Select Page

Tosta enbaxada, abiatzeko prest

Tostak itsas bidaia egingo du Atlantikoko hizkuntza-komunitate gutxituetan barrena, Donostia 2016ren Ahotsen Itsasargiaren ordezkari-lanetan.

Atzo bildu ginen Irlandan proiektuaren bazkide guztiak, tartean Euskaltzaleen Topagunea.

 

Bi urteko antolakuntza-prozesuaren ondoren, Donostia 2016ren Tosta Cargo enbaxada ibiltaria prest dago misioa abiatzeko. Tostak Ahotsen itsasargia ordezkatuko du Europako kostalde atlantikoko zazpi hizkuntza-komunitate gutxituetan barrena, eta hiru helburu izango ditu:

  • lurralde horien hizkuntza eta kultur aniztasuna ospatzea
  • hizkuntza eta kultur horien arteko kultur trukea bultzatzea, eta
  • Donostia 2016 proiektuaren balioak zabaltzea

Tosta hitzak ontziaren bankada esan nahi du, eta Europako atlantikoko kostaldeko hizkuntza gutxitu askotan aurki daitekeen berba da, tokian tokiko aldaerak gorabehera.

 

tosta

Tosta egitasmoko kideak atzo Irlandan egindako bileran

Donostia 2016rekin lankidetzan, zazpi elkartek hartuko dugu parte nazioarteko proiektu honetan, eta bakoitzak Europako kostalde atlantikoko hizkuntza-komunitate gutxitu bana ordezkatuko du. Euskal Herriko ordezkari modura ari da Euskaltzaleen Topagunea proiektu honetan, eta gurekin batera batu dira egitasmora ondoko elkarteak: Afûk (Frisia), A mesa pola Normalización Lingüística (Galizia), Celtic Neighbours (Gales), Ealain Na Gaeltachta (Irlanda),  Golden Tree Productions (Kornualles) eta Proiseact nan Ealan (Eskozia). Tosta osatzen duten zortzi bazkideak Galwayn (Irlanda) elkartu ginen atzo. Bilerak amaiera eman die enbaxada martxan jartzeko bi urte iraun duten prestaketa lanei.

 

Egonaldi artistikoak

Tosta bi fasetan gauzatuko da. Lehenengoan, komunitate parte-hartzaileek egonaldi artistiko bana antolatuko dugu beste lurraldeetako sortzaile batentzat. Hizkuntza eta kultura gutxituak ardatz hartuta, artelan bana sortu beharko dute artista horiek. Egonaldi hauetan parte hartzeko deialdia irekia izango da eta datorren asteetan argitaratuko da Donostia 2016ren webgunean.

 

Itsas bidaia eta jaialdiak

Bigarren fasean, 2016ko ekainetik aurrera, Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia eta Kornuallesera bidaiatuko du itsas edukiontzi multzo batek. Hauen inguruan jaialdi bat antolatuko da portu bakoitzean, Europako hizkuntza eta kultur aniztasuna ospatzeko eta komunitate hauen arteko elkarlanaren berri emateko. Atlantikoko kostaldea zeharkatu ondoren, Gipuzkoako kostaldean amaituko du ibilbidea Tostak. Ongietorri-ospakizunak bat egingo du irailaren amaieran Errenterian ospatzen den Atlantikaldia jaialdiarekin, baita Europako hizkuntzen egunarekin ere (irailak 26).

 

Hizkuntzak erabiltzeko gida

Nazioarteko izaera duen arren, proiektu honek tokian tokiko hizkuntzei eman nahi die lehentasuna. Hori dela eta, bereziki zainduko dira egoera eta une bakoitzean hizkuntzak erabiltzeko irizpideak. Proiektu osoan zehar hizkuntzen erabileraren inguruan izandako esperientziak eta irakaspenak ordenatu eta hizkuntza erabiltzeko gida bat sortuko dugu. Aurrerantzean nazioarteko kultur proiektuetan bertako hizkuntzei beren tokia emateko helburuarekin lan egin nahi duen ororentzat eskuragarri jarriko dugu argitalpena, hainbat hizkuntzatan, 2016 amaieratik aurrera.