Select Page

Goierriko euskalgintzan murgil! Lazkaon bisita gidatua maiatzaren 14an

Iazko irailean Aiaraldeko Faktoria ezagutzeko egin genuen bisitan Lazkaoko Gerriko elkarteko lagunek lekukoa hartzea erabaki zuten. Esan eta egin: maiatzaren 14rako jaso dugu goierritarren gonbitea. Plana: Gerriko elkartea, Goierriko euskara elkarteak, Beneditarren artxiboa, Maizpide euskaltegia eta Goierriko mugimendu euskaltzaleak sortutako egitasmoak ezagutzea eta txokoan bazkaria.

Hauxe da bidali diguten gonbitea:

Goierriko euskalgintzan murgil!!! LAZKAORA TXANGOA

Aspaaaaldikoa da gure elkartea. “Patxi zaharra” bizirik eta “lanean” zenekoa; gaueskolak, debekuak, ezkutuko lanak…
Sorreratik gaur arte, izen eta izan aldaketak izan ditu Elkarteak:

  • GOIHERRIKO ALFABETATZE EUSKALDUNTZE ESKOLA KULTUR ELKARTEA, izen luuuuuzea eta bihurria; Goierri -h- eta guzti!!! Laburtuta, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, luzea hala ere.
  • 1988an, Maizpide Euskaltegi-Barnetegiaren sorrerarekin, euskararen irakaskuntza formal eta arautua jada bideratuta ikusirik, GOIERRIKO EUSKAL ESKOLA KULTUR ELKARTEAK euskaraz egindako Kultur ekintza eta ikerketei buru-belarri heldu nahi izan zien, etxean edo eskolan euskara ikasi duen euskaldun oro euskara erabiltzera bultzatzeko.
  • Eta, ofizialki, 2020-03-03tik, GERRIKO KULTUR ELKARTEA.

Bisita plana prestatzen ari gara eta ezin dizuegu oraindik egitaraua zehaztu, baina Lazkaoko zilborrean ibiliko gara harat-honat: plaza, udaletxea, Lazkao Txiki Zelaia, Beneditarren artxiboa eta Maizpide Euskaltegi-Barnetegia ikusi/ezagutuko ditugu axaletik eta, sakonago, Antsotegi eraikina, etxea, Gerriko Kultur Elkartearen egoitza: liburu-denda eta Txokoa, batez ere.

Noiz: maiatzaren 14an, larunbata.

  • Elkarketa eta ongi-etorria: goizeko 11:00etan Lazkaoko plazan.
  • Bisita gidatua: 11:30etik 14:00etara
    • 11:30-12:00, Beneditarren artxiboan sartu-irtena, Joan Joxe Agirre beneditarra ezagutu eta bidea ikastea.
    • 12:15-12:45, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia ezagutu.
    • 12:45-13:00, Lazkao Txiki Zelaia.
    • 13:15-14:00, Euskalgintzan Goierrin: Beasainen Aittu!, Ordizian Hitzaro eta Lazkaon Gerriko. Zer berri
  • 14:30ean, bazkaria Txokoan (15 €. Barazkijale, begano edota zeliakoentzako menua aukeran, aurrez abisatu, izena ematerakoan).

Izenematea: maiatzaren 10a baino lehen, mesedez, Txokoan mahaiak erreserbatzeko.

Izen-ematea

Izen-ematerako ondoko formularioa bete ezazue, mesedez: https://labur.eus/topa-lazkao-m14

Plan bikaina da proposatu digutena, beraz, gorde eguna agendan, eta anima zaitezte!