Select Page

Emisio Etena lanak irabazi du Benito Ansola V. Saria

 

Azaroaren 30ean ospatu zen Lekeitioko 42. Euskal Zine Bileraren barruan iragarri zen Benito Ansola V. Sariaren irabazlea. Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak Emisio Etena lana aukeratu zuten edizio berri honetako garaile, Arantza herrian frankismoari desafio eginez euskal kultura bizirik mantentzen zuen azken irratiari buruzko ikerketa lan sakona. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko ditu hamar hilabeteren barruan laburmetraia gauzatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Zine Bilerarekin batera bi urterik behin antolatzen duen Benito Ansola Sariak V. edizioa bete du profesionalizaziorako bidean dauden euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei laguntzen. Edizio berri honek hobekuntzak ekarri ditu aurreko edizioekin alderatuta. Azaroaren hasieran Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek jasotako lan guztietatik hiru finalista aukeratu zituzten epaimahaiaren eta publikoaren aurrean beraien lanak aurkezteko.

 

Lanen defentsa 42. Euskal Zine Bileraren barruan

Azaroaren 30a izan zen lanak defendatzeko eguna. Goizean hiru finalistek Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirre zuzendarien aurrean azaldu behar izan zituzten berain proiektuaren nondik norakoak egile bakoitzarekin izandako  bilera pribatu batean. Bertan epaimahaikideak proiektuaren inguruan izan dituzten zalantzak argitzeko beta ere izan zuten.

Arratsaldean berriz, Lekeitioko Kultura Etxean batu ziren publiko guztiaren aurrean lana berriz aurkeztu behar izan zuten.. Horretarako finalistek lana defendatzeko beharrezko materialak erabili zituzten.

Defentsa publikoak bukatu ostean, Lara Izagirre eta Amancay Gaztañagak Oier Fuentes egilearen Emisio Etena lana irabazle izendatu zuten. Poztasun eta besarkaden artean irabazlean 3.000 euroko txekea jaso zuen.

Lara Izagirre eta Amancay Gaztañagaren esanetan:  “Oso zaila izan da saridun bat aukeratzea. Aurkeztutako lanen kalitatea eta atzetik egon den lana oso maila handikoa izan da eta beraz denak saritzeko modukoak izan dira. Baina kontutan izan dugu batez ere, proiektuaren heldutasun maila eta momentu honetan bultzadarik handiena behar duena”.

Izendapenetik 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango du proiektua gauzatzeko. Emisio Etena datorren urteko 43. Euskal Zine Bileraren barruan estreinatuko da lehen aldiz.

 

EMISIO ETENA, airean galdu ziren uhin iraultzaileak

Oier Fuentes zuzendariak aurkeztutako Emisio Etena lana izan da irabazlea Benito Ansolako V. edizio honetan, historiak beste behin lurperatutako gertakari bat azaleratuz. Arantza Irratia izan zen frankismoari desafio eginez euskara hutsean kanpandorre batetik emititzen azken emisora parrokiala. Arantzako (Nafarroa) apaizek Elizaren hitza zabaltzeko aitzakiarekin, herritarrak informatu eta kultura hurbiltzeko tresna bat sortu nahi izan zuten auzolanean. 5 urtez zentsura gainditu zuen, indarrez itxi zuten arte.

Egilearen esanetan, “airean galdu ziren uhin iraultzaile haien arrastoa jarraituko dugu, bidean, egun desagertzear dauden bestelako komunikazio kodeak ezagutu eta bizi dugun garaiari buruz hausnartzeko, gurea ere ez dadin izan emisio eten bat”.