Select Page

Euskara eta katalanaren arteko konparaketa, “El catalá, la llengua efervescent” liburua abiapuntu

Ondoko testua Kike Amonarrizek “El catalá, la llengua efervescent” liburua irakurrita egindako gogoeta da. Euskara eta katalanaren artean dauden ezberdintasun eta antzekotasunak aztertu ditu egileak eta etorkizunerako partekatzen ditugun erronkak aletu.  

Carme Junyentek El català, la llengua efervescent (Viena edicions, 2021) liburua koordinatu du. Bertan, katalanaren egoeraren eta erronken inguruan 77 adituk eta arituk idatzitako artikuluak biltzen dira. Kezka da nagusi eta analisi asko euskarari aplikatzeko modukoak. Baina liburuaren mamiari ekin aurretik, komenigarria iruditu zaigu euskararen eta katalanaren arteko antzekotasun eta desberdintasun nagusienak aipatzea.

Aurten, bestalde, EHUren Udako Ikastaroetan, Hizkuntza gutxituen aldeko aktibazio soziala ikastaroa antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak eta bertan izan genituen Plataforma per la Llengua erakundeko bi partaide (Francesc Marco eta Òscar-Adrià Ibañez) katalanaren gaur egungo egoera eta haren aldeko mugimenduena azalduz. Bertan deskribatutako egoerak, inpaktu handia izan zuen hainbat entzulerengan. Ikastaroan parte hartzen ari zen Euskara Elkarte bateko kide batek halaxe esan zien hizlari katalanei azalpenak bukatu zituztenean: “Zuek ere oso gaizki zaudete! Mito bat erori zait!”.

Eta ezin ahaztu, aurtengo Topaldian Carme Junyentek berak (@CarmeJunyent), beste hainbat ideia eta proposamenen artean, Kataluniako murgiltze-ereduari buruz esan zuena; hau da, murgiltze-eredua porrota izan dela han. Une honetan ikastetxeen erdiek ez omen dituzte murgiltze-ereduaren baldintzak betetzen eta gaztelania maiz erabiltzen omen da.

 

Euskara eta katalana: bi errealitate soziodemografiko eta geopolitiko

Euskararen eremua, bi estatutan banatzen da (Espainia eta Frantzia), eta Hegoaldean, bi administrazio-eremutan (EAE eta Nafarroa).

Katalana, aldiz, lau estatutan hitz egiten da: Espainia, Frantzia, Andorra (non hizkuntza ofizial bakarra den) eta Italia (Sardiniako L’Alguer herrian). Espainiako estatuan, berriz, bost administrazio-eremutan hitz egiten da: Katalunia, Aragoi (Franja de Ponent edo Aragoi ekialdeko zerrenda delakoan), Valentziar Herria, Balear Irlak eta Murtzia (El Carxe eskualdean). Lurralde horietan 14 milioi pertsona inguru bizi dira. Horietatik 13 milioi inguruk ulertzen dute katalanez (% 93 inguruk) eta 10 bat milioik hitz egiten dute: % 71 inguruk.

Euskararekiko aldeak nabarmenak dira. Gurean, guztira 3 milioi pasatxo biztanle gara. Horietatik ulertu % 45 inguruk egiten dugu eta hitz egiteko gai gara milioi bat lagun gutxi gora behera (% 28 bat). Katalana, Europako tamaina ertaineko hizkuntzetako bat da, hainbat estatu-hizkuntzak baino hiztun gehiago dituena.

Eta ezin dugu ahaztu, bai Herrialde katalanetan eta bai Euskal Herrian, okzitaniera ere hitz egiten dela. Gurean, ia desagertuta dagoen arren, oraindik mintzo da eta ikasten da Iparraldeko hainbat herritan, eta, Katalunian hizkuntza ofiziala da Vall d’Aranen.

 

Euskararen eta katalanaren arteko desberdintasunak

Bi hizkuntzen arteko desberdintasunak ugariak eta handiak dira, baina nire ustez funtsezkoenetakoak ondorengo hauek izan daitezke.

Inguruko hizkuntzekiko distantzia linguistikoa da bien arteko alderik handienetako bat. Katalana hizkuntza erromanikoa da eta gertuko ditu gaztelania eta frantsesa edo italiera. Erraz ikas daiteke, beste hizkuntza horietakoren bat jakinda. Ez euskara bezala, zeina ez dakiten guztientzat erabat desberdina gertatzen den. Faktore honek eragin zuzena du komunikazioa segurtatzeko momentuan: katalana hizkuntza erabilia den eremuetan bizi diren gehien-gehienek ez dute arazorik egoera arruntetan katalana ulertzeko. Hori dela eta, hango aukera, jokaera eta esperientzia asko ezin dira mimetikoki Euskal Herrira ekarri.

Hiztun kopuruan ere alde handiak ditugu katalanek eta euskaldunok: guk milioi bat hiztun potentzial ditugu (euskaraz erraztasun handiagoz edo txikiagoz egin dezaketenak) eta katalanek 10 bat milioi. Kopuruetan dagoen alde honek eragin handia du kultur ekoizpenetan eta kontsumoetan, adibidez. Merkatu-legeen arabera, egunkari, liburu edo ikus-entzunezko produktu gehiago ekoitzi daitezke hamar milioiko merkatu batean.

Euskaldunok ez dugu euskara hizkuntza ofizial bakarra duen estaturik. Katalanek bai: Andorra. Bertan, katalana da hizkuntza ofizial bakarra. Eta Andorra, txikia, baina, estatua denez, katalana, esate baterako, inolako arazorik gabe erabiltzen da Nazio Batuen Erakundean 1993tik, hau da, Òscar Ribas lehen ministroak lehen hitzaldia eman zuenetik (ingelesera itzultzen dute). Edo, behin baino gehiagotan entzun da, Eurovisionen (Anonymus taldea, adibidez).

Bada bi hizkuntzen arteko desberdintasun bat, ordea, guztiz gure aldekoa, eta guk askotan uste izan duguna baino garrantzi handiagoa duena: hizkuntzen izenarena. Gure hizkuntzak eta gure lurralde linguistikoak izen bat eta bakarra dute: euskara eta Euskal Herria. Edozein hiztunek bere burua izen horien barnean ordezkatua sentituko du, hizkuntza-komunitate osoari halako batasun bat emanez. Herrialde katalanetan, aldiz, oraindik ere, sezesionismo linguistikoak sekulako indarra du, batez ere Valentziako sektore eskuindarretan, baina baita Balearretan edo Aragoin, esate baterako. Auzi honek eragin handia du hizkuntza-komunitatearen trinkotzeari begira, edo, lankidetza sozial nahiz instituzionalari begira.

Gure aldeko beste desberdintasun bat, adin-taldeen araberako hizkuntza-erabileraren hurrenkerak erakusten diguna da: Euskal Herrian haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak eta adinekoak, aldiz, gutxien egiten dutenak. Katalunian aldiz, adinekoak dira gehien egiten dutenak.

 

Iturria: Enquesta d’usos lingüístics de la població 2018. DGPL Generalitat Catalunya i Idescat

Iturria: Hizkuntzen kale erabileraren neurketa. Euskal Herria 2016. Soziolinguistika Klusterra

Bi hizkuntzen egoeren arteko berdintasunak

La llengua efervescent liburuan agertzen diren erronka, kezka eta arazo gehienak komunak dira euskararentzat eta katalanarentzat, eta esango nuke, hala direla baita munduko hizkuntza gutxitu askorentzat ere. Fenomeno sozial eta politiko batzuk modu bertsuan erasaten digute bi hizkuntza komunitateoi. Hona liburuan aipatzen diren batzuk:

 

Lege-egoera eta eraso judizialak

Legezko egoera berdintsuak bizi eta pairatzen ditugu bi hizkuntza-komunitateok. Estatu bertsuen hizkuntza-politika murriztaileak, eta baita eraso judizialak eta supremazismo linguistiko espainiar edo frantsesaren erasoak ere. Azken urteetan, bestalde, Justizia-administrazioek, gure hizkuntzen biziberritze-prozesuak oztopatzeko neurriak etengabe hartzen jarraitzen dute.

Iparraldean edo Ipar-Katalunian egoera juridikoa bertsua da. Ofizialtasunik eza, batetik, eta, frantsesa ez diren hizkuntzek aurrerapausoak ematen dituztenean oztopoak. Molac legearen inguruan gertatzen ari dena oso argigarria da, Konstituzio-Kontseiluak murgiltze-eredua konstituzioaren aurkakotzat jo ondoren, azken berrien arabera, estatuak nolabaiteko errekonozimendua onartuko baitio, baina, ziurgabetasun juridikoa erabatekoa izanik. Nolanahi ere, nabarmendu beharra dago egoera okerragoan dagoela katalana Ipar Katalunian, euskara Ipar Euskal Herrian baino.

  • Transmisioa eta erabilera ia galduta.
  • Askoz ere harreman gutxiago Iparraldearen eta Hegoaldearen artean.
  • Hezkuntzan ere ahulago: Seaskak 37 ikastetxe eta 4000 ikasle ditu eta La Bressolak 8 ikastetxe eta 1000 ikasle inguru.

L’Alguerren katalanak badu errekonozimendu ofizial moduko bat, eta Aragoin eta Murtzian katalanak ez du babes ofizialik eta kontrako jarrerak oso gogorrak dira, duela gutxi Aragoiko parlamentuko debateetan frogatu ahal izan dugun bezala.

Beste eremu administratiboen katalana ofiziala da gaztelaniarekin batera. Kataluniako Printzipatuan dute egoerarik aurreratuena (EAEn bezala), estatuen murrizketak gero eta nabarmenagoak baldin badira ere. Valentziar Herriak eta Nafarroak badute antzekotasunik: oso eremu erdaldunduak, batetik, eta oso aurkako sektoreak, bestetik (antieuskaldunak hemen eta antikatalanak han). Balear irletan, azkenik, tarteko egoera batean daudela esan genezake.

Liburuan Xavier Vilak dioen bezala (Kataluniako Generalitateko gaur egungo Hizkuntza Politikako idazkariak) “Hizkuntza ezabatzeko helburuak indarrean dirau sektore askotan. Egoera honetan, supremazismo gaztelauaren helbururik behinena katalana “hizkuntza komunitarioa” bilakaraztea da, hots, hiritar gutxi batzuen hizkuntza partikularra, eta, “partziala”, funtzio batzuetarako bakarrik baliagarria”. Euskal Herrian ere, badira euskara, sektore batzuena eta leku eta funtzio batzuetarako bakarrik izan dadin ahalegintzen ari direnak, eta ez Nafarroan bakarrik.

 

Erabileraren galera

Han eta hemen kezka dugu erabileraren galera. Eta hiztun askok, zalantzarik edo zailtasunik txikienaren aurrean hizkuntzaz aldatzeko duten ohitura “hilgarria” hizkuntzarentzat. Eta kolokialaren beharra.

Gurean, kaleko erabilera 2006tik 2016ra % 13,7tik % 12,6ra jaitsi da. Jaitsiera handiagoa izan da, ordea, Herrialde katalanetan, eta ez da harritzekoa Plataforma per la Llenguahizkuntza-larrialdia”z hitz egiten aritzea, katalana ohiko erabilera-hizkuntza gisa dutenak 2005etik 2020ra % 40,2 izatetik % 32,5era jaitsi baitira. Gurea % 7ko galera izan da 10 urtetan, eta hangoa, %19koa 15 urtetan. Datuak ezin dira zuzenean konparatu, baina egoeraren larriaz ohartzen gara, batean eta bestean.

Iturria: Enquestas d’usos lingüístics 2005-2018. Grafikoa: El Punt Avui

Liburuko hainbat egileren ustez, katalanaren gaur egungo arazorik larriena da ohiko hiztunek hizkuntzaz aldatzea. Pere Comellasek dioenez, “Hizkuntza batek erregistro eta funtzio asko gal ditzake eta halere, eutsi. Baina, kolokiala galtzen badu, laster galduko du belaunarteko transmisioa. Hori ekiditeko hizkuntzaz ez aldatzeko ahalegina egin behar dugu eta horrek konpromiso poxi bat eskatzen du”. Euskaraldiaren moduko mezuak eta ohiturak zabaltzea, beraz, ezinbestekoa zaigu bi hizkuntza-komunitateoi.

 

Hezkuntza-sistema

Ez han eta ez hemen, hezkuntza-sistemak ez du bermatzen haur eta gazteen ezagutza egokia eta gutxieneko erabilera. Mercè Lorente Casafontek (@Casafont_r) argi azaltzen du egoera:

  • Murgiltze-sistema ez da behar bezala aplikatzen ari eskola askotan.
  • Eskola askotako patioko hizkuntza nagusia gaztelera da.
  • Zenbait gaztek eskolaldia katalana behar bezala menderatu gabe bukatzen dute.

Argi dago, hezkuntzan sakoneko aldaketak egin beharrean gaudela bai Herrialde Katalanetan, eta baita Euskal Herrian ere, gure lurralde-eremuetako haurrek euskara ikasi eta erabili ahal izan dezaten. Baina argi dugu guztiok ere, lan hori ezin dela eskolaren gain bakarrik utzi.

 

Botere publikoen inplikazioa, ekintza kolektiboa eta elkarlanaren beharra

Bi aipamen aukeratu ditut, ohartzeko, hango diskurtsoak eta hemengoak zein gertu dauden hainbat aspektutan:

Kontzientzia soziolinguistiko kritikoa piztea eta hiztun indibidualen ahalduntzea ezinbestekoak bezain ez nahikoak dira, beraiekin batera ez badira garatzen, batetik, botere publikoekiko presio iraunkorra, egiturazko aldaketak susta ditzaten, eta bestetik, katalanaren erabilerarako eremu ziur gehiago eta berriak sortaraziko dituen ekintza kolektiboa”. (Avel·lí Flors@aflorsmas)

Katalana da mehatxatutako hizkuntza guztien artean berreskuragarriena, politika publikoak eta ekintza kolektiboak elkarlanean arituz gero, era burutsu eta kementsuan”. (Isidor Marí@IsidorMari)

Askotan aipatu ditugun ideien oso antzekoak dira irakurri berri ditugunak: botere publikoen inplikazio handiagoaren beharra eta aktibazio sozialaren ezinbestekotasuna.

Eta behar bada, beste ideia bat ere erants genezakeen: arazo eta arazo-iturri berberak ditugun herrien arteko ekintza koordinatu eta komun gehiagoren beharra.

 

Erronka nagusi berdintsuak

Artikuluetan aipatzen diren erronka eta eginbehar sektorial gehienak, euskararen kasuan ere aipatzen ditugunak dira. Nagusienen artean: gazteak, etorkinak edo esparru digitala eta ikus-entzunezkoak. Hiru pasarte eskainiko ditugu:

Zergatik da katalanarena gure belaunaldiak baztertua duen borroka bakarra? Nola liteke guda guztien lehen lerroan egotea, honetan izan ezik? Katalanez hitz egitea bera, gaur egun, iraultza bat da, askok ez dutelako nahi bizi dadin, ez dutelako nahi hitz egin dadin. Eta berau hitz egitea, elebakartasunaren eta intolerantziaren aurka matxinatzea da. (@ModernetdeMerda twitter kontua)

Katalan hiztunak eta (oraindik) hitz egiten ez duten pertsonak elkartuko dituzten gune informal gehiago behar ditugu, non katalana izango den ohiko erabilera-hizkuntza (…) Desberdintasunen aurka egiteak eskatzen du baldintza sozialak sortzea, katalanez hitz egin nahi duen inor ez dadin geratu helburu hori lortu ezinik, hizkuntzarekiko sarbiderik ez duelako. (Marina Massaguer @MarinaMassaguer)

Digitalizazioak askoz ere testuinguru konpetitibo gogorrago batean kokatzen gaitu, baina katalanari eremu berriak ere zabaltzen dizkio. Eremu digitala/materiala dikotomiatik aldenduz, ziurta dezagun botere publikoek, paraleloan aurreratzea ahalbidetuko dieten estrategiak eraikitzen dituztela, eta bihur dezagun berau gure indargune nagusi. (Pol Cruz-Corominas @polcc).

Egoera honen ondorioz, Plataforma per la llenguak kanpaina bat abiatu du Emergència lingüística lelopean. Eta arestian, lurraldetasunaz eta hizkuntzak izen bakarra izatearen garrantziaz esandakoa ilustratzeko, aipa dezagun, kanpainaren bideoa 3 bertsiotan zabaldu dutela: Katalunia, Valentzia eta Balearrak.

Eta amaitzeko, Xavier Vilak (@vilafx), Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako idazkariak, Vilaweb-ek egin berri dion elkarrizketan (Argian irakur daiteke euskaraz), aipatzen dituen lau ideia nabarmenduko ditut, gure estrategiarekin oso bat egiten dutenak:

  • Adostasunak eta helburuak berreraiki behar ditugu, asmo handikoak eta lorgarriak”. Hizkuntza- politiketan zoru komuna, elkarlana eta jauzi baten beharra aldarrikatzen ari gara gu ere azken denboretan.
  • Azken hamarkadan, kolektiboki hizkuntzarekiko kezka bigarren mailan izan dugu. Lehentasuna beste bat izan da”. Hizkuntza agenda sozio-politikoaren erdigunera ekarri beharra, alegia.
  • Subsidiariotasunaren printzipioa: tokiko hizkuntzan egiten duzuna ez egin lingua franca-n”. Euskarari lehentasuna ematea, ahal den guztietan, alegia.
  • Hizkuntza guztiek behar dute hizkuntza nagusia izango den lurraldea, non funtzio batzuk bermatuak dituzten”. Arnasgune sozio.funtzionalen eta ariguneen garrantzia, azken batean.

Euskara eta katalana. Euskal Herria eta Herrialde katalanak. Hain desberdinak eta hain berdinak. Harreman eta elkarlan gehiago beharko genituzkeen bi herri eta bi hizkuntza-komunitate.

Kike Amonarriz Gorria @KikeAmonarriz