Select Page

Euskaltzaleen Topaguneak 20 urte

Argazki bat eskuratu genuen joan den astean; Eibarko …Eta Kitto! elkarteko lagunek pasa ziguten duela 20 urte Bilboko Kafe Antzokian ateratako argazkia. Hiru lagun ageri dira (tartean Axun Aierbe eta Fernando Muniozguren) eta atzean euskara elkarteen Topagunea dioen kartel handi bat.

1997an Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpena (…Eta Kitto! aldizkaritik)

Otsailaren 1ean bete dira 20 urte Euskaltzaleen Topagunea legez eratu zela. Ordurako ia 15 urteko historia zuen euskara elkarteen mugimenduak. 90. hamarkadan behin-betiko eztanda izan zuen mugimenduak eta federazioa sortu zuten aitzindariek. Ez zen nolanahiko urtea izan 1997a: martxoan beteko dira 20 urte Euskararen Unibertsoa jardunaldiak egin zirela eta urte bukaeran beteko ditu beste hainbeste Kontseiluak. Aholkularitzak ere hamarkada hortan ari ziren sortu eta abiada hartzen.

Hogei urtetan gauza asko gertatu dira eta euskalgintza ez da berdina.  Historia eta analisi sakonetan sar gaitezke, baina nire iritziz esanguratsuak diren lau joera aipatuko ditut:

  • Euskararen biziberritzean plangintzen aldia abiatu eta bere une gorenak ezagutu ditu urteotan
  • Zerbitzugintzak bilakaera handia izan du
  • Euskara teknikarien sarea ere nabarmen hazi da urteotan
  • Ikerketan urrats esanguratsuak eman dira, nahi genituzkeenak baino gutxiago izan diren arren

Hitz batean: profesionalizazioaren aldia bizi izan dugu, nahiz eta profesionalizazioa desorekatua izan den, bai geografikoki eta baita sektorialki ere (eta baldintzetan ere, noski).

Aipatutako joeretako batzuek eragin zuzena izan dute gizarte mugimenduetan. Euskalgintzako enpresa jardueren ugaritzeak, erakundeek probokatutako burokratizazioak, plangintza estrategikoen nagusitasunak, eragite eta sustapen lanen teknifikatzeak eta sistemak ezarritako lehia arauek ekarri dute besteak beste gizarte bulkada apaltzea.

Eta horrela gabiltza azken urteetan: euskaltzaleak ahaldundu eta boteretu nahian, plazak hartzeko aldarriak eginez eta aktibismoa berrindartzeko nahian euskaltzaleak aktibatzeaz berbetan.

Uste dut tokatzen dela berriro ere euskaltzaleen mugimendu aktibo baten beharra plazaratu eta indartzea. Eta horretarako, oinarria badago, elkarteak sortzen eta birsortzen ari dira, ekimen berri interesgarriak martxan jartzen. Azkenetako bat aipatzearren: duela aste eta erdi Araba osoko 50 gazte euskaltzalek egindako topaketa, esperientziak trukatu eta beraien arteko lotura berriak sortzeko.

Euskaltzale sareak indartzeko eta orain arte dinamika apaltzen lagundu duten faktore batzuei aurre egiteko, bi ideia:

  1. Eman eta aitortu funtzioa herritarren borondate eta militantziatik sortutako sareei
  2. Ahaldundutako euskaltzaleen taldeei utzi sortzen eta espazioa hartzen

Ez naiz joandako garaiak hobeak izan direnen nostalgiaz aritu zalea. Duela 20 urteko argazkia ikusten dudanean, ilusio handiarekin baina baliabide eta eskarmentu barik abiatutako mugimendua ikusten dut. Gaur egun, ilusioaz gain, jakintza metatua eta tresna ugari ditugu (baliabideak, nahi baino urriagoak). Baliatu ditzagun ilusioa, jakintza eta tresnak egiteko eta irabazteko asko baitugu oraindik!

Euskaltzaleen mugimendu aktiboa badago, kimu berriak ari dira sortzen; eman diezaiegun hauspoa!

 

(Iker Martinez de Lagos, Info 7 irratiko Gureaz Blai saiorako egindako kolaborazioa)