Select Page

Eragiteko JANZTEN

Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta  guneak

Euskararentzat etorkizun hobea nahi dugun gasteiztar euskaltzaleok, aukerak behar ditugu gure amets komunei buruz hitz egiteko. Honetan edo hartan ekarpena egiten ari garenok, sarritan, informazio mugatua dugu, gure inguruan bertan mugitzen ari denaz, edo hemen eta han dauden proposamenez. Esperientziak, metodologiak, bizipenak, ikuspegiak, ikerketak, gogoetak,… ezagutzea eta partekatzea, horiek aberasteko bideak izateaz gain, gure ahaleginetan eraginkorrago izateko moduak ere badira.
Ziklo honen helburua, beraz, gasteiztar euskaltzaleei (in)formazioa eta hausnarketarako, elkar ezagutu eta aberasteko, une eta guneak eskaintzea da.

Hitzaldi zikloa Oihaneder euskararen etxean egin da 2021eko otsaila eta maiatza artean. Euskaltzaleen Topaguneak, Gasteizko GEU euskara elkarteak, Lazarraga kultur elkarteak eta Alea komunikazio taldeak elkarlanean antolatu dute zikloa, Gasteizko udala eta Laboral kutxaren babesletzarekin.

Bertan aurkituko dituzu hitzaldi zikloan landutakoak eta Alea komunikazio taldeak egindako hitzaldien grabaketetaren loturak. Bideo horietan hitzaldi ziklo osoa duzue eskura. 

Otsailaren 23an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskaren etxean.

ALDAHITZ ikerketa eta ULERRIZKETA metodologia. Pello Jauregi Etxaniz.

Pello Jauregi irakasle eta ikertzailea da, euskararen erabilera zabaltzeko Belarriprest eta Ahobizi kontzeptuen asmatzaile eta teorizatzailea ere bada. Soziolinguistika Klusterrak martxan jarri zuen Aldahitz ikerketaren zuzendaria da.

Aldahitz Ikerketak hainbat metodologia prestatu ditu azken hamar urteotan hainbat komunikazio-egoeratan euskararen erabilera sustatzeko. Horietako bat da Ulerrizketa metodologia. Aplikatzen da solaskide batek euskaraz aritzeko tarteko gaitasuna duenean. Solaskide guztiek, bai gaitasun ona dutenek bai tarteko gaitasuna dutenek, prestakuntza saio bat jasotzen dute elkarrekin, eta bertan ikasten dute nola eutsi euskarazko komunikazioari modu arin eta emankorrean. Hala, modu ulergarrian hitz egiteko estrategiak ikasten dituzte, batetik, eta ulertutakoa egiaztatzeko teknika aktiboak praktikatzen dituzte, bestetik.

Hitzaldiaren kronika eta bideoa (alea.eus)

Martxoaren 23an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.

BERRINDARTU ETA JAUZI txosten-proposamena, Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna (Topalabe taldea)

Bizi dugun abagune historiko honetan aukera dugu hizkuntzaren biziberritze-prozesuan jauzi kualitatiboa emateko. Aukera, eta baita premia ere, genituen erronkei, berriak gehitzen ari baitzaizkie, eta aurreko hamarkadetan aurreratutakoa indartzen, elikatzen eta zabaltzen ez bada, irabazitakoa galtzeko arrisku bizia baitugu.

Testuinguru aldaketa honetan, Topalabe taldeak Berrindartu eta jauzi izeneko txostena landu du, hurrengo hamarkadetan euskararen erabileran jauzi hori lortze aldera eman beharko liratekeen pauso handiak irudikatu eta lehentasunez jorratu beharko liratekeen esparruak identifikatu nahian.

Txostenak garrantzi handia ematen dio, luzera begira, lankidetza publiko-soziala eraikitzeko 3 zutabetan ezarri den oinarriari: administrazioen arteko lankidetza, erakunde publiko eta sozialen artekoa eta euskalgintza barrukoa.

Horiek esanda, jauzi handia gutxienez bi esparrutan eman behar dela azpimarratzen du txostenak:

  • esparru ez-formalean, gazteak hezkuntza-sistemaren barruan dauden bitartean irakaskuntza prozesuaren ezinbesteko osagarri izan dadin.
  • eta arlo sozioekonomikoan, hezkuntza-sisteman euskara biziberritzeko egindako ahaleginari segida naturala emango diezaion.

Eta horretarako ezinbestekoak izango dira instituzioen eredua eta gidaritza, euskal hiztun komunitatearen aktibazioa eta sektore guztietako entitateek protagonismoa hartzea.

Hitzaldiaren kronika eta bideoa (alea.eus)

Apirilaren 20an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.

Herritarrak eta euskara AKTIBAZIORAKO GAKOAK. Maialen Iñarra (Soziolinguistika klusterra) eta Zesar Martinez (EHUko Parte hartuz institutua) eta Salburua eta Abetxukuko euskara taldeak.

Tokian toki, hizkuntza-aktibazioa sustatzeko gakoak eta egin litekeen prozesua zeintzuk diren aurkeztuko dute hizlariek. Hau da, herritarrak euskararen jiran aktiba daitezen, zaindu beharreko gakoez jardungo dute, baita aktibazio horretarako egin litekeen prozesua azaldu ere. Emaitza horiek Soziolinguistika Klusterrak gidatutako “Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa” ikerketaren bidez jaso dira.

Saioaren bigarren orduan, Gasteizko Salburuako Sarburu elkartea eta Abetxukuko euskara elkartearen kideek haien aktibazio ikuspegiak azalduko dituzte. Hortaz, aukera izango da auzo horietako aktibazio prozesuak ezagutzeko, eta saioaren lehen orduan aurkezturiko gakoekin alderatzeko.

Hitzaldiaren kronika eta bideoa (alea.eus)

Maiatzaren 25ean, asteartea, 18:30ean, Oihanerder euskararen etxean.

Arabako esperientzia komunitarioak GASTEIZERAKO EREDU? Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaio, eta Lautadako Euskararen Komunitateko Oskar Garcia de Bikuña eta Jon Ruiz de Pinedo.

LAUTADAKO EUSKARAREN KOMUNITATEA.

Euskara erabiltzen duten edo gehiago erabili nahi duten Lautadako entitate egituratuen (kolektiboak, establezimenduak, lantegiak, herriak) eta taldeen (bikoteak, familiak, lagun-kuadrillak) bilgunea da. Komunitate hau Lautadako izaera ezberdinetako taldeak artikulatzeko gunea da. Taldea jartzen du erdigunean, hizkuntza-ohiturak ulertzeko eta aldatzeko sistema eraldatzaile gisa. Komunitateak mugimendu eragile eta iraunkorra izan nahi du. Nahi duten entitate pribatuak eta familiak eta lagun-kuadrillak Komunitatearen kide izan daitezke.

AIARALDEKO EKINTZEN FAKTORIA

Aiaraldea 2020 Gogoeta Estrategikoan JAUZI HANDI BAT egitea erabaki genuen. Hemendik aurrera herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan (aisialdia, kultura, hezkuntza, ekonomia…) euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzera goaz, gure balioekin bat egiten dutenak (tokikoak, komunitarioak, eraldatzaileak, eraikitzaileak, libreak, feministak…)
Epe luzera begira mantenduko diren proiektu indartsu, serio eta eraginkorrak, zeintzuetan langileak egongo diren eta boluntarioak ere egongo diren. Euskararen komunitate eraldatzailea gero eta handiagoa eta indartsuagoa izatea nahi dugu. Eta horretarako behar diren tresna guztiak sortuko ditugu.


Aiaraldeko eta Lautadako esperientzia komunitarioen berri izan ondoren, prozesu horietatik har litezkeen gako, irakaspen edo eta ereduen inguruko gogoetak partekatu, eta Gasteizko euskararen komunitatea irudikatu eta balizko URRATS KOMUNITARIO baten inguruko iritziak trukatuko dira.

Hitzaldiaren kronika eta bideoa (alea.eus)

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    17 + = 26