Select Page

Nazioarteko proiektuetan gure hizkuntzei lekua egiteko “gida ez-perfektua” aurkeztu dugu

Pasa den asteartean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, TOSTA ekimenaren bi emaitza aurkeztu genituen Donostia 2016k eta Euskaltzaleen Topaguneak: batetik, nazioarteko kultur proiektuetan hizkuntza gutxituak lehenesteko “gida ez-perfektua” eta, bestetik, Tosta ekimenaren bidaia jaso duen dokumentala, Jorge Fernández Mayoralek zuzendutakoa.

“Gida ez-perfektua”

Nazioarteko proiektuetan ari diren eta hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu nahi duten kultur eragileei zuzendutako praktika proposamena da. Tostan jasotako hizkuntza irizpideak eta bizipenak bildu ditugu gidan, antzeko ekimenetan ari direnentzako lagungarri izan daitekeelakoan. Irizpideek hizkuntza ekologiaren teoria izan dute oinarri eta, besteak beste, honako ideia nagusiak jaso genituen:

  • Hizkuntza aniztasuna aberastasuna da munduarentzat; komunitate batentzat bere hizkuntzan hitz egin ahal izatea bizitza kalitatea da-eta.
  • Hizkuntza bakoitzaren balio unibertsala defendatzen dugu, aniztasuna, berdintasuna eta elkartasuna zaintzeko.
  • Hizkuntzari garatzeko aukerak emango dizkiogu, eta progresiboki funtzio berriak eman.
  • Norbere hizkuntzan egin daitekeena, ez litzateke beste hizkuntza batean egin beharko.
  • Tosta herrixka gure hizkuntzen arnasgunea da, bertan normaltasunez erabili ditzakegu eta hizkuntza nagusiak dira.
  • Hizkuntza guztiek dute balio bera: gure hizkuntza babesten dugu, eta gainontzekoak errespetatu.

Tostan parte hartu dugun zazpi komunitateen hizkuntzetan argitaratu dugu gida: galizieraz, irlanderaz, eskoziar gaelikoz, kornubieraz, galeseraz, frisieraz eta euskaraz.

Tosta dokumentala

Atlantikoan barrena bidaiatzen ibili den enbaxadaren kronika da Jorge Fernandez Mayoral zuzendariaren lana. Gure ozeanoak bustitzen dituen hizkuntza-komunitate gutxituen  errealitateak islatzen ditu. Proiektuan bidailagun izan direnen lekukotzen eskutik, eta arte diziplina anitzen bitartez, txikien arteko elkarlanaren handitasuna adierazten du. Tostak bidaian aurkitutako hizkuntza guztien doinuak jaso ditu lanak, eta ordubeteko iraupena dauka.

Gida eta dokumentala laster jarriko ditugu ikusgai. Hala ere, gidaren alerik jaso nahi izanez gero, arrate@topagunea.eus helbidera idatz dezakezue.