Select Page

Aktibismo intersekzionala

 

 

Hitzaldiko ideia nagusiak

Floresek eta Fernandezek bestelako mugimenduetatik ikasteko ateak zabaldu zizkioten euskalgintzari. “Bide luze bezain interesgarria egin duten bi mugimendu horietara hurbiltzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea izan da”, aipatu zuen ikastaroko zuzendari Kike Amonarrizek saioaren bukaeran.

Euskalgintzari begirada mugimendu ekologistatik

Floresek Greenpeace mugimendua espainiar estatu mailan zein Euskal Herri mailan ezagutzeko modua eskaini zuen: antolakuntzari, aurrekontuari, funtzionamenduari…buruzko informazioa zabala emanez.

Entzuleen artean interes berezi piztu zuena kideen mobilizaziorako eta aktibaziorako dauzkaten bideen gaia izan zen. “Greenpeace, gobernuz kanpoko erakunde internazional eta ekologista bat izanik ere, bere ekinaren zati handi bat, aktibazio sozialari, mobilizazioari eta ekintza zuzenari lotuta dago. Taktika ezberdinak erabiltzen ditu, eta hauek ekologismotik harago edozein mugimendutan erabiltzeko modukoak dira”, nabarmendu zuen Floresek. Eskaintzen dituzten konpromiso mota ezberdinak hauek dira: sustatu, ekin, lagundu, babestu, jarraitu eta interesatu.

 

Armairuak eta arnasguneak. Euskalgintzari begirada aktibismo feminista eta LGTB-tik

Fernandezek, berriz, euskaraz bizi nahi izatearen eta LGTB izatearen arteko paralelismoetatik ekin zion bideari:

  • Esentzialismoa vs. identitate politikoa. Esentzialismoa zalantzan jarri beharra.
  • Armairutik ateratzea. Komunitatea ikusarazteko metafora baliagarria, baina zentzuz hustutzearekin kontuz. Bestearena erabili bai, baina haren jabetza norberarentzat hartu gabe.
  • Gutxiengoen estresa. Enpatia beharra mugimenduen artean.
  • Arnasgunearen kontzeptua. “Giroa da gure arnasgunea; erresistentziatik kultura sortu dugu”.
  • Bi mugimenduen borroka justizia sozial kontua da.

Euskalgintza eta feminismoaren arteko zubiak ere agerian utzi zituen proiektu ezberdinen inguruan egon diren keinu eta erreferenteak aipatuta:

  • Transmaribollo ahobiziak. Euskararen presentzia sinboliko izatetik talde eta egitasmo askoren komunikazio hizkuntza izatera bilakatu da.
  • Kukuak hiztegietan: Hiztegigintzaren alorrean urratsak emateko beharra. Maileguei uko egin gabe, euskarazko hiztegia garatzearen beharra, baina ez modu artifizialean, egunerokotasunean txeratzeko moduan.

Hitzaldiari bukaera emateko, LGTBtik proposatzen edo eskatzen dutena eta euskalgintzak LGTB mugimendutik ikas lezakeena mahairatu zituen Fernandezek:

  • Zer eskatzen/proposatzen dugu?
    • LGTB pertsonen ikusgarritasuna bermatzea, zuriketa arrosa (pinkwashing) gabe.
    • Euskalgintzan heteronormatibitatearen eta binarismoaren zantzuak identifikatzea.
    • LGTB euskaltzaleen ekarpenak aitortzea (esaterako, hitanoaren irakurketa transfeminista).
    • Euskal LGTB kultura aitortzea eta zukutzea.

 

  • “Zer ikas dezake euskalgintzak LGTB mugimendutik?” galdera sare sozialetan bota eta bueltan jasotakoaren uzta ekarri zuen Fernandezek:
    • Ikusgarritasuna aldarrikatzea, armairutik kanpo.
    • Armairutik irteteari balioa eman eta prozesu horiek zaindu: ahalduntzea landu, jendea modu bortitzean irten ez dadin.
    • Zapalkuntzaren kontzientzia, erasoei aurre egiteko. Euskara ez da hizkuntza gutxitua, gutxietsia edo minorizatua baizik.
    • Aniztasunaren aberastasuna balioetsi.
    • Euskara queer eta maketoa aldarrikatzea, asko zigortu gaituzte txikitatik erderakaden kontuarekin. Euskaltzaindiak-eta normatibitatea sustatzen dute: arauari eta zuzentasunari begira daude.
    • Dikotomiak zalantzan jartzea: euskaldun/erdaldun; euskaldun berri/euskaldun zahar. Etiketak desagerrarazi edota horiei karga positiboa eman: sasi-euskalduna, euskaldun-txarra.
    • Gizartearen periferietan aliantzak lantzeko jarrera eta gaitasuna. Non daude eusko-periferiak? Euskalgintzak ez du jakin gizartearen zenbait geruzetara heltzen. Nork daki euskaraz esaten dildo, PrEP edo cuarto oscuro?
    • Ez-lekuetan bidea egin, ematen ez zaion plaza edo lekuak hartu, erakargarri egin eta bizigarri.
    • Erreferente berriak izatea.
    • Elkarri entzutea.