Select Page

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu da, euskarazko aisialdia artikulatu eta garatzeko

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioa eratu da irailaren 25ean Elgoibarko musika eskolan egindako eratze bilkuran. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da erakunde berriaren sorrera. Helburua tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzea da.

Guztira 14 euskara elkarte batu dira Kukulaisi federaziora, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Ondokoak izan dira lehen txanpan federaziora batutako elkarteak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi federazioaren eraketan.

 

Federazio irekia

Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da.

Euskara elkarteak lehendik ere Euskaltzaleen Topaguneak eta bestelako bilguneetan ere partaide izan direla gogoratu du Markel Baroja Berbaizu euskara elkarteko ordezkari eta Kukulaisi federazioko zuzendaritzakideak. Horrela Oinherri, Amarauna sarea edo aisialdi foro ezberdinak aipatu ditu, besteak beste. Kukulaisi artikulazio horretan ekarpena egiteko sortu dela azaldu du, aisialdi euskaldun euskaltzalea artikulatzeko. Federazioa irekia dagoela azpimarratu du, helburu bera partekatzen duten bestelako eragileei ateak zabalik.

 

Aisialdiaren garrantzia euskararen garapenean

Eratze batzarraren hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu da. Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Topalabe taldeak landutako Berrindartu eta jauzi gogoetan aisialdiaren arloa, lan-munduarekin batera, hurrengo urteetarako estrategikoak diren eremuak direla gogogra ekarri du. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu da. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria. Sektore artikulatu batek bere eragina biderkatu dezakeela nabarmendu da, azkenik.

Gogoetaren emaitza

Aisialdi eremua lantzen duten euskara elkarteetako kideek Euskaltzaleen Topagunea sortu zenetik aisialdi batzordean batzen badira ere, urte asko dira arloaren artikulazioan sakondu beharra agertu dela. Hala ere, batzarrean hitza hartu duten kide ezberdinek esan dutenez, pandemiak behar hori areagotu eta azken hilabeteak emankorrak izan dira federazio berria gorpuzteko. Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko kide Naiara Martinek gogoeta prozesua ekarri du gogora eta orduko lanketaren emaitza sortzen ikusteak poza ematen duela azpimarratu du. Ondoko bideoan ikus daitezke gogoeta prozesuan jasotakoak:

 

Eratze bilkuran Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko ordezkariak eman die ongi etorria bertaratutako guztiei. Gainera, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Kukulaisi federazio berria gidatuko duen zuzendaritza taldeak eta urritik aurrera federazioko zuzendari izango den June Alegriak ere hartu dute hitza.

Federazioa eratuta, lehen hilabeteetan, orain arteko gogoetatik irtendako asmoak egitasmo zehatzetan gauzatzeari ekingo zaio hurrengo astelehenetik aurrera.