Select Page

Proiektu azoka 2021

Proiektu Azoka: elkarteen arteko esperientzia eta ideien trukea sustatzeko ekimena izan da. 2021eko apirilaren 24ean egin zen azoka, halabeharrez online, eta Euskal Herriko zazpi proiektu interesgarri aurkeztu zituzten ekimenon arduradunek. Elkarteek beraiek aukeratu zituzten egitasmoak, haien gaineko balorazio ona egiten dutelako. Horrez gain, beste herrietan ere egingarriak direla iritzita aurkeztu dituzte Proiektu Azoka honetan ekimenak.
Jarraian dituzue, katalogo moduan, 2021eko Proiektu Azokan agertutako egitasmoak:

IGANDE ARRATSALDEAK FAMILIAN. HOGEITALAU. AIARA

Hilabetean behin, Aiarako herri batean elkartzen dira inguruko familiak igande arratsaldea elkarrekin eta euskaraz pasatzeko. Bailaran euskararen presentzia, erabilera eta transmisioa areagotzeko helburuarekin sortu zen egitasmoa. Kultur Errotako ikuskizun batekin hasten da arratsaldea, eskulanak egiten dituzte eta askaria ere banatzen dute. 0-12 urte arteko haurrak biltzen dira. 

OZEN. BERBAIZU. DEUSTU

Proiektua Botikazar eta Ibarrekolandako institutuetan egiten da. Bi institutuen inguruko komertzioetan kartelak euskaratzeko aukera eskainiko dute. Era berean, institutuetako batean batxilergo artistikoa dagoela aprobetxatuz, streaming bidezko kanal bat zabaldu nahi dugu euskal sortzaile berriei lehen plazak eskaintzeko. Hori guztia helburu bi betetzeko: batetik, ikastetxe inguruan euskara bermatzea eta, bestetik, euskarazko kulturgileak sortzea. Gazteen sormena garatu nahi da; eta baita hainbat baloreren garrantziaz ohartarazi ere: elkarlana, auzolana, epe ertain/luzerako proiektuekiko atxikimendua, kultur aniztasuna, parekidetasuna, ekologia…

IBILALDI HISTORIKOAK. LORAMENDI. ARETXABALETA

Loramendiko toponimiako taldea urteetan zehar herriko inguruak ikertzen egon da; eta herritarren parte hartzearekin batera, hainbat ibilaldi historiko osatu dituzte. ibilaldi hauetan bildutako informazio guztiarekin liburu bat egiten ari dira aurten argitaratzeko asmoarekin.

IKASLE EUSLEAK. GALTZAUNDI. TOLOSALDEA

DBHra moldatutako EUSLE proiektua da. Eskola guztiari proiektua azaltzen die, gelaz gela, Galtzaundiko teknikariak. Gela bakoitzean bozketa egin eta eskola guztiaren %75ak baietz esanez gero proiektua gauzatzen da (astero berretsi behar dute). Gela bakoitzean lau ikasle eusle izendatzen dira. Eusleen zeregina da, astebetez, eskola-eremura sartzen direnetik irten bitartean euskarari eustea. Astea amaituta, beste lau eusle izendatzen dira. Proiektu honekin eusle figurari garrantzia ematen zaio, elkarrizketa elebidunak posible direla ikusarazten da, eta eusle zeinek izan behar duen hausnartzen dute ikasleek, besteak beste.

Mintzakuadrilla sareetan:
Instagram
Facebook
Youtube 

MINTZAKUADRILLAK. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA. IRUÑERRIA ETA DONOSTIA

Mintzakuadrillak egitasmoa gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko sortutako egitasmoa da. Asteroko hitzorduak eta saio osagarriek osatzen dute proiektua: asteroko hitzorduetan, astean behin, ordu batez, elkartzeko aukera ematen zaie partaideei, haien lagun taldearekin edo beste pertsonekin. Eta saio osagarrietan aisialdi saioak eta ahalduntze saioak daude. Aisialdi saioetan, batez ere, gazteen arteko harremanak sustatzea da helburua, eta gazteek euskaraz aritzen den harreman sare berri bat sortzen dute egitasmoan ezagutu duten jendearekin. Ahalduntze saioetan gazteek gazte eta euskaldun izateagatik dituzten kezka eta motibazioak lantzen dituzte. Hau guztia helburu desberdinak betetzeko: hizkuntza gaitasuna hobetu, kale hizkera landu edota harremanak sortu.

BZIBER ETA KAMERATOIA. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA. 

Kameratoia, euskaraz ikus-entzunezkoak sortzen aritzen diren gazteentzako lehiaketa berezi bat da, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du 2004az geroztik. Bziber, Bizkaiko 11 eta 16 urte Euskal Herriko gazteei zuzenduta dago. TikTok plataformaren bidez proposatutako probak egin beharko dituzte gazteek, eta bideoak partekatu.

GURASOLEKU. TTAKUN. LASARTE-ORIA

0-5 urteko haurren familiei zuzendutako egitasmoa da. Familia barruko hizkuntza transmisioa bermatzeko sortutako programa da. Gurasolekuk bere baitan hiru proiektu biltzen ditu: Gurasolandia (hilabetean behin, familian, aisialdiko egitasmoa bat egitea), Gurasotegi (euskara klaseak gurasoentzat) eta Gurasolagun (mintzapraktika egitasmoa gurasoei zuzenduta). 

KOMUNIKAZIO EZBORTITZA. TXATXILIPURDI ELKARTEA

Txatxilipurdi elkarteko kideak ere mintzatu ziren azokan Komunikazio EzBortitza liburuaren inguruan. Marshall Rosenbergen liburu arrakastatsua euskarara itzuli dute orain gutxi: nazioarteko salduenen artean dago Rosenbergen liburua, eta rol jokoak eta errealitateko adibideak baliatzen ditu Komunikazio EzBortitzaren (KEB) prozesua azaltzeko. “Teknika sinpleetatik askoz harago joz, kalitatezko harremanak lortzea eragozten duten pentsaera, hizkuntza eta epai moralistak eraldatzen ikasteko tresna da liburu hau. Gatazkak errazago konpontzen hasteko; nahi dena exijentziarik gabe eskuratzeko; besteen beharrak entzuteko; harreman pertsonalak eta profesionalak indartzeko, eta norbere ahalmenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko”. Elkarteetako proiektuak kudeatzeko orduan, eta lan egiteko moduetan lagungarria izan daitekeelakoan teknika honen inguruko beraien esperientzia azaldu zuten Azokan.