Select Page

Hizkimizki.com, sarean prest

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hizkimizki.com webgunea aurkeztu du. Euskaratik eta euskaraz sortu den tresna berri honek hizkuntzen arteko poltsikorako oinarrizko hiztegiak sortzea du helburu. Osotara 43 hizkuntza biltzen ditu eta euren arteko konbinazioak eginez 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen ditu webguneak. Horietako hizkuntza asko lehen aldiz jarri dira bata bestearekin harremanetan, esaterako aragoiera-nepalera edo fula-islandiera.

hizkimizki_aurkezpena

Webgunearen funtzionamendua argia da. Erabiltzaileak nahi dituen bi hizkuntza hautatu eta momentu horretan hizkuntza horien arteko oinarrizko hiztegia sortzen du datu baseak: maketatuta ematen du, Din A4 batean inprimatu, tolestu, eta poltsikoan sartzeko prest. Hiztegiek komunikatzeko beharrezkoak diren nozioak biltzen dituzte, hala nola agurrak, ohiko galderak, eta abar. Esaldi horien artean euskarari eta Euskal Herriari erreferentzia egiten dioten esaldiak bildu dira webguneko 43 hizkuntzetan. Horrenbestez, Hizkimizki Euskal Herriaren enbaxadorea izango dela esan daiteke.

Euskararen onurarako egindako lan honek bestelako hizkuntza gutxiagotuen onurarako ere erabilgarria izan daiteke. Izan ere, erabiltzaileak inoiz harremana izan ez duten hizkuntzen arteko hiztegia sor dezake, adibidez, alemanaren eta quechuaren artekoa. Hori dela eta, Quechua hizkuntza hitz egiten den herrialde batera doan alemanak quechueraz komunikatzeko aukera izango du gaztelaniara edo ingelesera jo gabe.

Hizkimizki.com aukeratutako edozein hizkuntzen arteko zubilana egiteko baliatu ahal izango da. Aurrerantzean poloniera/errumaniera, errumaniera-poloniera eta nahi beste konbinazio egin ahal izango da.

Proiektua garatze bidean dago. Aurrera begira erabiltzaileak izena eta pasahitz baten bitartez datu baseko informazioa zuzendu, aldatu eta gehitzeko aukera izango du. Gainera, etorkizunean hiztegiak gaika sortzeko aukera izango du erabiltzaileak.

 

Auzoko egitasmoa

Hizkimizki.com webgunea Topagunearen Auzoko egitasmoaren baitan sortu da. Proiektua euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko asmoa duen ekimena da. Auzokoren oinarrian elkar aitortza dago, hau da, euskara hurbilduko denak euskarari aitortza bat egiten dio eta hori bi zuzenbideetan eman dadin Euskal Herrian hitz egiten diren beste hizkuntza batzuk jaso dira.

Euskaratik abiatuta, programa honen barruan poltsikorako oinarrizko 32 hiztegi sortu dira. Hiztegi hauek Euskal Herrian hitz egiten diren hainbat hizkuntzetatik sortu dira eta hiztunek sortu dituzte, hain zuzen ere.

Hizkimizki.com-ek Eusko Jaurlaritzaren Immigrazioa eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaritzaren eta Kutxaren babesa izan du. Aplikazio informatikoa KONPONBIT elkarteak sortu du.