Select Page

MintzaPoza Tonbola herriz herri

Mintzalagun, Berbalagun, Solaslagun, Mintzakide eta Solaskideek MintzaPOza elkarrekin praktikatzeko deia egin diete beraien bizilagunei.

Pasa den irailaren 22an abiatu zuten aurtengo kanpaina Euskal Herriko hainbat txokotan eta MintzaPoza tonbolaren bidez ezagutarazi dute Mintzapraktika egitasmoa zenbait herritan.

Azken bi urteotan, Covid 19ak eragindako egoerara egokitu dira Mintzapraktika egitasmoak, euskara lagun eta giro atseginean praktikatu ahal izateko. Orain, berriz, aurrez-aurre elkartzeko gogotsu dira eta horretxek diote sortzen diela MintzaPoza, bai euskara gehiago erabili nahian Mintzapraktikan dabiltzanei, bai azken hauekin astean behin borondatez elkartzen diren Bidelagunei. Horixe baita egitasmoaren arrakasta, bizilagunak talde txikietan elkartzea: euskaraz bizi direnak eta horixe lortzea nahi dutenak. Horregatik, Mintza Tonbolarekin irten dira Mintzalagunak kalera, beraien bizilagunak MintzaPoza elkarrekin praktikatzera animatzeko, eta gerturatu direnen artean zenbait sari banatu dituzte gainera.

Irailaren 19an abiatu zen tonbola Oionen, bertako Andoni Mintzalagunak irabazi zuen eguneko saririk handiena: landetxe batean bi pertsonarentzat egonaldia. Aurreko asteburuan, berriz, Bergaran, Zaldibarren eta Tolosan izan da eta datozen asteetan beste hainbat herritan izango da MintzaPoza praktikatzeko deia zabalduz. Mintza Tonbolak bisitatuko dituen herriak eta datak

Gerturatu mintzapraktika egitasmoak ezagutzera eta animatu MintzaPoza praktikatzera ez zara damutuko, MintzaPoza praktikatuz beti irazbazten duzu eta!

Gorka beobide, Arabako errioxako dinamizatzailea, Oiongo saria ematen

Zaldibarren, tonbolarekin batera, ikasturteko lehen ekintza burutu zuten, Hodei Magoarekin

Tolosan Arantxak MintzaPozez jaso zuen Nekatur bonua.

Bergaran herriko kultur taldeen Azokaren barne izan zen Mintza Tonbola