Select Page

Prestakuntza

Herri mugimenduei begiratu bat

ezaugarritzea, aliantzak eta elkarlan sareak

Gizarte mugimenduen ezaugarri eta izaeraz gogoetak egin izan ditugu Euskaltzaleen Topagunean lehenago ere. Baina azken urtean abiatu dugun formazio saioen baitan lantzeko gai garrantzitsua dela uste dugu. Horretarako EHUko Parte hartuz ikerketa taldeko Andere Ormazabalek eta Zesar Martinezek bi prestakuntza saio eskaini dizkigute 2021eko urriaren 20an (bat goizean eta bestea arratsaldean). 

Euskara elkarteena, bestelako gizarte mugimenduen modura, bizirik dagoen mugimendua da, ia lau hamarkadatako historian bilakaera izan duena eta garai bakoitzera egokitzen joan dena, bai izaeraz eta baita ekiteko moduetan ere. Horregatik, gizarte mugimenduaren gainean gogoeta egiteko une paregabea dela uste dugu. Ez da kasualitatea aurreko formazio saioetan jaso izan ditugun balorazioa gai honetan sakontzeko eskari ugari jaso izana. 

2021 urteko azken formazio saioa izan dugu hau. Martxoan Euskalgintzaren mapa egin zigun Garikoitz Goikoetxeak eta ekainean Txerra Rodriguezek euskara elkarteen ekarpenaren gainean egindako tesia aurkeztu zuen 30 urte mihigintzan saioan. Euskara elkarteen mugimenduan ari garen batzordekide, boluntario eta profesionalen prestakuntzarako saioak dira sorta honetan daudenak.  

Ondoko bideoan dago goizeko saioak eman duena. 

Ekintza sozial eta politikorako eratzen den eragile mota bati deitzen diogu Herri Mugimendua. Ordenamendu eta joera sozial nagusietan mugimendua (aldaketa) sustatu nahi duen eragile mota bati. Herri Mugimenduak ezaugarri propioak eta bereizgarriak dituzten eragile politikoak dira; alderdi politiko, sindikatu, gobernuz kanpoko erakunde edo lobby taldeekiko ezaugarri bereizgarriak dituzten eragileak, alegia. Horretan sakonduko dugu saio honetan, beti ere gaur egun koiunturak ezartzen dituen joera eta baldintzatzaileak kontuan hartuz. Horrekin batera, herri mugimenduen aliantzak eta elkarlan sareak ere gogoetagai izango ditugu; mintegi honen bitartez, Joxemi Zumalabe fundazioaren baitan egindako gogoeta partekatzeko eta zuen ekarpenekin aberasteko aukera izatea espero dugu.

Andere Ormazabal eta Zesar Martinez

Andere Ormazabal

Politika eta Administrazio Zientzietan, Soziologian eta Antropologian lizentziaduna eta Politika Zientzietan doktorea da, eta Partaidetza eta Komunitate Garapena (2017) eta Ikasketa Feministak eta Generokoak (2010) masterrak egin ditu, denak Euskal Herriko Unibertsitatean.

EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakaslea da. Parte Hartuz Ikerketa Taldearen baitan, ondorengo ikerketa lerroak jorratzen ditu: partaidetza, feminismoa, herri mugimenduak eta gobernantza. Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea da; Kultura politikoen gogoeta ildoan parte hartzen du.

 

Zesar Martinez

Aktibista eta soziologia irakaslea EHU/UPVn. Landu ditun gaiak dira parte-hartze politikoa eta komunitarioa eta herri mugimenduetako prozesuen dinamizazioa.

Ikerketa-ekintza eta formazio proiektuetan lan egiten dut Joxemi Zumalabe Fundazioan, baita unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa-taldean eta Soziolinguistika Klusterrean ere.