Select Page

Topaldia urtarrilaren 25 eta 26an, zubigintza ardatz

topaldia_kartela2017Urtarrilaren 25 eta 26an egingo da Durangoko Landako elkartegian aurtengo Topaldia. “Euskararen herria: zubiak eta palankak” izenburuko jardunaldiotan, zubigintza izango da gai nagusia.

Bi eguneko egitaraua lau bloketan banatu da:

  • Lehenengo atalean euskararen eta euskararen hizkuntza komunitatearen garapenean hurrengo urteetan euskaltzaleen mugimenduarentzako giltzarri izan daitezkeen lan-ildoak izango dira aztergai, batetik, eta zubigintzak izango duen garrantzia azpimarratuko da bestetik. Bloke honetan Kike Amonarriz, Mikel Irizar eta Iker Martinez de Lagos izango dira hizlari.
  • Tokiko Administrazioa eta tokian tokiko euskaltzaleen elkarteak zein euskalgintzaren arteko harremanez arituko gara bigarren atalean. Puntu honetan, EAEko udal lege berriak eta Ipar Euskal Herriko herri elkargoak udalei hizkuntza politikan eragiteko emango dizkien aukera berriak aztertuko dira. Ondoren, udalen eta tokian tokiko gizarte eragileen harremanak izango ditugu aztergai. Atal honetan Alex Vadillo, Jasone Mendizabal eta Eneritz Zabaleta izango ditugu hizlari, besteak beste.
  • Euskararen lurraldeak bizi dituen errealitate ezberdinei ere begiratua emango diegu hirugarren atalean. Euskal Auntonomi Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko harremanak aztertuko ditugu, euskararen normalizazioaren ikuspegitik. Mahai inguru bat izango da atal honetako ardatza, baina aurretik, Xan Aire Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanen gainean arituko da.
  • Gizarte eragile eta hizkuntza komunitateen arteko loturetaz ere aritu nahi dugu azken atalean. Euskaratik gertu eta hurrun bizi diren komunitateen arteko harremanak landu, eta bereziki komunitate horietako kideen bizipenetatik ikuspegi ezberdinak aztertu eta aurkeztu. Bloke honetan Ainara Santaquiteria, Iñigo Retolaza eta Galder Unzalu arituko dira hizlari.

Aipatutako hitzaldi eta hizlariez gain, zenbait elkarlan esperientzia ere izango ditugu jardunaldian: Sareuska, Goiena eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua.

Egitarauak euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo urteetarako lan-ildo eta lan-moldeen inguruan aritzeko aukera paregabea eskainiko du. 2001 urtetik aurrera, ezinbesteko hitzordu bihurtu dira mugimenduko kideen formaziorako, elkartrukerako eta hausnarketarako antolatzen diren jardunaldiak. TOPALDIA, Euskaltzaleen Mugimenduaren barne gogoetarako tresna batzuetan, kanpoko eragile eta norbanakoekin elkartrukea bideratzeko espazioa bestetan, barne elikadura iturri ezin hobea dira beti.

Aurtengo edizioan Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan dira Topaldiaren babesle.

Egitaraua Topaldiaren webgunean aurki dezakezue eta izen-ematea ere bertatik egin daiteke.