Select Page

Eragiteko JANZTEN

Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta  guneak

2021ean hasi ginen otsailetik maiatzera elkartzen, hilean behineko saioetan, euskararentzat etorkizun hobea nahi dugun hainbat gasteiztar. Zenbait saiotan metodologiak ezagutu genituen, beste batzuetan esperientziak, denetan gogoeta interesgarriak. Balorazio ona, aho-zapore goxoa eta gehiagorako gogoa geratu zitzaizkigun iaz. Horiek guztiek ekarri gaituzte aurten Eragiteko janzten izeneko ziklo honen bigarren edizioa antolatzera. Ezagutza, iritziak eta esperientziak partekatzeak aberatsago eta gure helburuetan eraginkorrago egiten gaituelako.

Ziklo honen helburua, beraz, gasteiztar euskaltzaleon (in)formazio, hausnarketa eta elkar ezagutu eta aberasteko une eta guneak eskaintzea da.

Otsailaren 22an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskaren etxean.

Gasteizko euskara jendea. Familia-argazkira nor gonbidatu? Bideratzailea: Irati Iciar Madinabeitia.

Gasteizko euskara jendearena familia-argazki jendetsua litzatekeela uste dugu, baina, nor gonbidatuko genuke? Marka da gero, hiri berean bizi izanda, askotan, senideek elkarren berri ez izatea, ezta?

Euskara jendea –egingo ez dugun argazki honetarako- hizkuntzaren egoerak kezkatuta etorkizun hobearen alde saiatzen dena da. Euskaltzaleak dira eragiteko asmoz guraso, langile, ikasle, aisialdi, kultura, kirola, euskara ,hedabide, gazte…talde edo batzordeetan elkarten direnak. Baina, zein dira? Zer egiten dute? Non? Ba al dute harremanik? Helburu komunik? Aurrera begirako asmorik? Zer beharko lukete horretarako? Bada aukerarik, elkarren berri izanda, lankidetzan aritzeko? Zertan?…
Ez dugu familia-argazkirik egingo, baina irudikatzen hasiko gara, aurrerantzean kide-senide guztiok elkarren berri izanda eraginkorrago izan gaitezen.

GEU elkarteko lehendakaria den Irati Iciar Madinabeitiak bideratuko du saioa, eta denon ekarpenekin nor garen eta zer egiten dugun argitzen saiatuko gara.

Martxoaren 29an, asteartea, 18:30ean, Sumendi espazioan (Judimendi).

Gazteak, auzoak…Periferian, bizirik eta bizi-gogoz. Txagorritxuko Zizta taldea, Sumendi, Judimendiko gazte asanblada eta Zabalganako euskara taldea ZET.

Gasteizko auzoak ez dira logela-auzo hutsak, ez horixe. Bizitza eta bizi-gogoa dituzte, eta auzotar askok, horietako asko gazteak, euskaraz bizitzeko eta euskara biziberritzeko asmoa ere bai. Auzoa da haien eremua, baina ez dira irla isolatuak, artxipielagoa osatzen dute eta Gasteiz du izena. Bada gure hiria hobeto ezagutzeko garaia, ezta?. Eta zer hobe egoera hori bizi dutenek kontatuta baino?
Txagorritxuko Zizta euskara taldea, Judimendiko gazte asanblada, SUmendi eta Zabalganako euskara taldea – ZETeko kideek gidatuko gaituzte haien bizi-esperientzietatik. Arabagara-Topaguneko Oskar Garcia de Bikuñak bideratuko du saioa.

ZIZTA EUSKARA TALDEA

Zizta Euskara Taldea Gasteizko Txagorritxu auzoko zenbait gazteren ekimenez 2015.urtean sortutako euskara taldea da. Auzoko gazteen hizkuntza inertzia eta ohiturak aldatzea helburu, umorea eta zirikatzeko gogoa lagun, askotariko ekimenak antolatzen ditu. Horrez gain, euskalgintzako zein herri mugimenduko bestelako eragileekin sareak sortzearen alde egiten du Zizta Euskara Taldeak.

JUDIMENDIKO GAZTE ASANBLADA

Judimendin diharduen gazte taldea, auzoko, Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriaren kezka eta beharrei erantzuteko eta auzoan euskararen erabilera sustatzeko 1999an jaioa. 2016az geroztik Sumendi espazio autogestionatua dute lokala.*

SUMENDI
SUmendi 2016an Judimendiko auzoan irekitako espazio autogestionatua da. Honen helburu nagusia aisialdi alternatiboa eta berezko espazio bat eskaintzea da, auzoko gazteen beharrak asetzeko eta auzokideei aukera ezberdinak emateko.

ZABALGANA EUSKARA TALDEA

Zabalganan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko asmoz euskaltzale talde batek sortutako taldea da Zabalgana Euskara Taldea (ZET). ZET-ek mota ezberdinetako ekimenak antolatzen ditu, adin guztietako auzokideentzat. Taldea irekita dago auzoan euskararen alde egin nahi duen edonorentzat

Apirilaren 26an, asteartea, 18:30ean, Salburuako gizarte etxean.

2040ko Gasteizko euskaldunak. Irudikatzen? Asier Etxenike eta Iñaki Martinez de Lunarekin.

2016an 15 eta 19 urte bitarteko arabarren ia %75 euskalduna zen (Eustat. 2016). Horiek 2040an 40 eta 45 adin tartean egongo dira. Zer gertatuko da bitartean? Eta gero? Hainbat dira horretan eragingo duten aldagaiak: hiztun tipologiak, ezagutza mailak, migrazioak, jarrerak, hezkuntza ereduak, kultur eskaintza/kontsumoa… Aurreikusi daiteke joerek hartuko duten bidea? Egoera hobetuko bada sakatu beharreko palankak zein diren jakitea komeni zaigu. Asier Etxenikek eta Iñaki Martinez de Lunak lagunduko digute horretan.

ASIER ETXENIKE UGARTE (Orereta, 1979), Soziologian lizentziatua (UNED). AZTIKER Soziologia Ikerguneko ikerketa eta berrikuntza arduraduna. Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreko kidea. Azken hamar urteetan hainbat ikerketa soziologikotan parte hartu du, adibidez, Euskarazko hedabideen audientziak (Guaixe, Anboto, Barren…), Arabarren euskara ezagutza, erabilera eta iritziak (2015) edo Gasteizko eskolaz kanpoko aisialdiaren azterketa (2020).

IÑAKI MARTINEZ DE LUNA (Gasteiz, 1950). Soziologian doktorea. EHUko irakaslea, Eusko Jaurlaritzako Eustat eta Prospekzio Soziologikoetan teknikaria, Soziolinguistika Klusterreko kide eta lehenengo lehendakaria, Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria, Garabide Elkarteko lehendakaria.

Maiatzaren 31n, asteartea, 18:30ean, Oihanerder euskararen etxean.

Kulturak egiten gaitu. Sortzaile, eragile, hizkuntza, harreman, espazio… aukerez. Solasaldia Miren Narbaiza, Edurne Azkarate eta Oihana Bartrarekin. Bideratzailea: Jon Sanchez.

Kultura da edozein komunitateren ispilu, adierazpide eta garatzeko berezko lurzorua. Gureari dagokionez, bistan da euskarazko kulturak eta euskararen erabilerak elkar elikatzen dutela, eta kulturarena, zorionez, ez dela ahulen dugun eremua. Hala ere, bertan goxo egotekoak ez garenez, saltsan dihardutenen ahotik jakin nahi ditugu dituzten ikuspuntuak, aukerak, beharrizanak, asmoak…

Irantzu Lekue disziplina anitzeko artista da, Miren Narbaiza musikaria eta Izar Mendiguren bertsolari eta kazetaria, baina, aldi berean, hainbat kultur egitasmoren eragile ere badira, eta izate horiek ikuspegi zabaleko begirada ematen diete. Hori gurekin partekatzera gonbidatu ditugu eta Jon Sanchez kazetariari solasaldia bideratzea eskatu diogu.

IRANTZU LEKUE (Gasteiz, 1987) diziplina anitzeko artista garaikidea eta kultur aktibista da. Haren lanak gizartearen kontzientziazioa bilatzen du. Hainbat teknika eta estilo landuz memoria, arrazismoa, gizarte alorreko bidegabekeriak, aldaketa klimatikoa, nortasunaren krisia edota emakumearen egoera jorratu ditu. Sorkuntza-ekoizpenari begira, pintura abstraktua eta figuratiboa beste hainbat teknikarekin uztartzen ditu: argazkigintza, eskultura kontzeptuala, instalazio artistikoak, bideoartea eta muralismoa. Bere instalazioetan eguneroko objektuak behin eta berriro erabiliz lortzen du haiei esanahi berria ematea, elkarreraginerako eta gogoeta kritikorako gonbidapen bihurtuz.

MIREN NARBAIZA (Eibar 1986) ikasketaz kazetaria den arren, musikari emana dabil aspaldidanik. Napoka Iria bikotean hasi zuen bidea eta ondoren etorri ziren Perlak, Dual Split, Drumkopters eta Joseba B. Lenoir taldeak. 2017an ekin zion bakarkako bideari MICE proiektuarekin.

IZAR MENDIGUREN (Laudio 1988) bertsolaria, kazetaria eta sortzaile anitza da, eta hainbat proiektu eta ekimen sortzailetako kide, betiere euskaratik eta euskaraz. Horrez gain, hainbat mugimendutan hartzen du parte: bertsolaritza, herri mugimendutan eta feminismoan. Musikari gisa zenbait proiektutan hartu du parte: ULUKA taldea, “Ertzetik” ikuskizuna edo euskarazko rap freestyle saio askotan. Lanbidez kazetaria da Aiaraldea komunikabidean non erredakzio taldeko kide ere baden. Aiaraldeko ekintzen faktoria izeneko kultur eta gizarte berrikuntzarako proiektuko kide da horren sorreratik bertatik.

JON SANCHEZ BARRADO (Altza, 1980). Euskal Filologia ikasteko aitzakiapean gasteiztartu zen, eta aitzakia horrekin berarekin hasi zen AEKn irakasle, itzultzaile eta zuzentzaile. KORRIKAren aitzakiapean hasi zen komunikazioan, eta horrek eraman zuen kazetaritza ikasketak egitera. Harrezkero, HALA BEDI irratian aritu izan da, baita ALEAn laguntzen ere. Komunikazioan jarraitzen du egun, aitzakiarik gabe.

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    + 3 = 12