzten euren helburua lortzeko. Handia txikia baino gehiago ez dela ikasi dugu. Landareen eta pertsonen antzera, hizkuntzek ere ingurune aproposa behar dutela bizirauteko. Eta mundo osoan, euskararen ingurune naturala, hemen bertan baino ez dago. Helburu bakarra izan dezake euskarari ongarri hori ukatu nahi dionak: euskara bera desagerarazi.

 

Lorea Agirrek esana da: euskaltzale naiz, feminista naizelako, eta feminista naiz, euskaltzale naizelako. Eta ederki aski ulertzen dugu hori guk. Horregatik uste dugu berdintasunaren alde eta giza eskubideen alde borrokan ari den orok gure herrian euskaraz bizitzeko eskubidearen alde ere borrokatu beharko lukeela. Mugen gainetik borrokatu, muga horiek gainditu eta apurtuz. Kontrakoa ulertuko duenik ez da.

Nafarroako Gobernuan eta hauxe osatzen duten alderdien artean euskaltzale gehiago dagoen honetan, manifa?

Gobernu honek, eta berau osatzen duten alderdiek, euskararen garapenerako mesedegarri izango diren neurriak hartu dituzte, bai, baina baita kontrakoak ere. Txalogarriak dira aldekoak, noski, baina kontrakoak salatzeko modukoak ere badira.

Euskarari dagokionean, ez dira nafar guztion eskubide eta aukerak berdinak izango direla bermatuko duen lege esparru bat adosteko gai izan. Zehazteke dago berdintasun horretarako bidean zein urrats emango dituzten, eta batez ere, aldaketa horren kontra zein alderdi agertu ziren.

Euskalgintzan eta euskarazko komunikabideen esparruan ari garenontzat oso kaltegarriak diren erabakiak hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Haserre eta minduta gaude horrekin. Orain arte ez bezela, gobernu berriak aurrerantzean aldeko neurriak hartuko dituelakoan, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du orain arte ematen zigun diru laguntza. Baina gobernu berriak erabakitako kopurua ez da inolaz ere, ez espero genuena, ez gure lanean aurrera egiteko behar dugunaren adinakoa. Ondorioa: Iaz baino diru gutxiago jasoko dugu euskarazko komunikabideok aurten. 2008. urtean jasotzen genuenaren ia erdia. Kezkagarria oso, eta batez ere, ulertzen zaila. Diru poltsa 300.000 eurokoa beharrean 900.000koa balitz, orduan ere oposizioak zarata bera egingo luke. Alde gutxi legoke zentzu horretan. Eta hala ere, toki telebistek jasoko duten 1.600.000 eurotik hurrun geratuko litzateke balizko kopuru hori. Eta ez dugu uste eragin nabarmenik izango lukeenik gure zakutxoaren handitze horrek aurrekontuen poltsa orokorrean. Aldekoak berriz, nabarmenak lirateke: gure lanpostuak sendotuko lirateke, eta etorkizunean hobetzeko aukera emango liguke. Ikusitakoak ikusita, nola arrazoituko dute etorkizuneko proportziozko igoera zintzo eta zuzena? Izango al da halako igoerarik?

Bada txalotzekoa, eta horrenbestez txalotzeko inolako arazorik ez dugu, bai hainbat ekitalditan bai hartutako hainbat neurrietan ere euskararekiko erakutsitako errespetua. Eredugarri bada jarrera hori, eta horrenbestez, ongi etorria bedi! Hizkuntzaren ez ezik hiztunen prestigiatzea ekarriko dute erabaki horiek, eta horren premian ere bageunden, bai: Sarrigureneko D eredua, Euskalerria Irratiaren legeztatzea, hainbat diru laguntza berreskuratu izana, EITBren seinale ahalbidetzeko neurriak…

Manifestazio honekin Nafarroako Gobernuari, eta gobernua osatzen duten alderdiei erakutsiko diegu asko garela eskubide eta aukera berdintasunaren alde hartutako neurri horiek txalotzen ditugun herritarrak. Arduraz jokatuko dugula, eta lagundu nahi dugula. Bide horretan bidaide izango garela beti. Baina era berean, justiziazkoa dena, eta dagokiguna eskatzen jarraituko dugula. Ekainaren 4ean zuen zain ere izango gara!

 

Urko Aristi Urdanpilleta . Tokikom

Oskar Zapata Solano. Euskaltzaleen Topagunea