Select Page

Aktibazio sozialerako bide berriak mugimendu euskaltzalean

 

Hitzaldiko ideia nagusiak

Euskalgintzaren baitan funtzio, izaera eta egiteko ezberdinak dituzten talde/elkarte eta enpresako kide izan arren, ideia nagusietan bat egin zuten Labako, Lau Haizetara elkarteko eta Tokikomeko kideek. Berriako kazetari Julen Aperribairen hitzetan: “Balio aurrerakoiak sustatzeko nahia, euskara horietarako bitarteko izanda; helburu hori antzematen zitzaien hiru hizlariei”.

Lau Haizetara euskaltzaleen topagunea

Azkaratek, Lau Haizetara elkartearen mugarriak azaldu ondoren, azken aldian elkarteak izan duen eboluzioari buruz hitz egin zuen. Pandemia garaian egindako hausnarketa tarteko, “herrigintzan gehiago zentratzea” erabaki zuten. “Hizkuntzaren sustapena eta komunitatearena uztartzea erabaki genuen. Herritarren topagune bihurtzea”, azaldu zuen. Norabide horretan martxan jarritako  bi proiektu nagusi aipatu zituen:

  • Elkarrekin ikasiz: Euskaratik urruti dauden LHko ikasleei laguntzen dien ekimena. Helburuak: kohesio soziala areagotzea eta euskal hizkuntza komunitatearen hurbiltasuna sentiaraztea.
  • Odola emanez, bizia eman: Odol emaileak erakarri eta odol emateak antolatzen laguntzen duen ekimena. Helburuak: zaintzarekiko konpromisoa landu eta odola emateko saioetan euskararen aldeko arau soziala zabaltzea.

Hartutako norabide berriaren gako nagusitzat honakoa jo zituen:

  • Euskalgintzatik herrigintzara.
  • Gizarte desafioei komunitatetik erantzun: beharrak, galderak eta interesak ezagutu eta horien gainean lan egin.
  • Pertsonak suspertu eta justizia soziala bilatu, hizkuntza sustatuta.
  • Esperimentazio etengabea, beharrei erantzun eta egoera aldakorrera egokitzeko.
  • Antolatzeko modu horizontalak.
  • Sareko jarduna: herritarrak, entitateak eta administrazio publikoa elkarlanean.

 

Laba

Labako kide Jasmine Kihrisik Labaren esperientzia partekatu zuen entzuleekin: 2020an lehen kimuak jartzen hasi zen proiektu “parte-hartzailea eta ilusionagarria”. “Euskararen eta  kulturaren inguruan zerbait berria, ausarta eta konplexurik gabea  egiteko gogoz zeuden norbanako batzuk bildu ginen, euskara normaltasunez erabiliz, baina erdigunean dagoen aldarria izan gabe”.

Topagunea da Laba. EH osotik egindako ekarpenekin sortua. Aniztasuna, talde lana… ditu oinarrian. “Gure helburua geroz eta jende gehiagorengana heltzea da. Erakusleiho berri bat ireki nahi dugu. Euskaratik euskarara”, aipatu zuen.

Iruñeako Gazteluko plazan dago kokatuta, eta, gaur egun, Laba zer den definitzea zaila bihurtu dela adierazi arren, besteak beste, “euskarazko sorkuntza erdigunera ekarri duen espazioa” dela ziurtatu zuen.

 

Tokikom tokiko hedabideen bateragunea

Iban Arantzabalek, Tokikom bateraguneko lehendakariak bere aldetik, tokiko hedabideen, komunitatearen eta haren aktibazioaren arteko lotura azaleratu zuen, horretan guztian euskarak izan duen lekuari erreferentzia eginez.

Aktibazio baturatik ulertzen duela esanez ekin zuen Iban Arantzabalek:

  • Praxi lokaletik abiatu eta modu naturalean mekanismo interkorporatiboetara.
  • Tresnak, hausnarketak, lan-taldea, irtenbidea eta praktika partekatuak.
  • “Eman eta zabal ezazu” da aktibaziorako jokamolde on bat.
  • Aktibazioa, demokrazia sozialetik.

Herri ekimenetik sortutakoak dira tokiko hedabide gehienak eta komunitate horri ikusgarritasuna ematerako orduan duten balio nabarmendu zuen. “Komunikabidea egitea baino, komunitatea egitea” da beraien egitekoa. Eta beste hizlariek esan bezala, euskara, beraientzat ere, naturalki erabiltzen duten hizkuntza izatearekin batera, bestelako balioen eroale ere bada.

Horrekin batera, toki komunikabideek eta, bereziki, beraien hizkuntzan lan egin nahi duten komunikabideek dituzten erronkak eta arriskuak aipatu zituen.  Erronka nagusi bezala, kontsumitzaile kopurua handitzen jarraitzea eta tokiko hedabideen eragin eremua handitzea aipatu zituen. Hedatze horretan, metakomunitatearen ideia berreskuratu nahi izan zuen (Gorka Julioren Herrizoma proposamenari erreferentzia eginez). “Komunitatea hurbilarekin zein urrunago dagoenarekin loturak egiten asmatu beharra daukagu”.

Erronka zein arrisku esparruan kokatu zituen, berriz, teknologia berriak. “Konplexurik gabe erabili eta baliatu behar ditugu. Aurrera begira jarri eta, beste eragileekin elkarlanean, eremu berrietan egon behar du euskarak atzean geratu nahi ez badugu”, adierazi zuen.