Select Page

Udagoieneko Ostera Hegan: ondare historikoa eta musika uztartzen dituen zirkuitua azaroan zehar

Udagoieneko Ostera zirkuituak bere XXI. edizioa ospatuko du azaroaren 13tik 29rako hiru asteburutan formatu guztiz ezberdin batekin. Bizkaiko hiru foru museotan grabatutako hiru kontzertu akustiko eskainiko dira dohainik Udagoieneko Ostera webgunean.

 

Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egin duten Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituaren aurkezpenean, honako hau azpimarratu izan du Lorea Bilbao Ibarra, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak:  “Kultura arloak momentu oso latzak bizi ditu eta beraz, Udagoieneko Ostera egitasmoak zentzu berezia hartzen du aurton, batetik egin diren ahaleginagatik programazioari eusteko eta bestetik, aukera izango dugulako modu berezi baten Udagoieneko Osteraren XXI. edizio honetaz disfrutatzeko

Maria Rivero Euskaltzaleen Topaguneko kultur teknikariaren esanetan: “Udagoieneko Ostera egingo zala bermatzea izan da urte honetako gure helburua. Gainera, une honetan berebiziko garrantzia hartzen du bai kulturak eta baita gure ondareak eta beraz, bi hauek uztartu ditugu. Azkenean argi ikusi da, kultura behar dugula eta hori da hain zuzen bermatu nahi duguna”.

 

Hiru kontzertu hiru toki ezberdinetan

Udagoieneko Ostera Hegan berrikuntza askorekin dator urte honetan, izan ere, osasun egoera honen ondorioz aurrez-aurreko ikuskizunak programatu beharrean, publikorik gabeko kontzertuak grabatu dira eta hauek izango dira hain zuzen ere publikoaren eskura jarriko direnak dohainik.

Udagoieneko Ostera zirkuituaren arduraduna den Maria Riverok kontzertuen kalitate handia nabarmentzen du, izan ere, “kontzertu bakoitzean musikaria eta tokia bera ere, modu oso berezian zaindu ditugu eta ondorioz oso kontzertu ikusgarriak eta bereziak atera dira. Musikaz gozatu nahi dutenentzat altxor bisualak sortu ditugu”.

Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak izan dira Udagoieneko Ostera Hegan zirkuitu honetako taldeak eta bakoitzak kontzertu akustiko berezi bat sortu du propio toki berezi horretarako, tokiak berak inspiratutako tonuak eta koloreak emanaz abesti eta instrumentuei, kontzertu bakoitza benetan errepikaezina eta bakarra bihurtuz.

Edizio berri honetan musikaz aparte, gure historiaren parte garrantzitsu bat izan diren lekuak ere izango dira protagonistak. Industrializazio aurreko Muskizeko El Pobal burdinolatik hasita, industrializazio garaiko Balmasedako La Encartada Fabrika-Museora eta azkenik, arrantzaleen bizimodua eta ohitura batzen dituen Bermeoko Arrantzale museoa. Bizkaiko Foru Aldundiko eszenatoki bakoitzak bere kolorea eman dio musikari bakoitzak sortutako kontzertuan.

Hona hemen azaroan zehar ikusi ahal izango duzuen aurrerapen txiki bat:

Kontzertuak online dohainik

 Azaroaren 13tik 29ra bitartean egongo dira kontzertu guztiak eskuragarri eta dohainik Udagoieneko Ostera atalean. Ostiralero kontzertu bat estreinatuko da eta asteburuan zehar webgunean egongo da ikusgai. Hona hemen programazioa:

  • Azaroaren 13tik 15eraEñaut Elorrietaren kontzertua La Encartada Fabrika- Museoan (Balmaseda)
  • Azaroaren 20tik 22ra – Zea Mays taldearen kontzertua El Pobal burdinolan (Muskiz)
  • Azaroaren 27tik 29ra – Izaki Gardenak taldearen kontzertua Arrantzaleen Museoan (Bermeo)

 

Info gehiagorako HEMEN