Select Page

Udarako irakurgaiak

Udako oporrak gertu ditugu jadanik. Azken urte eta erdia bereziki gogorra izan da eta opor beharrak nabarmenak dira. Mendia, hondartza edo etxeko goxotasuna, edozein dela ere udarako plana, irakurtzeko aukera ederra izaten da. Poesia, ipuinak, nobela, komikia edo saiakera, edozein aukera da ona.

Guk, euskaltzaleen elkarteen mugimendutik, euskarari eta gure jarduerari lotutako zenbait proposamen egingo dizkizuegu ondoko lerroetan. On egin!

 

30 urte mihigintzan 

Txerra Rodriguez Gomez, UEU, 2020

“Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017” izenburuarekin egindako doktoretza tesia liburu batean jaso du Txerra Rodriguez-ek. Aurretik ere aztertu izan dugu liburu hau webgune honetan bertan egileari egindako elkarrizketan eta ekainaren hasieran eskainitako prestakuntza saioetan.

Euskaltzaleen elkarteen mugimenduan parte hartzen dugun kideontzako irakurri beharreko lana da, 30 urtetako ibilbidea sakon aztertzen duena eta etorkizunerako hainbat gogoeta eskaintzen dituena.

Liburua UEUk argitaratu du eta UEUren webgunean bertan eskuratu dezakezue.

 

Komunikazio ez-bortitza

Marshall Rosenberg, Txatxilipurdi elkartea

“Komunikazio ez-bortitza, bizi-hizkuntza bat” liburua euskara ekarri eta argitaratu dute Txatxilipurdi elkarteko kideek. Horrela azaltzen dute elkartekoek liburua argitaratzeko arrazoia:

“Txatxilipurdi Elkartean, euskarazko aisialdi hezitzailean dihardugu lanean, bestelako jendarte bat eraikitzeko ametsean. Harremanak dira gure lanaren oinarria, tresna eta helburua; harremanak haurrekin, nerabeekin, familiekin, eragileekin, lankideekin, udalekin …

Harremanetan begirada jarri eta egunerokoan sortutako beharretatik abiatuta, tresna berrien bila hasi ginen, komunikatzeko, gatazkak kudeatzeko, bizitzarako… eta halako batean Komunikazio EzBortitzarekin topo egin genuen. Lan ildo berri bat ireki genuen elkartean, norbanakoetatik abiatuta baina harremanak modu kolektiboan lantzeko asmoarekin.”

Azpimarratzekoa da hau ez dela Txatxilipurdikoek itzuli eta argitaratzen duten lehen liburua. Aipagarria da duela urte batzuk Francesco Tonucciren Haurren hiria liburua.

Txatxilipurdiren webgunean daude liburua eskuratzeko argibideak.

 

Euskararen indar eta ahulezi-printzak Iparraldean

BAT soziolinguistika aldizkaria (118. zkia), Soziolinguistika Klusterra, 2021

BAT aldizkariaren 2021 urteko lehen zenbakian Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoeraren argazkia egiten da. Eneko Gorrik aldizkariaren sarreran azaltzen duen modura, 15 urte pasa dira BAT aldizkariak Ipar Euskal Herriari buruzko azken monografikoa egin zuenetik eta urteotan guztiotan egon den bilakaeraren testigantza da orrialdeotan aurkitu daitekeena.

Jean-Baptiste Coyos, Eneritz Zabaleta Apaolaza, Eguzki Urteaga, Argia Olçomendi, Xan Aire eta Xantiana Etchebesten testuak irakurri daitezke BAT aldizkariaren 118. zenbaki honetan. Sei artikuluotan euskararen bizi-indarra, lege babesa, hezkuntzan euskarak duen egoera eta motibazioa aztertzen dituzte autoreek. Gainera, Aitor Montes Lasarteren artikulu bat ere irakur daiteke.

BAT aldizkariaren zenbaki hau eta baita aurrekoak ere, Soziolinguistika Klusterraren webgunean eskura daitezke.

 

Trikua esnatu da

Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga, Susa-Lisipe, 2019

Pentsamendu feminista lantzen duen Lisipe bilduman argitaratu zen 2019an Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen liburua. Azken urteotan asko izan dira feminismoa eta euskalgintza lotzen autore biek egindako gogoeta eta eskainitako hitzaldiak. Liburu honetan gogoeta horiek jaso dituzte euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatuz.

Lisipe bilduman dauden bestelako titulu interesgarrien artean, 2017an Mari Luz Estebanek idatzitako Feminismoa eta politikaren eraldaketak liburua aipatu daiteke. Mugimendu feministaren gainean autoreak egindako gogoeta euskalgintzaren betaurrekoetatik irakurtzea ariketa interesgarria da.

Trikua esnatu da liburua Susaren webgunean.

 

Pentsamenduaren historia Euskal Herrian

Joxe Azurmendi, Jakin, 2020

Euskal pentsamenduaren historia landu du Joxe Azurmendik lan honetan. Iazko udan argitaratu zen eta Jakin-ek egindako aurkezpenean ondokoak aipatzen ziren:

Pentsamenduak eta eskolak gure herrian izandako historiaren ideia orokor bat eskaintzen digu liburuak, mila urte luzeri emandako gainbegiratuari esker. Euskal ekoizpen intelektualaren historia sistematikoaren ernamuina jarri digu Azurmendik begien aurrean: ehunka eta ehunka pentsalari eta idazle, jakitate esparru guztietan barna. Eta, jakina, ekoizpen horren garaian garaiko testuinguru historiko, sozial eta kulturala argitzen ere arreta berezia jarriz.

Jakin eta EHUren Joxe Azurmendi katedraren  elkarlanari esker argitaratu da liburua.

 

El futur del català depèn de tu

Carme Junyent eta Bel Zaballa, La Campana, 2020

Aurten behin baino gehiagotan aipatu dugun liburua da hau. Urtarrilean egindako Topaldian hizlari izan genuen Carme Junyent eta katalanaren inguruko bere ikuspegia zuzenean entzun genuen, hilabete batzuk lehenago argitaratutako liburuan argi azaltzen zuen ikuspegia. Bel Zaballak idatzitako liburuan kezkatuta agertzen da Carme katalanaren etorkizunaz, baina egoerari buelta ematea hiztunen esku dagoela dio, hiztunen jarrera konprometituaren esku. Formazio fitxa batean zabaldu genuen liburuaren ideia nagusiak jasotzen zuen sinopsia.

Katalanez irakurtzera animatzen zaretenontzako, proposamen interesgarria.

 

Euskararen bizia. Andoaingo argazki soziolinguistikoa, 2016

Patxi Baztarrika, Erein, 2021

Urte askotan Andoaingo udaleko euskara teknikari izan da Patxi Baztarrika (hainbat urtez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde ere). Liburuan 1981-2016 tartean euskarak Andoainen izan duen bilakaera soziala aztertu du. Datuen azterketa egin du batetik autoreak, eta bestetik euskararen biziberritzeari buruzko hainbat “kezka, balorazio, gogoeta eta iradokizun” eskaintzen ditu, egileak berak egindako aurkezpenean azaltzen duen moduan.

Liburuaren sinopsian hau jaso dute: “Ikaragarria izan da, Andoainen ere, euskararen hazkundea hiruzpalau hamarkadotan. Andoaingo biztanleen erdia baino gehiagok badaki euskaraz hitz egiten, hamarretik zazpik ulertzen du eta erabilgune berriak irabazi ditu euskarak. Prozesua amaierara iristeko, ordea, hazkunde-etapa asko geratzen dira egiteko. Etorkizuna idazteke dago, eta oso arriskutsua litzateke “euskararena, kontu batzuk gorabehera, funtsean, eginda eta bideratuta dago” uste izatea. Arriskutsua, ez bakarrik biziberritze prozesuari oraindik bide “luze eta malkartsua” geratzen zaiolako egiteko, baizik eta hazten jarraitzea eta euskararen funtzionalitatea eta bizi-indarra areagotzea delako orain arteko hazkundeari atzerapausorik gabe eusteko bide bakarra. Hain da erraza atzera egitea! (…) Hiztunak eta erabiltzaileak baitira euskarak, behar, benetan eta nahitaez behar dituenak”.

Jon Sarasuak idatzi du liburuaren hitzaurrea eta Erein argitaletxeak kaleratu du.

 

Garen hori

Ana Urkiza, Elkar, 2021

Euskal nortasuna, balioak eta izate kolektiboa aztertzen ditu Ana Urkizak bere azken liburuan. Hainbat kulturgile eta sortzailerekin egindako elkarrizketatan jasotakoak ekarri ditu egileak liburura. Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolariaren gogoetak irakurri daitezke liburuan. Horiekin batera, beste hainbat adituren iritziak ere jaso ditu egileak: Josu Bergara, Eduardo Apodaka, Elixabete Garmendia, Olatz Legarda, Ximun Fuchs, Iraia Oiartzabal, Elena Arzak eta Iñigo Ucin.

Elkar argitaletxeak kaleratu du liburua.

 

Euskal hedabideen urtekaria 2020

Behategia, 2021

Behategiak, euskal hedabideen behatokiak, urtero-urtero argitaratzen du aurreko urteak emandakoa biltzen duen argitalpena, urtekaria. Aurtengoan ez da salbuespena izan. 2020 urtea COVID-19 koronabirusak eragindako pandemiak guztiz baldintzatu zuen eta urtekariak horren islada jaso du.

Artikuluen artean aurki daitezke pandemiari lotutakoak (Ana Galarragaren “Zientziaren komunikazioa sindemia aroan” edo hainbat egilek egin duten “Euskarazko komunikazioa eta Covid-19” artikulu sorta), egitasmo berrien aurkezpenak (Gorka Zabaletak “UKT – Urolako Komunikazio Taldea” aurkeztu du eta Aintzane Ariztegik “Klak gazte ahotsa”), gestioari lotutakoak (Xabiera Arauzo, Alaitz Artolazabal eta Nestor Atxikallendek Bizkaiko toki komunikabideen kudeaketari buruz idatzitako artikulua), euskal hedabideetan emakumeek duten presentziari buruzkoak, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoaren ingurukoak edo ETBri buruzkoak, besteak beste.

Euskarazko komunikabideei buruzko irakurgai interesgarriok Behategiaren webgunean dagoen txostenean aurkitu daitezke.

 

Berrindartu eta jauzi 

Topaberri 67, Topalabe taldea, Euskaltzaleen Topagunea, 2020

Iazko txostena da, 2019 bukaeran ondua eta pandemia garaian argitaratua. Gehienontzat ezaguna izango da, baina irakurri gabe izango duenik egongo da eta udarako irakurgai interesgarria izan daiteke hau ere. Topalabe taldeak euskararen biziberritzearen inguruan egindako lehen gogoeta (Berrikasi eta Berrikusi izenburukoa) kaleratu eta bost urtera bigarren dokumentu hau ekoitzi zuen. Berrindartu eta jauzi dokumentuan euskararen normalizazioan jauzi sendo bat egiteko garaia dela azaldu eta jauzi horretarako lehentasunezko eremuak proposatu ditu taldeak: lan mundua batetik, eta eremu ez formala, bestetik. Helburua: erabileran jauzi bat egin eta euskara Unescoren hizkuntzen atlaseko hizkuntza zaurgarrien zerrendatik ateratzea.