Select Page

Haur eta gazteen aisialdiaren sektorea egituratu eta apustu egitea erabaki du Topagunearen Batzar Nagusiak

Haur eta gazteen aisialdia euskaraz bizitzeko jarduera duten euskara elkarteak egituratu eta egoera honi batera erantzutea erabaki dute. Ostiralean, maiatzaren 7an, egin da 2021eko Euskaltzaleen Topagunearen Batzar Nagusia, eta bertan aho batez erabaki da egituratze prozesua abiatzea. COVID-19aren pandemiak kaltetutako sektoreen artean aisialdi sektorea dago. Horrek haur eta gazteen hizkuntza gaitasun eta erabilerari asko eragin dio azken urtean. Horregatik, herriz herri euskarazko eskaintza antolatzen duten elkarteek egoera zailari batera erantzutea erabaki dute eta horretarako sektorea egituratzeko prozesua abian jarri dute. Topaguneak prozesu hori bultzatu eta lehen urratsak gidatzea erabaki da batzarrean.

Otsaila eta martxoa artean egindako gogoeta prozesuan erabaki zuten elkarteek prozesua abian jartzea. Bertan azken urtean aisialdiko eskaintza antolatzeko egon diren zailtasunak agerian jarri ziren eta hurrengo hilabeteetan euskarazko aisialdia berreskuratzea funtsezkoa izango dela azpimarratu zen. Pandemia garaian haurrek euskararekin lotuta izan dituzten hainbat eremutan (eskolan, aisialdian, lagunartean,…) aritzeko izandako zailtasunek atzerapauso handiak ekarri dizkiete euskararen ezagutza eta erabileran. Eragina haur eta gazte guztiek jasan duten arren, bereziki eragin du etxeko hizkuntzen artean euskara ez duten gaztetxoengan. Horrek nabarmendu du aisialdiak eta eskolaz kanpoko eremu ez-formalek hizkuntzaren normalizazioan duten garrantzia.

Euskaltzaleen Topaguneak 2021eko lan ardatz nagusien artean kokatu du herriz-herriko aisialdi dinamiken egituratzea gaur egindako Batzar Nagusian.

Bazkide berriak onartuak eta Zuzendaritza berritua

Sarean egin da 2021 urteko Ohiko Batzar Nagusia. Euskal Herri osoko 29 euskara elkarteetako ordezkariak bildu dira Batzarrera eta 2020ko jarduera onartzeaz gain 2021eko lan-ildo nagusiak aho batez onartu dira.

Hiru elkarte berri batu dira Euskaltzaleen Topagunera, era berean: Euskarabentura elkartea eta Laudioko Kirikiño aisialdi taldea zein Sorginlarren elkartea. Aisialdiari oso lotuak dauden hiru elkarte direla azpimarratu da.

Zuzendaritza berritzeko ere baliatu da Batzar Nagusia. Azken urteotan zuzendaritzakide izandako Asier Lafuente (Olbea elkartea), Jexux Murua (Galtzaundi elkartea) eta Maier Arrietak (Egizu elkartea) Zuzendaritza Batzordea utzi dute. Hirurok egindako lana eskertu du Kike Amonarrizek gainontzeko zuzendaritzakideen izenean, ekarpen handia egin baitute bakoitzak bere inguru eta errealitatetik. Hautagai modura aurkeztutako kide berri bat onartu dute bazkideek zuzendaritzarako, bestetik: Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkarteko Mikel Astorki.

Hamar laguneko Zuzendaritza Batzordea izango du aurrerantzean Topaguneak beraz, Kike Amonarriz, Karmelo Ayesta, Mikel Astorki, Irati Iciar, Iker Martinez de Lagos, Aritz Martinez de Luna, Jasone Mendizabal, Ainara Vazquez, Azaitz Unanue eta Oskar Zapatak osatua.

Gizarte aktibazioa eta sektore kaltetuenetan eragitea

2020 urtean gizarte osoak pandemiaren eragina jasan duela azpimarratu dute zuzendaritzako ordezkariek batzarrean. Euskara elkarteen jarduerak ere kolpatuak izan direla gogora ekarri da eta urte korapilatsua izan dela hainbat jarduera egin ezinik geratu direlako eta beste asko zeharo moldatu behar izan direlako. Horien artean bereziki azpimarratu dira kultur sektorea eta lehen esan bezala, aisialdikoa. Baina hala ere, Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten euskara elkarteek, Tokikomeko hedabideek eta Topaguneak berak jarduerari ahalik eta neurri handienean eutsi diotela nabarmendu da, egoera berrira moldatzeko ahalegin handia eginda. Sortu diren arazoen aurrean batzorde eta dinamika berriak abiatzea, presentzialki garatzen ziren dinamika asko telematikoki egiteko urratsak ematea, aurrez aurre egin ohi ziren hainbat ekimen egoera berrira moldatzea (mintzapraktika, Udagoieneko Ostera edo Harrapazank esate baterako), Euskaraldiari eustea, ekimen berri eta berrituak martxan jartzea eta elkarte ia guztien dinamikari eutsi ahal izatea dira horren adibide.

Gainera, erraza izan ez den urte batean Elkartasun Kutxa abiatzea lortu da, hurrengo urteetan mugimenduan elkartasuna antolatu eta tokian tokiko egitasmo estrategikoak martxan jartzen laguntzeko sortu den tresna.


Hurrengo hilabeteetarako, kaltetuen izan diren sektoreetan jauzi berriak egiteko kudeaketa plana martxan jartzea erabaki da Batzar Nagusian. Kultur jarduera izan da azpimarratu den arloetako bat, sektore guztiz kolpatua izanik, jarduera lehenbailehen berreskuratu eta egoera berrira egokitzeko neurriak onartu dira.

Euskaltzale aktiboak saretu eta euskararen aldeko gizarte aktibazioa areagotzeko lan ardatzean sakontzea ere erabaki dute aurtengo batzarrean parte hartu duten euskaltzaleen elkarteek. Eta horrekin batera, 2021 urteko egitekoen artean izango dira sentsibilizazio egitasmoen zabalkundea, Nafarroan euskararen aldeko jarrerak lantzeko ildoa abiatzea eta kultur ekipamenduak dituzten euskara elkarteen arteko gogoeta partekatua egitea, besteak beste.

Hurrengo urtean 25 urte beteko dituen Euskaltzaleen Topaguneak euskararen erabileran eragingo duen herri proiektu ilusionagarri bat eraikitzeko helburuari eutsiko dio, pandemiak sortutako egoerari egokituz.