Select Page

Elgoibarko Izarraren aldeko Tonbola: opariak baino askoz gehiago!

 

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon TopaguneaAbenduan izaten da tonbola, abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi gurera etortzen diren egunean. 2016an antolatu genuen estreinakoz, Elgoibarko Izarraren autofinantzatze iturriaren emana nolabait sendotzeko helburuarekin.

Irten ginen plazara tonbolak zer emango zigun oso ondo jakin gabe, eta hasieratik ikusi genuen asmatu genuela. Hasieratik ikusi genuen herriko dendari, tabernari eta norbanakoek tonbolarako erregaluak emateko borondatea zutela. Hasieratik ikusi genuen enpresak dirua emateko prest zeudela, guk tonbolarako erregaluak herriko dendetan erosteko. Hasieratik ikusi genuen herritarrek tonbola estimatzen zutela eta boletorik gabe geratuko ginela – 3.000 boletorekin ekin genion, eta azken edizioan 9.000 saldu ditugu hiru ordutan -. Hasieratik ikusi genuen Elgoibarko Izarraren aldeko tonbola urtero antolatzeak merezi duela, lan handia bada ere.

Kalegoen plaza goraino betetzen da egun horretan. Adin guztietako umeak, umeen gurasoak, umeen aiton-amonak, gazteak eta ez hain gazteak, hemen jaiotakoak eta jatorri askotarikoak, euskaradunak eta euskararik gabekoak … Asko eta kolore guztietakoak gara tonbolaren bueltan biltzen garenak. Beharbada, Elgoibarko Izarrak antolatzen duen ekimen jendetsuena eta parte-hartzaileena izango da tonbola.

Asko ematen digu tonbolak. Diru iturria da Elgoibarko Izarrarentzat, eta herritar askok eta askok tonbolako erregaluak – 2.000, azken edizioan- besapean hartuta hartzen dute etxerako bidea egun horretan. Baina tonbolak ematen digun ederrena, zalantzarik gabe,  egun horretan Kalegoen plazan biltzen den jendetza eta han sortzen den giroa da.

 

Imanol Larrañaga / Elgoibarko Izarra Euskaltzaleen Topagunea