Topagunea

Haurren aurrean helduok heldu 2023

Haurren aurrean helduok heldu, guraso eta bestelako hezitzaileen arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO,  hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.

Urriaren 19tik 29ra bitartean, beraz, ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko.

Ze herri/auzo ari dira ekimenean parte hartzen?

ARABA
● Aiara
● Añana
● Aratzua-Ubarrundia
● Artziniega
● Aramaio
● Gasteiz (Judimendi, Abetxuko eta Salburua auzoak)
● Lantziego
● Laudio
● Legutio
● Okondo
● Urkabustaiz
● Zigoitia
● Zuia

BIZKAIA
● Amorebieta-Etxano (Zornotza)
● Arrigorriaga
● Aulesti
● Balmaseda
● Bilbo (Deustu)
● Elorrio
● Etxebarri
● Erandio
● Gatika
● Getxo
● Gernika-Lumo
● Larrabetzu
● Mungia
● Munitibar
● Ondarroa
● Portugalete
● Sestao
● Sodupe
● Trapagaran
● Ugao-Miraballes
● Zalla
● Zeberio

GIPUZKOA
● Aretxabaleta
● Arrasate
● Beasain
● Bergara
● Donostia (Alde Zaharra, Loiolako erriberak, Antiguo, Gros, Añorga, Amara Berri, Egia, Martutene eta Ibaeta auzoak)
● Eibar
● Elgeta
● Eskoriatza
● Gabiria
● Irun
● Lazkao
● Legorreta
● Oiartzun
● Pasaia
● Soraluze
● Urretxu
● Usurbil
● Zegama
● Zumaia
● Zumarraga

NAFARROA
● Aranguren
● Atarrabia
● Burlata
● Iruñea (Lezkairu, Iturrama, Arrosadia eta Txantrea auzoak)
● Irurtzun
● Lakuntza
● Lizarra
● Ziordia
● Zizur Nagusia

IPAR EUSKAL HERRIA
● Donibane Garazi
● Ortzaitze
● Beste zenbait herritan aurrerago egingo da ekimena.

Zer da "Haurren aurrean helduok heldu"?

Urrian, 10 egunez, baliabideak eman eta ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko. Honako aktibaziorako giltzarriak erabiliko ditugu: sentsibilizazioa, ahalduntzea eta saretzea. Hau da, proposamena herrietan dinamika multzo bat antolatzea da, gurasoak sentsibilizatu, ahaldundu eta saretu daitezen. Aktibazio soziala da estrategia horren helburu.

Hortaz, sentsibilizazio kanpaina bat proposatzen dugu, ekintza ezberdinak antolatuz euskaraz lasai aritzeko espazioak sortzeko. Horrela, aldi berean, 12 urtetik beherako haur eta gazteekin harremana duten helduen aktibazioa sustatuko genuke. Hots, hizkuntza eredugarritasunaren eta sozializazioaren inguruan hausnartuta, euskaldunak saretu, ahaldundu eta hizkuntza ohiturak euskarara gehiago ekartzea dugu xede.

Helburu nagusiak
  1. Gurasoen* arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea.
  2. Helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea.

 

Nori dago zuzendua?

0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede taldea: gurasoak zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrak. Helduen arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua (ez gara ari helduek umeei euskaraz hitz egiteari buruz, praktika hau ere bultzatzen dugula esan beharrik ez dagoen arren). Helduak diogunean, umeekin ari diren 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara.

Zein da ekimenaren helburua?

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen.

“Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak.

Hiru dira arau horren oinarri nagusiak:

  1. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz).
  2. Lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin.
  3. Kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere.
Noiz izango da?

Ekimena urriaren 19tik (osteguna) 29ra (igandea) izango da. Hots, ikasturte berriko dinamika abiatuta dagoenean, ekimenak proposatzen duen dinamikak ikasturte osoan ahalik eta eragin handiena izan dezan. Ekimen honek txinparta pizgarri izan nahi du, ikasturte hasieran, gurasoen arteko hizkuntza praktikak euskarara indartu daitezen hurrengo aste eta hilabeteetan.

Non egingo da?

Lurraldeari dagokionez, Euskal Herri osoan egitea proposatzen dugu, baina herri batzorde eta eragileen inplikazioaren arabera, eragin maila desberdina izango du ekimenak herrietan. Herriaren eremu osoan eragin edo eremu zehatzak lehenestea ere erabaki lezakete herri batzordeek: hala nola, auzo batzuetan soilik egitea, eskola zehatz batzuekin lankidetzan aritzea, eta abar.

Eremu fisikoak: nagusiki, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informalak. Parkeak, eskola kanpoaldea, plazak, etab. Baita ekintza bereziak antolatzen diren espazioak ere. Kaleko espazioez gain, ekimena etxeetara iristea ere lortu nahi dugu.

Nola jakin tokian toki ariketa ze espaziotan egingo den?

Tokian toki sortutako batzordeak izango dira ekimena aurrera eramango dutenak. 

Herri bakoitzak jakinaraziko ditu prestatu dituen ekintzak. Horrez gain, ariketaren irudia duten euskarriak erabili ahal izango dituzte helduei ariketa gogora ekartzeko eta euskaraz aritzeko gune bihurtzeko. 

Zergatik eta zertarako ekimen hau?

Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta mintzairen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte. Hau da, haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten modutik ere ikasten du hizkuntza eta berau erabiltzeko arau soziala (norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez; non bai, non ez; zertarako bai, zertarako ez…). Hortaz, hizkuntza portaeretan haurrekiko eredugarritasuna zaindu nahi bada haiei zuzenean egiten zaien modua ez ezik, haien aurrean egiten den hizkuntza jarduna ere aintzat hartu beharko da.

Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.

Euskararen erabilera ohikoa, bat-batekoa eta berezkoa duten haurrak, aise mintzatu eta hizketan eroso arituko direnak nahi baldin baditugu, hizkuntza portaera parekoak ikustea eta ikastea garrantzitsua da. Garrantzitsua da helduek eredu hori ematea, haurren erreferenteak dira hizkuntzarekin batera erabiltzeko arau sozial eredugarri hori beretu dezaten. Kontutan hartzekoa ere, gurasoak ez direla umeen hizkuntza erreferente bakarrak. Haurrak ingurutik ikasten du hizkuntza eta baita hizketan aritzeko ohitura eta araua ere.

Egun euskaldunekin euskaraz egitearen ohitura eta nahia sozializatzeko, koherenteak izan behar dugu eta eredugarri jokatu, haurrek ere jokabide hori bere horretan barneratzea nahi badugu. Portaera hori etxean ez ezik, etxetik kanpo ere barneratuko du haurrak, haren ondoan dauden helduen portaeretatik.

Euskal Herriko kaleetan nagusitzen den joera honakoa da: euskara gehien erabiltzen da haurrak eta helduak elkarrekin daudenean. Erabilera daturik baxuenak, berriz, nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean jasotzen dira.
Joera horri buelta emateko pausoak emateko prest?

Informazio gehiago oskarb@topagunea.eus edo 688 73 02 35

Exit mobile version