Topagunea

Mintzapoza nagusi Donostian ospatutako Mintza Eguna jaian

Maiatzaren 27an Mintza Eguna Donostian ospatu zen, duela 30 urte Mintzapraktika jaio zen hirian. Euskal Herriko zein diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko aukera paregabea zuten. Bagera euskaltzaleen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egitarau oparoa eskaini zuten, Donostiako Udalaren babesletzapean eta hainbat laguntzaileren ekarpenari esker. Mintzapoza, eskerrak eta jai giroa nagusi aurtengo Mintza Egunean.

Goizeko harreraren eta hamaiketakoaren ondoren, ibilbide bertsotu batekin girotu zen goiza. 12:30ean San Telmo museora hurbildu eta mundu osoko mintzalagunekin batera Mintzodromoan parte hartu zuten. Mintzapraktika arigune honetan guztira 170 lagunek parte hartu zuten, presentzialki zein modu birtualean. Mintzapoza elkarrekin praktikatzen jarraitzeko eta komunitatea trinkotzeko hitzordu nagusia bilakatu zen. Emozio dantzarekin jarraituz, esker emate ekitaldian une hunkigarriak eman ziren San Telmo museoko elizan. Bertan Mintzalaguna, Mintzanet eta Jalgi Hadi mundura komunitateek ekitaldia parte hartzaileak omendu eta eskerrak emateko baliatuko zuten. Bazkalostean, jai giroa izan zen nagusi bertaratutako mintzalagunen artean.

30 urtez mintzapoza praktikatzen

Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko ospatzen da eta luzea da egun berezi honetaz gozatu duten herrien zerrenda:
Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian, Lapuebla de Labarkan eta Hendaian.
30 urte mintzapoza praktikatzen

Aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik. Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea izan zen lehen pauso hura eman zuena, gerora hainbesteko mugimendua ekarri duen pausoa. 1993ko abenduan izan zen: sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu eta justu hortxe sortu zen mintzapoza!

Praktikatzeko aukerak biderkatuz

Bidelariek eta Bidelagunek, eskuz-esku, euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak biderkatu dituzte 30 urteotan, horren erakusle da gaur egun Mintzapraktikan aritzeko dauden modu anitzak:

  • Gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak edo paseoak, mintzaboxeo, emakume taldea, pintxopote taldea, abesbatza.

Orduz geroztik Euskal Herrira zabaldu da egitasmoa eta Mintzalagunen sarea. Pentsa, gaur egun 7000 pertsonatik gora ari dira astero elkartzen Mintzapraktika egiteko. Astean ordu betez, solasaldi lasaian, Bidelagunek lotsa gainditu, akatsak egiteari beldurra kendu, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabileran trebatuz. Bidelagunei, modu boluntarioan ari diren euskaldunei, astean ordu bete eskainiz, ezagutza partekatu eta euskararen alde alea jartzeak MintzaPoza sorrarazten die.

Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundurak euskara internet bidez praktikatzeko aukera eskaintzen dute eta sarean baliatuz elkartzen dira munduko bidelari eta bidelagunak: Ozeania, Euskal Herria, Estatu Batuak, Frantzia, Mexiko, Irlanda, Argentina, Uruguay, Txile, Espainia eta Erresuma Batukoak.

Mintza Eguna 2023 Donostian

Exit mobile version