Topagunea

Mikel San Jose eta Beñat Etxebarriari babesa agertzeko agerraldian parte hartu du Topaguneak

Beñat Etxebarria eta Mikel San Jose futbol jokalariek sareetan euskarazko mezu bat zabaltzearren jaso dituzten eraso eta irainak salatu eta jokalariei babesa eskaintzeko ekitaldia egin da Bilbon, Santi Mami / San Mamés futbol zelaiaren parean. Euskaltzaleen Topaguneak ekitaldian parte hartu du, agerraldia antolatu duen Gu ere bai ekimenaren gonbidapenari erantzunez, euskaltzaleen mugimenduaren babesa agertu eta horrelako gertaeren aurreko iritzia plazaratzeko.

Zuzendaritza Batzordeko kide Maier Arrieta eta Iker Martinez de Lagosek hartu dute hitza, ondoko mezua zabaltzeko.


Topagunearen mezua

Euskaltzaleen Topagunetik Beñat Etxebarria eta Mikel San Joseri babesa eskaintzeaz gain, eskerrak ere eman nahi dizkiegu:

Ez da erraza ulertzen, baina 2020 urtean, oraindik ere, gure hautua egin eta euskaldun agertzeagatik erasotuak izan gara. Eta hautu hori egiteagatik babesa agertzera atera behar izan gara. Ez da erraza ulertzen, baina hemen gaude.

Gutxi dira Euskal Herrian euskararen erabileraren aurkako diskurtso atzerakoi horiek egiten dituztenak, aniztasunaren aurkako diskurtsoak darabiltzatenak, supremazismo linguistikoaren eta iragan elebakar inposatuaren nostalgikoak. Gutxi dira, baina nahi baino zaratatsuagoak.

Zorionez, badakigu euskal gizartean euskararen garapenaren aldekoa dela iritzi nagusia eta babes zabala dugula euskaraz bizitzearen alde lanean ari garenok, euskaraz bizitzeko hautua egunero ekinaren-ekinez praktikara daramagunok.

Eskerrik asko, beraz, euskara zuen eguneroko bizitzan erabiltzeaz gain, plaza publikoan euskaldun agertzeko hautua egin eta horrela jokatzen duzuen guztioi. Ahobizi edo belarriprest, zuen jarreraz gain, zuen portaerarekin Euskal Herria euskaldunagoa egiten duzuenoi.

Badakigu baina euskararena ez dela norbanako batzuen edo askoren erabaki pertsonalekin soilik irabaziko den afera. Euskaraz bizitzeko eremuak irabazten jarraitu behar dugu. Euskaraz lasai arituko diren espazio eta funtzioak behar ditugu. Eta irabazi beharreko eremu horien artean dago kirola.

Kirol munduan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzeko aukera dago eta horregatik animatu nahi ditugu kirolariak, zaleak, taldeetako arduradunak, entrenatzaileak, kazetariak eta kirolaren inguruan mugitzen diren guztiak kirola euskararen beste arnasgune bat izan dadin, gure kirola euskaraz aritzeko gunez bete dadin. Hau ez baita jarrera eredugarria duten kirolari batzuen ardura bakarrik, hau taldeen, kluben eta kirol estamentu guztien erantzukizuna ere bada. Taldean eta batera hartzen diren erabakiek indar eta eragin handiagoa baitute.

Asko dago egiteko, ari gara bidean eta horregatik, eskertzeko eta txalotzekoa da erreferente diren hainbat gizon-emakumeren hautua eta praktika. Ondoan izango gaituzue, ondoan nahi zaituztegu.

Erasoen kontra, intransigentziaren kontra, aritzea da erantzunik onena, euskararentzat eremuak irabaztea, euskaraz jardutea eta euskaldun jokatzea. Guk gurea egiten badugu, geroa euskaratik eraikiz kirolean eta gizarteko esparru guztietan urratsak ematen baditugu, ohitu egin beharko dira. Aurrera!


 

Ekitaldian Gu ere bai ekimeneko eledunak eta Jon Maia bertsolariak ere hartu dute hitza. Hainbat lagunek parte hartu du era berean agerraldian, tartean euskalgintzako zenbait erakundetako ordezkarik (Kontseilua, Ikastolen Elkartea, EHE, AEK edo Berbaizu euskara elkartekoek, besteak beste).

Ekitaldian jasotakoak bideo honetan jaso ditu Eduardo Gabiña sortzaile eta euskaltzaleak.

Exit mobile version